Askotan eztabaidatu ohi da Internetek eskaintzen dituen abantaila eta desabantailen inguruan. Erosotasuna litzateke abantaila nagusienetako bat eta segurtasun eza berriz, desabantaila nabarmenena. Bi irizpideok orekatzen dituen baliabidea jorratuko dugu erreportaje honetan: firma digitala, hain zuzen. Beroni esker, edozer kudeatu dezakegu etxetik mugitu ere egin gabe eta segurtasun osoz.
Sinadura elektronikoak ohiko sinaduraren funtzio bera du. Titularrak bakarrik ezagutzen dituen gako-hitz pribatuak erabiliz, mezuak bidali eta jaso ditzake, baita edozein transakzio mota kudeatu ere. Hala, bai igorleak eta bai hartzaileak dokumentu elektronikoaren konfidentzialtasuna onartzera derrigortuta daude eta era berean, hirugarren batek aldatu edo ordezkatzeko eskubiderik ez izatera konprometitzen dira. Eztabaidarik izanez gero, legearen aurrean froga gisa erabili ahal da informazioaren osotasuna bermatzeko.
Harreman telematikoa
Informazioaren egiletasuna onartzeko sistema bezala definitu daiteke firma digitala. Mezuak kodetu eta zifratzeko mekanismotzat uler dezakegu. Komunikazio guztietan bi aldeek gakoak ezagutzea ezinbestekoa da. Bete beharreko oinarriak honakoak dira: sinatzailearen kontrolpean bakarrik sortzea, igorritako datuak hari lotzea, aldeak legeztatzea, informazioaren osotasuna errespetatzea, konfidentzialtasuna bermatzea, teknikoki eta juridikoki ez gaitzestea eta frogatzeko indarra izatea.
Legez onetsia
Sinadura elektronikoa 1999. urteaz geroztik dago araututa Europako Batasunean. Espainiako Estatuan zehazki, sinadura horren izaera juridikoa Errege Dekretu Lege baten bidez dago araututa. Hain zuzen, erakunde espezializatuek ematen dituzte sinadura elektronikoaren ziurtatze digitaleko zerbitzuak. Erakunde horiek erregistro publikoan inskribatuta daude eta ziurtagiriak legez tasatuta daude. Hala, kalte-ordainengatik ardurak eskatzeko aukera dago.
2007-2008an NAN elektronikoa izango dugu
Jordi Sevilla Administrazio Publikoetako Ministroak Tecnimap jardunaldietan aurreratu zuenez, NAN elektronikoa 2005. urte hasieran ezarriko zen. Orain gutxi ordea, José Antonio Alonso Barne Ministroak esan duenez, NAN elektronikoaren sistema 2007ko bukaeran edo 2008ko hasieran egongo da prest. Dokumentu horrek, orain arteko balioa izateaz gain, sinadura elektronikoa izango du. Ekimen hori "Plan Conecta" izenekoaren barnean sartzen da, eta beronek 2007. urtea baino lehenago burutuko diren 43 proiektu hartzen ditu bere baitan. 84 milioi euro bideratuko dira ekimen horiek guztiak gauzatzeko. Administrazio Publikoetako Ministroaren esanetan, NAN elektronikoaren helburua izapideen %80a aurreztea da. Hala, herritarrak Administrazioari dagozkion kudeaketa guztiak burutu ahal izango ditu etxetik mugitu gabe.
Euskal Herrian ere posible da egun herritarraren eta Administrazioaren arteko harreman telematikoa, Izenpe ziurtapen elektronikoko erakundeari esker. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek sortutako erakunde horrek Internet bidez eragiketak inguru seguruan eta erabateko bermearekin kudeatzea ahalbidetzen du.
Administrazio eta herritarren arteko harremana 24 orduetan aktibo
Izenpe baltzu anonimoa da. Egiaztapen edo identifikazio erakunde honek noski, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna eta uko ez egitea bermatzen ditu. Helburu nagusia euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeen arloan, komu- nikazioetan segurtasun zerbitzuak, teknikoak eta administratiboak ematea da, teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez. Pertsonentzat edo erakunde publikoetarako zein pribatuetarako behar diren erabiltzailearen tituluak, ziurtagiriak eta txartel-euskarriak hornitzen ditu, baita zerbitzariko titulu edo ziurtagiriak ere.