Ana Urkijo: "Gizonei dena demostratu behar diegula ahazten dugun egunean, urrats handia emango dugu"
50 urteko bilbotar hau Abokatu Kolegioko Zuzendaritza Batzordeko lehen emakumea izan zen 1987an. Hiru urte beranduago Athleticeko zuzendaritzan sartu zen han ere emakumeei bidea irekiz. Egun Club horretako lehendakariordea da. Zuzenbide ikasketak Deustuko Unibertsitatean burutu eta berehala Rufino Urkijo aitaren bulegoan hasi zen lanean. Baina handik hiru urtera aita hil eta bulegoa bere esku geratu zen.
Zaila izan al zen zu bezalako abokatu emakumezko eta gaztearentzat aitaren bulegoari eustea?
Garrantzia handiko aferak eramaten zituen bulegoak eta ez nuen esperientzia handirik. Zilegi izango zen erronkari ez eustea baina ez zitzaidan burutik pasa ere egin. Urte zailak izan ziren, zakurrek bezala igeri egin behar izan nuen ez hondoratzeko, baina asko ikasi nuen. Lanean hasi nintzenetik 25 urte pasa dira eta zorionez gauza asko hobetu dira. Bidea gelditzen da oraindik egiteko, baina lan munduan egoteko nire modua nire alabarentzat eta datozen besteentzat lagungarri izango dela espero dut. Lan mundua gizonek egin dute, gizonentzako. Daukagun potentzialean sinesten dugun egunean, lan esparruan emakumezko ezaugarriekin sartzen garen egunean, gizonei dena demostratu behar diegula ahazten dugun egunean, funtsezko urratsa emango dugu. Orduan legitimazio osoa izango dugu eta ez haiek legitimatzen gaituztelako, guk geure burua legitimatzen dugulako baizik.
Baina badirudi emakumeak gizonen jarrerak hartzera behartuta daudela sarritan.
Akats handia da. Hori egin izana onartzen dut. Aita hil eta bere bezero batzuk aurrejuzkuak zituzten ni emakumea nintzelako. Ni ez nintzen Rufino Urkijo, ezta bere semea ere. Bere alaba nintzen! Orduan logikoa zen jarrera gogorrak hartzea.
Futbola gizonen mundua omen da. Nolakoa izan zen Athleticeko zure lehen etapa 1990etik 1994ra?
Ez ziren urte errazak izan. Haiek deitu zidaten baina gero nik nire tokia egin behar izan nuen. Haserretu ordez, ordurarte emakumerik ezagutu ez zuen munduan sartzen ari nintzela "onartu" nuen. Berriro ere juzkuen galbahetik pasa behar nuen. Haiek ezin zuten saihestu ni juzkatzea eta joko hori onartu nuen. Haserretik etengabe gauzak errebindikatzen aritzeak nekatu egiten bainau. Azkenean, alde egin nuenean lankideek nire tokia errekonozitu zidaten. Egun, ez naiz errekonozimenduaren zain egoten. Nire garapen pertsonalaren lorpen nagusienetakoa izan da, nire erreferente onena ni neu naizela jakitea. Eta ez dut harrokeriaz esaten, harrotasunez baizik. Barne borrokaren, autoexijentziaren emaitza izan da. Autoestimara iristeko bidea askotan kanpotik barrura egiten dugu. Nire bidea horrelakoa izan da, sarri kanpoko oneritzia behar izan dut. Baina zirkuitua aldatu egin da eta prozesua barrutik kanpora da orain. Emakumeak kontatu dioten guztian sinesteari utzi behar dio eta bere burua entzuten hasi.
Athleticeko bigarren etapa honetan zeure tokia egin behar izan al duzu berriro?
14 urte joan dira eta tartean zuzendaritza batzordean beste emakume batzuk egon dira. Orain Athleticen erabateko berdintasuna bizi dut.
Hori Klub barruan. Baina Klubetik kanpo? Taldearen ordezkari izatea egokitu zaizu partida batzuetan.
Egiten ari zarenaz konbentzitua bazaude eta eskubide osoz han zaudela sinestuta, parean dagoenak nabaritu egiten du. Turkiara, Besiktasen aurkako UEFAko partidara ni joan nintzen ordezkari. Ordezkarien bazkarian ni nintzen emakume bakarra. Turkierazko hitz batzuk ikasteko ahalegina egin nuen nire hitzalditxoan sartzeko. Horrekin bazkarian zeudenen adeitasuna lortu nuen. Nire hitzaldian Athleticeko lehoien eta Besiktaseko arrano beltzen inguruko glosa bat egin nuen. Amaieran ea Athleticeko zuzendaritzan beste horrelako emakume bat ba ote zen galdetu zidaten, fitxatu egin nahi zutela. Nik Fernando (Lamikiz) ez dut imaginatzen lehoiez eta arranoez hizketan, baina nik, emakume izanda, zergatik ez diot emango ukitu femeninoa? Nik ez ditut gauzak gizonek bezala egin nahi. Ez ditugu gizonak imitatu behar. Noski, badira ezaugarri imitagarriak dituzten gizonak. Aberastu gaitzakeen hori imita dezakegu, baina beti hori barneratuz eta produktua emakumeen erreferentetik landuz.
Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalariak ez dira profesionalak. Gizonezkoen futbol profesionalera gerturatzeko aukerak ikusten al dituzu?
Zaila da, erreferentea gizonezkoen mundu horretara iristea delako. Gauza askotan gizonak garatuagoak daude gauza horiek praktikatzen mendeak daramatzatelako. Guk praktikatu egin behar dugu eta horrek denbora eskatzen du, eta pazientzia. Baina begira tenisean emakumeek zein maila lortu duten.
Bi seme-alaba dauzkazu. Bizitza profesionala eta familiarra bateratzea zaila egin al zaizu?
Asko lagundu didaten senarra eta ama izan ditut eta haurrek ederki ulertu zuten euren ama, euren aita bezalaxe, lanera joaten zela. Zorte hori izan ez banu, agian zaila izango zitzaidan haurrak erantzukizunez haztea. Dena den, harritu egiten nau errealitatea nola makilatzen den ikusteak. Estatistikek diote lan absentismoa handiagoa dela gizonetan emakumeetan baino. Baina enpresariek norbait kontratatzerakoan esaten dute: "Emakume hau ama izan daitekeenez...". Lan esparruan sartu nahi duen emakumeak ezin badu ama izan, eta aukeratu beharrean aurkitzen bada, agian ama izateari uko egingo dio. Eta hori ez da emakumeen arazoa, gizaki guztien arazoa da. Emakumeak ama izan nahi duen ala ez aukeratzeko eskubidea dauka, baina ez luke ama ez izatea aukeratu beharko profesionala izan nahi duelako. Legislatzaileen lana behar du horrek eta gobernuek bultzatu behar dute. Aldaketa kosta egingo da eta legea beti dator ekintzaren ondoren. Baina iritsiko da.