Gipuzkoa da mundu osoan gaixotasun neuromuskularrik gehienetarikoa duena. Eta erasandakoen portzentaje altuenak Urola-Kosta eta Deba Beherea eskualdetakoak dira, 67 kasu milioi biztanleko hain zuzen ere -beste lekuetan milioi biztanleko hamar kasu diren bitartean-. Euskadiko Gaixo Neuromuskularren Elkarteen Federazioko lehendakariordeak, Antonio Alvarezek, esan zuen Euskal Herrian 4.000 gaixo inguru daudela, eta aipatutako bailaretan hainbeste kasu izatearen arrazoia gizarte "itxi eta homogeneoa" izanik, mendetan zehar familien artean izandako gurutzatzeak direla.
Ehun gaixotasun neuromuskular baino gehiago daude. Gehienak hereditarioak dira, eta beren ezaugarria da muskuluen funtzionamendu eskasa. Sintomarik nabarmenena ahultasun muskularra da, eta horrexegatik eguneroko keinu eta jarduerek ahalegin handia eskatzen diote erasandako gaixoari. Gaitz hauek ezezagunak dira gizartearentzat, Javier Conde atleta paralinpiko eta munduko markarik onenaren jabearen kasu bakanak salbu.
Zerk sortzen ditu gaitz horiek? ADNaren katean gene bat edo gehiago akastunak izaten dira, eta horrek eragiten ditu hainbat gaixotasun; normalean ebolutiboak izaten dira, ez daukate sendabiderik eta diagnostikoa bizitzaren edozein unetan egin daiteke.
Erasandako muskuluaren arabera, gaixoak barre egiteko zailtasunak eduki ditzake, betazalak eroriak, ibiltzeko eta lekuz aldatzeko oztopoak, noiznahi erori, deformazioak, bihotzeko arritmiak, edo ahoratu, arnastu nahiz irensteko zailtasunak, beste hainbat sintomaren artean.
Gaitz horiek ez dira sendatzen, baina sintomak asko arindu daitezke errehabilitazioarekin. Horregatik, erasandako gaixoek fisioterapia eta errehabilitazioa indartzea eskatzen dute behin eta berriz, eta Osakidetzak eskaintzen dituen ohiko zerbitzuen barruan sartzea.