Emakumea eta prekarietatea eskutik doaz


2007ko otsailaren 21ean

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) egin eta hiru hilero argitaratzen duen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, urte honen hirugarren hiruhilekoaren datu ofizialak -hau da, urteko azken datu ofizialak- aipatutako egoeraren adierazle dira. BAIk argi azaltzen du emakumeek lan-merkaturatzeko gogoa dutela, emakume langabetuak eta landunak batzen dituen jarduera-tasak inoizko mailarik altuena lortu baitu (%44,66). Denek ez dute enplegurik aurkitzen; ondorioz, emakumeen langabezia-tasa (%14,38) gizonezkoen tasatik (%7,87) urruti samar dago, nahiz eta langabezia askoz gehiago jaitsi den emakumeen artean (57.100), gizonen artean baino (4.200).

Aurrera egin baino lehen, datuak dagokien neurrian aztertzeko, azpimarratzekoa da Euskal Herri mailako Estatistikako Institutu Nazional euskaldunik ez izateak gure herrialdearen benetako datuak behar bezalako aldikotasunaz ikertzeko aukera kentzen digula. Kasu honetan, beste hainbestetan bezala, Espainiako INEren datu ofizialetara jo behar izan dugu ezinbestean; horrek Euskal Herrian bizi dugun egoera sozio-ekonomikoaren benetako irudia desitxuratzen du. Gehienetan bezala, Ipar Euskal Herriko errealitatea ilunpean geratzen da, ez dugulako bertako egoerari buruzko datu ofizialik.

Gizonezkoen eta emakumezkoen langabezia orekatzen ari da, ez, ordea, okupazioa

Urte honen hirugarren hiruhilabetekoak Hego Euskal Herriko langabetu kopuruaren jaitsiera ekarri du, BAIren datuen arabera. Horrela, 103.000 pertsona langabetu zenbatu ziren orotara, hau da, lau lurraldeen populazio aktiboaren %8,15. Okupatutako populazioak ere 9.700 pertsonako hazkundea izan du urteko bigarren seihilekoari dagokionez, guztira 1.029.300 pertsona bilduz. Esan beharra dago hirugarren hiruhilekoko langabeziaren jaitsierak emakumeen kopuruetan eragin duela batez ere, 6.600 langabetu gutxiago eraginez.

Ondorioz, emakumeen eta gizonen arteko langabeziaren banaketa orekatu egin da joan den hirugarren hiruhilekoan eta emakumeen %49,80 eta gizonen %50,20 gainditu ditu. Okupazioaren arloan, aldiz, ez dago aipatutako orekarik. Pertsona landunen gehiengoa gizonezkoek osatzen dute (%59,20), emakumeen kopuruarekin alderatuz (%40,80). Generoak bereizketak ezartzen ditu populazio aktiboaren gaineko langabezia-tasan, emakumeen kaltean betiere. Horrela, Nafarroan emakumeen langabezia-tasa %6,55koa da, gizonezkoen %3,11koaren aldean. Araban, emakumeen tasa %10,16koa da eta gizonena %5,92koa. Gipuzkoan, emakumeen langabeziaren ehunekoa 8,52koa da eta gizonena %5,70ekoa. Azkenik, Bizkaiko emakumeen langabezia-tasa %12,03koa da eta gizonezkoena %10,17koa.

Aldi baterako lan prekarioa

Joan den hirugarren hiruhilekoan emakumeen langabezia-tasa jaitsi eta lan-merkatuaren bilakaera positiboa izan bada ere, sindikatu guztien iritziz, sortzen ari den enplegua aldi baterakoa eta prekarioa da, bereziki larria dena emakume eta gazteen kasuan, behin-behinekotasuna nabarmen areagotu baita. LAB sindikatu abertzalearen arabera, Hego Euskal Herrian sinatutako kontratuen %92,3 aldi baterakoak ziren (%93 emakumeen artean eta %95,1 gazteen artean). ELAk, bestalde, urteko lehen seihilekoari dagokion koiuntura txostenean adierazi duenez, behin-behinekotasun indize altuak %0,2ko gorakada izan du tarte horretan; gainera, hirugarren hiruhilekoko bilakaera antzekoa izan da, ikusi dugun bezala. Ebentualtasunak eragin apalagoa du gizonezkoen artean (%24,9), emakumeen artean %35,5ekoa delako.

Berdintasunik ez etxeko zereginen banaketan

Argazkia osatzeko, emakumeek pairatzen duten soldata-bereizkeriari buruzko datuez gain (ezkerreko orrialdeko koadroan zehaztuak), ezin ahantz genezake emakumeek familiaren baitan bikotekide edo bizikideen partetik bizi duten bereizkeria. Denon begi bistan da etxeko arduren banaketa ez dela ez bidezkoa, ez parekatua emakume eta gizonezkoen artean. Era berean, egungo osasun eta gizarte zerbitzu publikoen gutxiegitasunak ezin batera dezaketen lanaldi bikoitza izatera behartzen ditu emakumeak.

Emakumeen Munduko Martxa 2005, berdintasunaren alde
Mugimendu feministak, zenbait emakume talde eta mundu osoko sindikatuak, baita Euskal Herrikoak ere, dagoeneko 2005erako Munduko Martxa prestatzen ari dira. Berriz ere, berdintasuna eta justizia izango dira martxaren aldarri nagusiak. Euskal sindikatuei dagokienez, gehiengo sindikalak osatutako plataformak -ELA, LAB, ESK, STEE EILAS eta EHNE- emakume langileen eskubide guztiak bermatu eta kontuan hartzeko lan- eta gizarte-esparrua lortzeko bidearen negoziazio kolektiboaren aldeko apustua egin du.

Horrela, sindikatuek lan-merkaturatzeko baldintzen parekotasuna eskatzen dute, edozein kategoria eta lanbidetara jotzeko berdintasunarekin batera. Enplegu iraunkorra sortu eta mantentzeko enplegu-planak aldarrikatzen dituzte ere, emakumeentzako lanaldi osoak eta kalitatezko lanpostuak, modu horretara behin-behineko kontratazioa, malgutasuna, azpikontratazioa, soldata-eskala bikoitzak eta kontratazio eza erauzteko. 35 orduko lanaldi murrizketa ezinbesteko baldintzatzat jotzen dute, aberastasunen eta lan guztien bidezko banaketa, zainketa zein enplegu lanei dagokiena. Era berean, lan- eta gizarte-eredu justu eta solidarioa ezartzea exijitzen dute.

Pareko soldatak izatea, "femenino" izendatutako kategoriak desagertzea eta lanpostuak genero ikuspegitik baloratzea plataformaren eskakizun dira ere. Emakume nekazarien enpleguak eta ustiapen txikiak defendituko dituzten nekazaritza ereduak erreklamatzen dituzte. Horrela, emakumeek lan- eta gizarte-esparru guztietan presente izan, parte hartu eta erabakiak hartzeko eskubidea izatea aldarrikatzen dute; emakumeek egindako soldatarik gabeko zainketa lanak baloratzea eta gizon-emakumeen erantzukizun partekatua bermatzeko neurriak ezartzea.

Sindikatuek administrazio publikoen erantzukizuna exijitzen dute ere, behingoz ezar dezaten pertsona orok asistentzia izateko duen eskubide unibertsala, etxeko asistentziarako aukera unibertsala, 0-3 urte bitarteko haur-eskolen sare publikoa, baita baliabide horietarako beharrezkoak diren egoera guztietarako egoitzak. Enpresei lanaldien murrizketa eta adin txikikoak edo etorkizuneko estaldura sozialen galerak eragingo ez dituzten pertsona dependenteak zaintzeko lan-utzialdiak gauzatzeko tresna guztiak ezartzea eskatzen zaie.

Sindikatuek ez dute sistema fiskala ahantzi, bakarka eratutako aberastasunen osotasuna baloratuko duen sistema eskatzen dutelako, emakumeek arlo pribatuan egindako zainketa lana (gizarte-lana) eta lan formalaren errenta kontuan izango dituena. Azkenik, euskal sindikatuek administrazio publiko, enpresa eta sindikatuen inplikazioa exijitzen dute, emakumeen aurkako bereizkeria edo edozein ekintza iraingarri erauzteko beharrezkoak diren bermeak ezar daitezen, arreta berezia eskainiz sexu jazarpenei eta lan- eta gizarte-esparruan gerta litekeen beste edozein genero-indarkeria motari.

Soldata bereizkeria izugarria
Hego Euskal Herriko soldatapeko gizonen urteko soldata gordina, batez beste, emakume langileena baino %36 handiagoa da. INEk 2002ko datuekin berriki argitaratutako Soldata-Egituren gaineko azken Inkestak hala azaltzen du. Ikerketa horri esker, LAB sindikatuak Hego Euskal Herriko emakume langileek pairatzen duten lan-bereizkeriari buruzko txosten zabala egin du.

Ikerketa horren arabera, Nafarroako gizonen urteko soldata gordinaren batezbestekoa emakumeena baino %38,9 handiagoa da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, gizonezkoek emakumeek baino %35,3 soldata handiagoa dute batez beste. Sindikatu abertzalearen iritziz, asko eta era askotarikoak dira emakumeen bereizkeria eta soldata mailak baldintzatzen dituzten faktoreak. XXI. mende hasieran sortutako enpleguaren gehiengoa, emakumeak bezala lan-merkatu ofizialetik at egondako okupazio ez kualifikatuetan eta gizarte taldeetan bildu zen. Testuinguru honetan, emakumeen laneratzea oso baldintza prekarioetan gauzatu zen, aldi baterako edo lanaldi erdirako kontratuen bidez, sektore feminizatuetan eta gaizki ordaindutako okupazioetan. Neurri batean, horrek emakumeen batezbesteko soldata gizonezkoena baino txikiagoa izatea azalduko luke. Gainera, bada patronalak aplikatzen duen beste soldata-bereizketa mota bat, inolako jarduera-sektore, kategoria profesional, kontratu-eredu edo lanaldi iraupenen erabateko mendekotasunik ez duena.

Bereizketa hori sektore guztietan ageri da, mailarik larriena zerbitzuenean lortzen badu ere: batez beste, gizonezkoen soldata gordina emakumeena baino %41,2 handiagoa da. Beste sektoreetan, aldea txikiagoa den arren, larritasunak bere horretan dirau. Esaterako, Nafarroan, Industrian lan egiten duen gizon baten soldata sektore bereko emakume batena baino %31,8 handiagoa da; Eraikuntzan, gizonezkoen soldata %33,1 handiagoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan, Eraikuntzan lan egiten duten gizonek emakumeek baino %26,7 gehiago kobratzen dute, eta Industrian, %25,9 gehiago.

Soldatak kontratu-motaren arabera aztertuz gero, aldea izugarria da eta aldi baterako enpleguen soldatak oso txikiak dira (II Taula). Horri emakumeen ebentualtasun-tasa gizonezkoena baino altuagoa dela erantsi behar zaio. Sindikatu abertzalearen arabera, aldiz, aldagai erabakitzailea lanaldi-mota da. Parterik txarrena emakumeei dagokie, 2002an lanaldi erdiko soldatapeko populazioaren %80 baitziren. Eurek egiten dutenez etxeko zereginen %75,2 (EUSTATeko 2003ko datuen arabera), lanaldi laburreko enplegu prekarioak onartu behar izaten dituzte ezinbestean. Era berean, kontratu-motak aztertzeko orduan, kontuan izan behar da aldi baterako kontratupeko pertsonek lan-kontratu finkodunek baino gutxiago kobratzen dutela. Azkenik, esan beharra dago prekarietate eta bereizkeria egoerok arazo erantsia sortzen dutela, izan ere, kotizazio sozial txikiagoei lotzen zaizkielako; ondorioz, eragin zuzen eta kaltegarria dute etorkizuneko prestazioetan (pentsioak, langabezia, eta abar).


Azkenak
Nafarroako AHTko lanetan esklabotza egoerak daudela salatu du AHT Gelditu elkarteak

Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.


Trumpen eta fiskal demokraten arteko borrokak migratzaileen deportazioa oztopa dezake

AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.


2025-01-24 | Julene Flamarique
Genero indarkeriaren biktima den emakume baten eta haren bost alaba-semeen etxegabetzea salatu dute Burlatan

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]


“Nazionalismo feminista da aukera bakarra”

Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]


June Egino (GKS)
"Gerren ondorioz ezarritako austeritate politikek gogor kolpatzen dituzte langileak”

‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.


2025-01-24 | Sustatu
TeknoTrump albisteak: Oligarkekin bat, Stargate AA ekimena, eta TikTok luzapena

Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]


2025-01-24 | Gedar
Europako gastu militarra, eztabaidaren erdigunean Davosen

 Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Lapurtarren Biltzarra ez dute ospatuko aurten

Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ordoñezen hilketa, “Oldartzen” eta “Alternatiba demokratikoa”-ren testuinguruan

Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Eguneraketa berriak daude