argia.eus
INPRIMATU
Anoeta Kodea
Xabier Aierdi 2007ko otsailaren 21a

Dan Brown, Da Vinci Kodearen egileak bere bigarren best-sellerrean, Aingeruak eta deabruak, hauxe dio: bihotzak desiratzen duena ikusten du buruak. Hori gertatu da Anoetako bilkurako status nascendian. Francesco Alberoniren ustez, fenomeno sozialak bi fase ditu: bata, karismatikoa; bestea, instituzionala. Anoetan antzeztu zenak status nascendiaren -garai karismatikoaren- osagai guztiak izan zituen. Mezu oso bat zabaldu gura zen eta horretarako elementu erritual guztiak jarri ziren taula gainean: mezu berriari, halako eszenifikazioa, olibondo orri eta guzti. Han zeuden profeta berriak eta eraldaketa legitimoki jaio zedin profeta zaharrak ere, hauexek baitira gune sakratuen zaindariak, ze zeremoni honek asko zuen sakratutik. Edo sakratua berriztatzetik?

Kontua da, beraz, zer ezkutatzen den Anoetako Kodearen atzean? Zer ikusi behar da? Bihotz desioak? Ez dakit guk ere Robert Langdon -Dan Brownen protagonista sustantzia-bakoa- bezalako kriptografo bat bilatu beharko dugun. Euskal gizarteak testu diafanoa nahi zuen, baina badakigu ere testu eta akto fundazionalek neurri handi batean polisemikoak izan behar dutela, bakoitzak testuan bere desioa proiektatu eta Kardinalen Kolegioak nahi duen erara erabil dezan: bake prozesu baten hasiera ikusi gura izan dutenek horixe ikusi dute, berrikuntzarik ikusi ez dutenek ez dute ezer ikusi, betiko leloak direla diotenek berean jarraitzen dute, eta ...

Nolanahi ere, aspektu marjinal batera mugatuko naiz. Joan den astean, Euskadi Irratitik, Erroman zegoela, Arnaldo Otegi entzun nuen eta berak zioena honela labur daiteke: "Guk urrats erabakigarri bat eman dugu, orain gainontzekoei dagokie fitxa mugitzea, eta horren esperoan gaude". Egia esan, pentsamolde logika honek zeharo aspertzen nau, logika horretan ez baitut aldaketarik sumatzen, baina seguruenik Arnaldo sintzeroa da eta benetan sinetsita dago kristoren urratsa eman duela.

Nire usterako Anoetako testuaren literalitatea deprimentea da eta bere balioa bere jendeak bihotzean duenaren araberakoa da. Jendea, herria, populua, bihotz onekoa izaten da gehienetan, eta Anoetako Kodearen atzean "zerbait egosten" ari dela sinetsi nahi du, hau da, pentsatu gura du banbalinen atzean egon badaudela elkarrizketak, negoziazioak, zubiak, edo, gure artean oso ohiko bilakatzen ari den termino hori, "sukalde lana". Kontua da, ia denontzat menurik egongo ote den ala, gehienetan bezala, batzuk ahituta eta besteak goseak hilik geratuko diren.

Nire bihotz desioak berrikuntzaren zain daude, baina urratsak ez dira aspaldiko yenka dantzari dagozkionak, bat aurrera eta beste bat atzera, inork urratsak eman behar baditu Batasuna da, ez da nahikoa eman duenarekin, askoz atzeragotik hasi baita.

Batasunaren hainbat ideiaren atzean eta historikoki izan duen garrantziaren atzean ez dago ideia edo proposamenen balio intrinsekoa, defendatzeko modu militarraren indarra baino. Batasunako kideen eta noski ETAren -aldagarri independentea?- benetako trantsizioa bakoitzaren botoak "bat", bakarrik "bat", balio duela onartzetik etorriko da. Euskal Herriko aniztasun ideologiko eta nazionala, hiru administrazioren existentzia, eta beste hainbat gauza ebidente baino garrantzizkoagoa da onartzea ez dagoela boto koalitatiborik, hori da benetako tragedia, zer gutxi garen onestea.

Beraz, ez da urrats nahikoa bake bide bat zabaldu eta -besteen bizitzarekiko daukagun omnipotentzia adierazteko- bonba lapa faltsuak jarri edo kale borroka eragitea, ze oraingoan hoztuko diren bihotzak Batasunako fededunenak dira. Besteenak aspalditik izoztuak daude. Bide luze honetan, hainbat ibiliko da harri koxkorrak edo handiak jartzeko asmoarekin, baina nahikoa du Batasunak bereak kentzearekin. Hortik aurrera, Anoetako Kodeak Itun Berria eta legokiokeen Eliza -ezker abertzale duin eta zabal bat- ekar ditzala. Ea bihotzeko desioetatik haratago errealitaterik dagoen!