Urretxu eta Zumarragako euskara. Zaharrenen ahozko altxorra ondorengoei CDan utzia

  • Xabier Lasa filologoak eta Urretxuko Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkarteak paratu dute Urretxu eta Zumarragako euskara lana. Kultura ondarea eta hizkera jasotzeko bekari erantzunez ekin zioten aspaldiko asmo bati: herriko hizkera, istoriak eta kontakizunak bildu; eta Urretxu eta Zumarragako euskaldun elebakarren lekukotza jasotzea, berandu baino lehen. Emaitza euskarri idatzian eta CDan argitaratu dute.

2021eko uztailaren 27an

Urretxu eta Zumarraga euskaraz bizi ziren antzina, batik bat nekazari ziren garaian, baina orain dela pare bat mende ezkero, industrializazioarekin bat, gaztelania eta euskara elkarrekin eta lehian izan dira. Hizkera kutsatu gabe gordetzen dutenengana jo dute aztertzaileek, beren herrietako ohiturazko altxorraren bila. Horiek horrela, egileak berak lanaren hitzaurrean jaso duenez "hizkuntza egokitzen" jakin behar dugu, ez baita berdin testuinguru formal batean eta informal batean hitz egitea. Gaurko gazteek euskara estandarra baino ez dakite eta horren kariaz, zenbait esparrutan, euskaraz egokitzeko biderik ez dutelako, gaztelaniaz jarduten dute.

Zer jaso den eta zertarako

Euskara aberasteko eta hainbat esparrutan baliatzeko egindako lana da hau. Baita Urretxuko eta Zumarragako herriko hizkeraren ezaugarrien berri jasotzeko ere. Kontu zaharrak eta ohiturak, herriko kulturaren ezaugarriak bildu dituzte hona. Baina lehenik eta behin, aztergaia kokatu behar izan zuten, eta horretarako euskaldun dialektologoek egindako lanak arakatu. Urretxu eta Zumarraga Azpeitiko taldean sartu zituen Bonapartek, baina Zegamako hizkerarekin mugan oso. Azkoitiar Pedro Irizarrek Zegamako hizkeran sartu zituen ondoren, aditzaren morfologian zuten antzekotasuna aitzaki. Koldo Zuazoren arabera bi herri hauetako hizkerak Goierriko hizkera eta Urolaldekoa lotuko lituzke.

Erdiko zatian Urretxuko eta Zumarragako hizkeraren deskripzio zabala jaso du Lasak. Bokalek eta kontsonanteek dituzten bilakaera fonetikoak ahozko hizkeran oinarriturik, bokalak eta kontsonanteak nola esaten ditugun. Azentua aztertzerakoan aditza eta izena hartu dituzte oinarri. Ondoren izenaren eta aditzaren morfologia, sintaxia edo joskera eta lexikoa. Eguneroko hizkeran erabiltzen diren hitzak jaso dira hiztegitxoan, esapide, esamolde eta onomatopeiak ere bai.

Elkarrizketak eta argazkiak

Zer nahi zuten argi antzean zuten egileek baina hori guztia nola bideratu? Lan hau egiteko oinarrizko tresna elkarrizketa izan da. Banako elkarrizketak egin ditu Xabierrek baina tarteka bi lagunekin ere aritu da, "eta emaitza oso positiboa izan da". Binakako elkarrizketetan intonazio eta esamoldeak jaso ahal izan ditu, besteak beste. Zenbait kasutan elkarrizketa soiletatik jasotako informazioa ez da nahiko izaten »aditzaren edo izenaren morfologia jasotzerakoan batik bat», eta galdetegi zehatzak egin behar izan ditu. Galdetegiak elkarrizketak baino astunagoak izaten ei dira eta horregatik pertsona gazteagoak aukeratu dituzte horretarako, hirurogei urte ingurukoak. Gainerakoan lau ezaugarri bete dituzte elkarrizketatuek: 60 urtetik gorakoa izatea, Urretxu edo Zumarragakoa izatea, Euskaraz alfabetatu gabea izatea eta buruz argi egotea.

Grabazioak egiteko hasieran zintak erabili zituzten baina soinuaren kalitatea zela eta, euskarria aldatu eta disko txikiak erabiltzea erabaki zuten. Soinu eta irudi grabazioak elkarrizketetan eta baserrietako bisitetan izandako solasaldietakoak dira. Urretxu eta Zumarragako baserrietako, familietako argazki zaharrak eta kalean egindakoak ere ikus daitezke lan honetan, azterketa linguistikoaren osagarri.

Xabier Lasa: «Elkarrizketatuak hiltzean hilko den hizkera biltzea izan da garrantzitsuena»
Xabier Lasa euskal filologian lizentziaduna eta Elgoibarko Ermuaran Bide Ikastolako irakaslea da. Elgoibarren bertan jarri dugu zita eta liburuaren inguru-mariez egin diogu galde.

Zergatik liburu hau? Zergatik bildu duzu Urretxuko eta Zumarragako euskara?
Zintzo Mintzo Euskaltzale Elkarteak beka baterako deialdia egin zuelako ekin genion lan honi batez ere. Horrezaz gain, ama Brinkolakoa, Legazpikoa dut eta nik hango euskara ikasi dut. Hori, ordea, ez da nire herriko hizkera. Txikitatik arreta ematen zidan nire bi amonek ez zutela berdin hitz egiten eta horregatik betidanik izan dut bi hizkera horiek aztertzeko gogoa. Abiapuntua, beraz, beka izan da baina asmoa betidanikoa.

Zein dira Urretxu eta Zumarragako euskararen berezitasunak?
Bi herriak oso erdaldunduak dira. Kalean bertako hizkerarik ez da entzuten, baserritarrek bakarrik gorde dute. Batuan gehiago egiten da, gazteek esaterako horixe ikasten dute ikastoletan, baina kalekoa, bertakoa, nekazari eta mendi auzokoa adinekoek baino ez dute gorde. Kaleko hizkerak ez du berezko nortasunik baserrikoaren aldean.
Bertako euskarari dagokionez, i eta u bokalen ondoren mugatzailea ez da e bihurtzen, hau da, inguruko herrietan lagune, ogie esaten da baina ez hemen. Gurean ogiya egiten da. Inguruko herrietan, Azkoitian eta Ezkion bai baina Zumarraga-Urretxun ez da lege linguistiko hori betetzen. Kontsonante epentetikoa ere oso erabilia da, iya esaten da, u eta a artean ere sartzen da b epentetikoa, eskuba esateko. Joera hori oso da bitxia, Villabonan, Adunan eta inguru horietan ohikoa da baina hemen ez. Haura erakuslea fosilizatuta dago, ez da hauraxe erabiltzen. Aditzean ere bada berezitasunik, Goierri aldeko tankeran jokatzen baita, gertuago dago hortik Azkoitia eta Zumaia ingurutik baino.

Zertarako nahi zenuke erabiltzea zure lana. Hau da, zer izan duzu helburu nagusi?
Deskubritu ez dut ezer deskubritu, kalean zegoena jaso baitut, baina materiala biltzea izan da garrantzitsuena. Hizkera hori, elkarrizketatuak hiltzean hilko dena, jasotzea zen garrantzitsuena. Oraindik euskara horrelako azterketetan ez da asko landu eta inguru hori nahiko ilun egon da. Horregatik, materiala bildu eta horri argia ematea izan da asmoa.

Euskara zuzena, egokia eta jatorra (ona) hainbat aldiz izan dugu hizpide azken egunotan. Zuk zeuk lan honen hitzaurrean diozu garrantzia berezia eman diozula euskara egokiari. Zergatik?
Euskara egokia egoera eta testuinguru bakoitzari ongi lotzen zaiona da. Azken batean, kaleko hizkera galtzean egoera informaletan euskaraz jarduteko modu bat galdu dugu. Urretxun eta Zumarragan euskararen erabilera oso txikia da. Jakin jende askok daki, kopurua nahiko altua da (%45), baina erabilera oso bestelakoa da, %22koa. Erdalduntze prozesu handia gertatu da bi herrietan, baita Legazpin eta inguruetan ere. Kalitatea ere galdu egiten du erdaldundu ahala. Berriemaileen hizkuntza kalitate onekoa dela iruditzen zait, konplexuak dituzte baina auzo eta baserrietan gorde da.

Nolako etorkizuna izango du Urretxu eta Zumarragako herriko euskarak?
Ikastolak, gau eskolak eta euskaltegiak sortu zirenetik mugitu dira baina bertako euskarak ez du oso etorkizun luzea, galdu egingo da. Hori, ordea, ez da hain dramatikoa. Bertako euskara ez da nortasun berezi eta handikoa, erdaldundu ere azkar egin baitzen. Norteko trena sartu zenetik XIX. mende erdialdean 1920rako erdaldun asko zegoen inguru honetan. Bertako euskarak ez du iraungo, baserri inguruetan ez bada eta belaunaldi berriak goierritar hizkera jasotzen ari dira.


Azkenak
2025-02-24 | Behe Banda
barra warroak
Arma, tiro, pun

Lau mila karaktere ditut kontatu behar dudana kontatzeko. Esan behar ditut gauzak argi, zehatz, soil, eta ahalko banu polit, elegante, egoki. Baga, biga, higa. Milimetrikoki neurtu beharra dut, erregelaz markatu agitazioa non amaitzen den eta propaganda non hasi. Literarioki,... [+]


Mezu argia helarazi diete: Errenteria-Oreretan ez duela faxismoak lekurik

LGTBIQ+ banderaren itzalpean eta mezu eta doinu antifaxistez inguratuta jarri du karpa Voxek.


2025-02-24 | Sustatu
Euskorpus proiektuak hautsak harrotu ditu

Euskorpora elkartearen eta Euskorpus proiektuaren abiatzeak hautsak harrotu ditu. Pello Otxandiano EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko oposizio buruak Euskorpusena akatsa dela uste du, "ezjakintasuna edo estrategia klientelarra". EH Bilduk galdera sorta egin du... [+]


Diario de Noticias de Álava egunkariko langileen salaketa
“Adimen artifiziala horrela erabiltzea kazetaritzari eta irakurleari iruzur egitea da”

Diario de Noticias de Álava (DNA) egunkariko langileak sinadura greban daude, eta aspaldi ari dira beren lan baldintza “miserableak” eta horiek kazetaritzaren kalitatean duen eragina salatzen. 2013tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik erosahalmenaren %30... [+]


Frantziako Estatu Kontseiluak Palestinak irabaziko du Kolektiboaren desegitea onartu du

Okzitaniako Tolosako elkartea da aipatu kolektiboa eta Frantziako Gobernuak dekretuz desegin zuen 2022an. Orain Estatu Kontseilua gobernuaren erabakia egokia dela berretsi du.


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Eskoziako Lur Garaietan otsoa sartzea klima-larrialdirako onuragarria izango dela iradoki dute

Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]


Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Hiuzz + Bloñ + Adur
Lete ravero bat Iruñean

Hiuzz + Bloñ + Adur
Noiz: otsailaren 15ean.
Non: Iruñeko Aitzina tabernan (Egun Motelak kolektiboa).

--------------------------------------------

Larunbat goiza Iruñean. Neguko eguzkitan lanera doazen gizon –eta ez gizon– bakarti batzuk... [+]


Lorpen baten berri: Nafarroako Museoan Irulegiko Eskua euskaraz bisitatu daiteke

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude