argia.eus
INPRIMATU
Txokolatea, osasunaren ikuspegitik
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

Txokolatearen defendatzaile porrokatuak dira batzuk, ezaugarri sendatzaile handiak baititu beraien ustez; beste batzuen iritziz, ordea, kaltea besterik ez du eragiten, eta horiei entzunda, ez genuke sekula probatu ere egin behar. Non dago, beraz, egia?
Zalantzarik ez dago txokolate zale handiak garela, urteko eta pertsonako 5 kilo txokolate kontsumitzen baitugu: kopuru horretatik erdia gozogintzako txokolatea da »tartak, pastelak, bonboiak, eta abar», eta gainerakoa, txokolate-tabletetan kontsumitzen duguna, gazte-jendeak batez ere.
Txokolatea janari oso probetxuzkoa da, baldin eta kopuru txikitan hartzen bada »sekula ez 10-20 gramo baino gehiago egunean; txokolate-tabletak 125 gramo pisatzen ditu».
Ez da oso gomendagarria haur txikientzat, bere osagai bat (teobromina) bizigarria delako, eta adin horietan bere eragina gogorregia gerta daitekeelako. Migrainak izaten dituztenentzat ere ez da jakirik onena, feniletilamina eta tiramina izeneko osagaiek buruko min-krisiak areagotzen dituztelako. Eta alde kezkagarriekin bukatzeko, txokolate beltzean nahiko ugaria den azido oxalikoak kaltzioaren asimilazioa eragotzi eta oztopatu egiten du. Horregatik, txokolate esneduna hobea da kaltzio-kopuru handia behar duten pertsonentzat »haurrak, gazteak, haurdun dauden emakumeak». Umeak dira aurrenekoak diferentzia horretaz konturatzen. Ia beti txokolate esneduna nahiago izaten dute hasieran, baina urteekin batera, pixkanaka, txokolate beltzerako pausoa ematen dute. Dena den, ez da abusatu behar umeekin ere, egun osorako 4-6 koadrotxo aski baitituzte ogitartekoan, meriendatzeko, adibidez. Sarritan gurasoek txokolate gehiago ematen diegu, baina tableta-laurdenarekin ondo baino hobeto betetzen dituzte eguneroko premiak.