argia.eus
INPRIMATU
Torturapean
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Dagoena zernahi sinesteko atakan daukate. Edozer sinestarazi dezan dute torturatzen. Torturatzaileek zer entzun nahiko luketen irudikatu, eta hori bera belarriratuko die torturatuak torturari bukaera eman nahiz. Ez du beste helbururik izanen. Ez ditu esango duenaren ondoriorik izaritzeko korderik. Torturaren mendean daukatenak ez du bestelako xederik, horrekin bukatzea soilik baita berez itxaron dezakeen askatasun bakarra. Eta esandako zernahi horri, epaileak aitorpena deituko dio eta araberako zigorra ebatzi. Jose Luis Valles Eibarko PSE-EEko zinegotziaren autoaren azpian lehergailu itxuradun zerbait jarri omen diote. Eusko Jaurlaritzako Azkarate andereak salaketa publikoa egin du tortura motatzat joaz. Bale. Ados. Jaurlaritzako ordezkariak jakin badaki joan hamar egunetan gazte andana izan dela torturatua, ez itxuraz soilki egiazki baizik, eta bortxatuak, ez bere giza eskubidetan soilki giza organotan baizik. Eta ez du txintik atera. Ez du gazte horiek xehatzen dolarearena egin duen prentsa konbokatu, gutxienez betetzen ari diren beharrezko konplize lana publikoki aurpegiratzeko. Ez dezala giza eskubiderik aipa, tortura zuzenak hainbeste biktima duen herrian. Guztiok ez bada, askok eskertuko diogu.