argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko uztailaren 27a


Perfumea pozoi

Etxean usain goxoa jartzeko, askotan erabiltzen ditugu intsentsua, Armeniako papera, kandela usaintsuak, perfume sintetikoen difusoreak, eta abar, baina jakin ez dakiguna da molekula kantzerigenoak edota potentzialki kantzerigenoak ari garela etxe barnean askatzen. Hauxe diote Europako hainbat kontsumitzaile-elkartekoek eta batez ere Frantziako UFC-Que Choisir delakoek.
Azterketa ugari kaleratu dira askatutako keen toxikotasunari buruz eta abenduan kaleratuko den European Respiratoty Journal aldizkarian ikerlari holandarrek adierazten dute, elizetan erretzen diren intsentsu eta kandelek askatutako keek airea arnastezin bihurtzen dutela egunaren amaieran: partikula xeheen (PM10) kontzentrazioa arau europarrak onartzen dutena baino 10-12 aldiz handiagoa omen da eta hidrokarburo aromatiko poliziklikoen (HAP) kontzentrazioa ere oso altua da. Ikerlariak egoera horrek osasunean izan dezakeen eragina aztertzen ari dira.
Egoera hau larriagoa da eraikin budista edo hinduistetan, zeren eta bertan erregaiak etenik gabe erretzen aritzen dira. Taiwan-en, adibidez, eliza budista baten airearen kalitatea eta trafiko handia dagoen errotonda batekoa antzekoak direla ikusi da. Horrela, HAPren kontzentrazioa kanpoan baino 19 aldiz handiagoa da barnean eta tabakoan aurkitzen den benzopirenoa, kantzerigenoa dena, 45 aldiz handiagoa da barnean kanpoan baino.
Frantsesek aztertutako 35 produktuetatik batzuk besteak baino kaltegarriagoak izan daitezkeela ebatzi da eta produktu horiek kontrolatuko dituen legedia zorroztea eskatu dute.
Beraz, irakurle, kontuz etxeko usain goxoekin! y


Ordenagailurik azkarrena

500 ordenadore azkarrenen zerrenda argitaratu zen azaroaren 8an, eta bertan zerrendaburu IBMren BlueGene/L da.
Lehia, hala ere, oso hestua izan da eta aipatu ordenagailuak Linpack deituriko abiadura eta errendimendu-probak irabazi ditu. 70,72 Tflop/s »teraflopa segundoko eragiketa-bilioia da» marka lortu du eta 16.384 prozesatzaile ditu. Hala ere, epe laburrean IBMk 65.536 prozesatzaile eta 360 Tflop/s eraikiko duela iragarri du.
Bigarrena Silicon Graphics-en Columbia dago, 51,87 Tflop/s markarekin. Bi ordenagailu hauen egitura, oso teknologia berrietan oinarritzen da eta lehen aldiz AEBko enpresak Japoniakoei gailendu zaizkie.
Estatistikaren atalean Intel prozesatzaileak dira gehien erabiltzen direnak, alde nabarmenarekin »320 kasutan» eta atzetik IBMren Power, Hpren PA Risc eta AMD daude. Arkitekturari dagokionez, 296 kasutan "cluster" eran daude antolatuta.
Esan bezala, kontinenteka Iparramerika dago buru eta ondoren Europa eta Asia datoz, baina lehen aldiz, Asian bertan estatu asko daude Japoniaren aurretik.