argia.eus
INPRIMATU
Inperioaren kontraerasoa
Karmelo Landa @karmelolanda 2021eko uztailaren 27a
"Munduak espainieraz hitz egin nahi du. Gero eta gehiago. Eta baldintzek hedapena laguntzen dute" harrotzen da egunkari espainiar ezagun bat, Espainiar Hizkuntzaren 3. Kongresua Argentinako Rosarion amaitu berri dutela. "Espainieraren indarra" tituluko azalaz agertu da, Victor Garcia de la Concha akademia-buruaren argazki koloretsuaz eta mundu osoa jateko irrikaz. Baina guk amaitu berri duten Kongresuaren gorabeherak aztertu eta egia erdi baita gezur borobilak aurkitu ditugu; adibidez, Garcia de la Concha bera entzule gisa sartu ei zen Rosarioko "Gaztelera eta Espainiako beste hizkuntzak" eztabaidan »ohartu detaileaz: kasu honetan ez dute Espainiera deitzen, Gaztelera baizik», baina bertan hizlari bihurtu: "hizkuntzen arteko gerrarik baldin bada, hori politikarien artean gertatzen da soilik, herrian inola ere ez". Baina, aldiz, gerra muntatu zuten Rosarioko Kongresuan bertan, espainiera eta ingelesaren arteko hibridoa Estatu Batuetan hedapen handikoa dela zabaldu zenean.
Espainieraren defendatzaile inperialek ezkutatu egiten dute derrigorrez eta indarrez ari direla lehen bezala gaur beren hizkuntza inposatu nahian, egunkariak itxiz, besteon hizkuntzak alboratuz eta beraiena agindu konstituzional bihurtuz. Norbaitek kontatu beharko du egia, hemen bezala Ameriketan.