Martxuta, Arruta-Sarrikota herrixkak igaro eta, abiagune izango dugun Erreitira eraman gaitu errepide estuak. Kale nagusia luzeran zeharkatu eta herri-gunetik aldenduta dagoen Santiago elizaren alboan utzi dugu autoa, Biduze ibaiertzean, Erdi Aroko zubi sarreraren ondoan.
Erreiti herrixka: XII. mendeko zubia eta errota
Agramondarren jatorrizko gotorlekuaren aurriak »edo geldikinak» Erreitin daude, herrixkara iritsi aitzin pasa dugun muinoaren kaskoan. Bertan bizi izan ziren Agramondarrak, harik eta XIV. mendean Bidaxuneko gaztelura joan ziren arte. Bai Erreiti (Viellenave-sur-Bidouze) eta bai Burgue (Bergouey), Agramondarren babesean XI. mendean sortutako herrixkak dira. 1360an zergarik gabeko merkatua ezarri zuten Burguen. 1973an Burgue, Erreiti eta Erango herrixkak elkartu egin ziren udala osatzeko, baina 1977an Erango banandu egin zen. Erreitiko Santiago eliza (Saint-Jacques-le-Majeur), pelegrinentzako ospitale izan zen. Izan ere, Compostelara daraman Done Jakue bideetako bat, bertatik igarotzen da, baita ondoren ezagutuko dugun Sordeko abadia zaharretik ere. Biduze zeharkatzen duen hiru uztaidun zubi ederra berriz, XII. mendeko lehen erdian aipatzen da lehen aldiz Sordeko abadiako liburu zahar batean. Peaje edo bidesariko zubi gisa agertzen da bertan. Zubipean, ezker ibaiertzean, oraindik ikus daitekeen harraska dago. Zubiaren beste ertzean aldiz, XII. mendearen lehen erdian eraikitako errota ikus daiteke, Agramondarrek eraikia Sordeko abadeentzat. XVII. mendean berritua, ziurrenik hauen esku egon zen XIX. mende hasiera arte.
Olorue ibaia zeharkatuta, Sordera
Bizikletaz jada, zubia zeharkatu eta kasko gainean dagoen Burguera igo gara, arin, aise, eguneko lehen muinoa baita. Atseden leku bat igaro dugu jarraian, harrobi handi bat utzi eskuinean, bigarren muino bati ekin eta maldan behera, Erangoko (Arancou) elizarekin egin dugu topo. Tours-etik datorren Done Jakue bidean kokatua hau ere, XIII. mendeko eraikin puska da. Iparralderantz jarraitu dugu, artasoro sail zabalen artean, Akamarre eta Bidaxunera daraman errepidera iritsi arte. Bertatik metro gutxi batzuk egin eta berriro herri arteko errepidea hartu dugu, auto gutxi dabilen horietakoa. Artasoroak ugari hemen ere, baita artaburuak pilatzeko eraikuntza bereziak ere. Les Cinq Cantons deitu bidegurutzea igaro eta Sordeko bidean jarraitu dugu, Euskal Herritik irten eta Landetako departamendura igaroz. Peyhorade eta Olorue lotzen dituen errepide nagusira irten gara, bertatik zati labur bat egin behar izan baitugu. Autobide gainetik igaro eta berehala eskuinera jo dugu, Sordera iritsi aurretik, Olorueko ibaia zeharkatu ahal izateko zubiaren bila.
Olorueren ibai-ertzetik, Bastidara
Sorde l'Abbaye-n »Landetako departamenduan kokatua», XI. mendeko abadia ikusgarriaren aurriak ikus daitezke, Olorue ibaiaren ertzean. Eliza bikaina eta Beneditarren monasterio izandakoaren aurriak dira aipagarri. Sordetik hegoaldera, Biarnoko Labastide Villefranche aldera abiatu gara, Olorue ibaiaren eskuin ibaiertzetik doan errepidean barrena. Itzuliko zatirik lauena izan dugu, erriberetan barrena baitoa errepidea. Pirinioetako gailur nagusiak urrutian zeruertza itxiz, baina gero eta gertuago nabari ditugu. Cassaber herrixka igaro eta Carresen eskuinera jo dugu, atzera Olorue ibaia eta lehengo errepide nagusia zeharkatu, eta herria kokatua dagoen muino kaskora igoko gaituen maldari ekin asmoz. Kilometro batzuk burutu ditugu dagoeneko eta nekea nabaritzen hasiak gara, baina iritsi ahal izan gara azkenean. Izenak dioen moduan, Labastide Villefranche Erdi Aroko bastida izan zen, Biarnoko bastida, hain zuzen. Herria inguratuz jada ez du harresirik, baina sarreran dorre itzelak zutik dirau oraindik.
Helmuga: Burgue
Kale lasai eta isilen artetik itzulia egin ondoren, herri irteerako bidegurutzean Burguerako norabidea hartuz, gaurko ibilbidearen azken zatiari ekin diogu. Azken muino bat gainditu beharra izan dugu, ondoren hasieran igarotako atsedenlekutik pasaz Burguera igo eta Biduze gaineko zubira iristeko.
Hautazko ibilbidea, Pausazakeko mugarrira: Biarno, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren lotune
Proposatu ibilbidea laburra dela irudituz gero, jarraian mugarri zahar eta garrantzitsu baten bila abiatzeko beharrezko datuak emango ditugu. Pausazakeko mugarriaz ari gara, Biarnok, Nafarroa Behereak eta Zuberoak bat egiten duten gunean, 1395an jarritako mugarriaz, hain zuzen. Bastidatik Burguerako bidean topatu bidegurutzean ezkerrera jo behar dugu eta Lauhireko pentze belartsuen artetik Arbotira (Arbouet) lehenik eta Zobotara (Sussaute) ondoren daraman errepidea hartu. Zobotako eliza polit eta bakartia eskuinean utzi eta ipar-ekialderako norabidean doan errepide estutik joko dugu hiruzpalau kilometrotan gutxienez. Eskuinera jotzen duen bigarren bidexka harriztatua hartuko dugu, seinale horiez eta zuriez adierazitakoa. 500 metroren buruan bidexka estutuko da. Gaztainondo basotik arto alorrera irten eta lepo zabal batean egingo dugu topo Pausazak izen bitxia duen mugarri ezezagunarekin »138 metroko altueran». Mugarriak berak garbi asko idatzia duenez, 1395ean paratua, Biarnok, Nafarroa Behereak eta Zuberoak bat egiten dute mugarri zahar eta agurgarri honetan. Badirudi gainera, ingurumenak berak nolabait adierazi nahi duela hiru herrialdeen berezitasuna, izan ere, larrea Biarnon da, artasoroa Nafarroa Beherean, eta oihana, Zuberoan. Mugarri honetatik 300 metro ipar-mendebaldean bada beste mugarri zahar bat ere, 1547an eraikitakoa eta Biarno eta Nafarroa Beherearen arteko muga-lerroa zedarritzen duena.
Erreitira itzulera
Itzulera etorri bide beretik burutu daiteke, Zobotara lehenik eta Arbotira ondoren. Azken honetara iritsi baino metro gutxi batzuk lehenago, zubi batek lubaki sakona zeharkatzen du. Bertatik iragaiten zen duela zenbait urte arte, Autevielletik Donapaleura zihoan trenbide estuko trena. Trenbidea desagertu bada ere, bere ibilbidean utzitako horrelako aztarna ugari geratzen da oraindik. Gamue, Ilharre, Labetze eta Bizkaiko etxaldeetatik barrena, azken pedalkadak Biduzeren eskuin ibaiertzean doan errepidean emanaz Erreitiko zubira iritsiko gara.