Xanti Iparragirre: «Sufrimendua luzea bada, konponbideak ere luzea izan behar du»


2021eko uztailaren 27an

Haur bat mundura jaio dela esaten da, baina zu jaio zinen lekua mundutik urruti zegoen.
Añarbe baserritik gertueneko herria Errenteria genuen, eta zaldia edo mandoa sokatik hartuta hiru ordu behar izaten ziren. Oinez, bi ordutik asko gehiago gabe sartzen ginen. Horretaz garai hartan oso urruti ikusten nuen handik kanpokoa eta gainera beldurgarri. Haizea mendi aldera ateraz gero barkuen edo fabriken hotsa entzuten zen, eta behin baino gehiagotan ihesi joan izan nintzen menditik etxera zarata haiek entzunda. Nik itsasoa oraindik ez bainuen ezagutzen, lantokiak ere ez, eta niretzako dena zen arrotza, beldurgarria.

Eta hain leku urrunean nola ateratzen da bizitza aurrera?
Lehen burdinola bat egon zen han, eta hark sortu zuen inguruan bizitza. Baina burdinola erre zenean baserri gutxi batzuk gelditu ziren. Gure baserria txikia zen eta jende gutxirentzako egina, baina gu asko izan. Orduan, gerra ondo hark ekarri zuen gosearekin, lanerako gauza zena kanpora joaten zen. Eta lanerako balio ez zutenak etxean lanean geratzen ziren. Hamasei urte arte bigarren horietan gelditu nintzen ni, eta oso gaztaro gogorra izan nuen. Oso gogorra. Aukera izan banu ez dakit nora alde egiteko, alde egin nezakeen gustura. Baita fraide joateko esan izan balidate ere. Hura ez baitzen bizia. Beti lanaren azpian, batean ardiak, bestean behiak, bestean egurra...

Bederatzi urterekin jaitsi zinen lehen aldiz menditik mundura, Errenteriara. Nolakoa zen beste mundu hura?
Egia esan, mundu hura ere ez zen niretzako egina. Ni han beste mundu batekoa nintzen. Besteen begiak ikusita konturatzen nintzen ni guztiz arrotza nintzela, eta gainera han baziren guk ez genekien hizkuntza zekitenak ere, orduan lehenbailehen alde egin nuen handik. Nire burua guztiz arrotza sumatzen nuen, errealitatetik kanpokoa. Edo ez dakit besteak ziren, edo zein zen han errealitatetik kanpokoa, baina aldaketa handia zegoen batetik bestera. Adibidez, inpresio handia egiten zidan jendea pilaka ikusteak. Haurrak ere jostatzen koadrilatan, gauza horiek oso arraroak ziren niretzat. Nik ordurako bederatzi urte eta jostatzen ibiltzeko zaharra nintzen. Gizonaren kargak hartuak nituen.

Zuek nolako jolasak erabiltzen zenituzten baserrian?
Gure jolasak zakarrak ziren »kar, kar, kar». Ni txiki-txikia nintzela akordatzen naiz guk nola egiten genituen eskuz jostailu moduko batzuk. Arto kaskarekin ardiak, eta horrelako zera batzuk, eta artzain izatera jolastu. Ikusten genuena.

Beldurra, lan gogorrak, ezjakintasuna, mundutik urrun... Horrelako egoeran heldu leku bat behar izaten du pertsonak. Zuena zein zen, erlijioa agian?
Erlijioa guretzako kastigu bat izan zen. Zenbat abarka hautsi dugun guk elizara bidean... Aldeenekoa ere Arano bidean ordu betera zegoen, ermita bat. Eta ezin zitekeen salbatu, han bizi ginen artean igandero joan ginen, goizean bostetan jaiki eta ermitara. Ibilita hasi nintzen ikusten ezberdin pentsatzen zutenak bazirela. Eta hori lehen aldiz sumatzea harrigarria izan zen niretzat. "Hau ez duk elizara ere joaten, zer pasatzen da hemen? Gu zer gaituk edo hau zer duk?". Hor hasten zara zure kalkuluak egiten. Baina etxeko martxarekin bakarrik ezin zara atera kalkulu horretara, ezin da imajinatu ere. Eta ez nintzen puska batean beste aldera erori.
Gainera inguruko apaizak oso gogorrak ziren. Errenteriako bikarioa nik uste Francoren semea edo horrelako zerbait zela. Diktadore oso gogorra zen. Akordatzen naiz behin Oiartzunera ehorzketa batera joan behar genuela. Goizeko hiruetan atera ginen etxetik bederatzitarako Oiartzungo elizara joateko. Negua zen, eta elurtuta zegoen. Bost lagun ginen. Lauk hilkutxa bizkarrean generamakien, eta bat zioan argiarekin. Gorriak ikusi eta gero, ez dakit zenbat minutu baina minutu batzuk berandu iritsi ginen. Bikarioa elizako atetik kanpora zegoen, eta berandu zelako kristoren sermoia entzun genuen.

Ordutik aurrera erlijio fedeari agur, eta Euskal Herriko borrokan izan duzu fedea. Nondik piztu zitzaizun kontzientzia hori ?
Eskoriatzara bizitzera etorri, tailerrera sartu eta laster xamar hasi zen ikastolen mugimendua. Hor hasi ginen gu ere mugitzen. Gainera kooperatiban aritzen ginen lanean eta kooperatiba bera izan zen Almen ikastola martxan jarri zuena. Oraindik ere kooperatibako ikastola da hori, ez da izan ez publiko eta ez partikularra, kooperatibak formatutako eskola baizik.

Kooperatibak asko eman dio Leintz eta Deba Garaiari?
Bai. Alde batetik, hemen kooperatibaren mugimendua inportantea izan da. Bestetik, mugimendua esaten zaiona kendu ere egin du. Zergatik? Hor sartzen zara, irabazi zerbait hilabetean, ez dago sindikaturik, ez dago ezer, zu akzionista zara hor barruan, eta horrek loturak baditu. Beraz nahiz eta jendeak ez duen kontzientzia galdu horregatik, lehen zegoen sua apaldu egin du.

Hori gerora ohartutako fenomenoa da edo barrutik ere ikusten zenuen?
Lehen bozkak tailerrean ari ginela izan ziren, eta ikusi zen zerbait arraroa bazegoela. Niri behintzat arraroa egin zitzaidan. Denak ginen bazkideak, eta nazionalistek irabazten zuten. Bazkideen historia hori sozialismoa izango da ezta? Bestela zer da sozialismoa? Kooperatibena ez al da sozialismoa? Niretzat behintzat bai. Zerbait bazen kontraesana hor. Ordurako bai baitziren mugimendu euskaldunak sozialistak zirenak. Eta hala ere, nazionalistei botoa. Niri arraroa egiten zitzaidan.

Arraroa zena, orduan, norbait gazteei bertsotan erakusten hastea zen. Bertso eskolak sortzea nola otu zitzaizuen? Bertsoa ikasi egin zitekeen?
Patxi Goikolea hasi zitzaidan zerbait egin behar genuela esanez. Eta Almen ikastolan larunbat goizetan aktibitate libreak eskaintzeko aukera atera zenean han hasi ginen. Egia da bertsoa berezkoa edo ikasia, zer den, eztabaida bazegoela. Orduan eta beti. Basarri zutik sano antzean ibiltzeko gauza zen arte kontra egon zen beti. Eta goitik ere entzuten zen horrek berezkoa behar zuela eta ezin zela ikasi. Kontuak kontu gu hasi egin ginen. Eta guk ere haurrekin batera ikasi genuen nola ibili gutxi gora behera. Haurrak bertsoa onartzeko bertsoak haurrentzako egina izan behar zuela ohartu ginen eta ez bertso ona eta sakona. Zerbait esaten zuena eta arina baizik.

Hutsetik hasi eta eliteko bertsolariak atera zitzaizkizuen, besteak beste, Jon Sarasua. Arotzak onak, ala zura zen berezia?
Jon Sarasuak burua oso argia zuen, oso betea ere bai, baina hori dela eta ez du inoiz bertsoa benetan hartu. Nahi zuen akordeona egin, gero fraide joan behar zuela... Guk kasik tiraka ekarri ez bagenuen Arantzazura joango zen fraide. Azkenean atera zen aurrera, eta bai oso urrutira iritsi ere.

Bertso eskolen sortzaileetako bat zu izan, eta nahiko kritikoa zara bertso eskolen bidearekin. Zer dela eta?
Bertso eskoletan egiten da hoberenak bereizi eta besteak baztertu. Hori niretzako ez da bide ona. Bertsolaritza ez da onenen kontua bakarrik. Bertsolaria mahai-inguruan eta lagun artean umorea sortzen ere ikusten dut nik. Herri mailako bertsolaria oso inportantea da. Baina gizarteko beste arloetan bezala, bertsotan ere elitekoak bakarrik balio duela denen buruan sartuta dago. Orduan, balio duenari ematen zaio laguntza, eta besteak bazterrera. Nik sekula ez dut onartu bide hori.

Eskoriatzan dena hain zutik jarria zegoenean, zure etxean armategia aurkitu, eta egun batetik bestera zerua buru gainera erori zitzaizun. Nola oroitzen duzu?
Nahiz eta aurretik jakin egunen batean etorri behar duela, momentua iristen denean gogorra egiten da. Aurretik bizi izandako dena baino gogorragoa. Ez bainuen ikusten familia osoa eroriko zenik. Hainbesteraino joko zuenik ez nuen uste.

Zuk, ihes egitea lortu, eta mendian aurkitu zenuen babesa. Kontatu nolako egunak izan ziren mendiko haiek.
Hemezortzi egun pasa nituen mendian, baina hori ez zen hain gogorra izan. Nahiz eta euria, hotza, elurra eta dena egin zuen, nik ez nuen sumatzen ez katarrorik eta ez ezer. Gauez hozten nintzenean arbola batean zintzilik jarri eta gimnasiak egin berotzeko. Jan ere ez nuen asko jan beharrik. Apirila hasiera zen, larra mugituta zegoen pixka bat, orduan lar punta hartu, azala kendu, eta esparragoa bezalaxe barrura. Hola egoteko janaririk onena bera da, indarra du. Dena den, nire kezka etxea zen. Mendian egonik ere begi bistan izan nuen beti etxea, eta nire kezka hura berriz martxan jarrita ikusiko ote nuen zen. Amona eta haur txikia ikusten nituen, baina beste hiru alabak, semea eta ama ez. Ardiak, behiak, denak goseak akabatzen, kanpoan zebiltzanak libre... Besteak, berriz, han zebiltzan sartu eta atera erleak erlauntzera bezala. Azkenean, behintzat, ikusi nuen semea eta etxe ingurura arrimatu zirela, zerbait lasaitu, eta gordeleku hobeen bila handik aldendu nintzen. Baina burua ez nuen nirekin eraman, eta hasieran ez nintzen bizi izan nenbilen lekuan.

Ia berrogeita hamar urte, andrea preso, seme-alabak etxean, zu zuloan gordeta noiz arte jakin ez... Nondik ateratzen da eguna pasatzeko indarra?
Denbora ez da gelditzen, aurrera segitzen du. Niretzat onena izaten zen zerbait idaztea. Nahiz eta horrelako egoera batean egindako idazlanak norberarentzat baino asko gehiago ez duen balio, barrua hustu egin behar, zerbait atera egin behar.

Hitz egiteko inor ez al zenuen izaten?
Zuloan egon naizen denboran, isiltasunean egun asko eman ditut, batzutan bakarrik nengoelako, eta bestetan lagunekin ere hitzik egin ezin nuelako. Iparraldean ez baita etxe askotan euskaraz mintzatzen, eta nirekin egiteko euskaraz egin behar zuten. Entzun dut hamabi aldiz frantsesa ikasteko adina, baina ez dut ikasi. Jendeak euskaraz jakin eta egiten ez zuenez, jarrita neukan halako harrizko horma bat buruan eta han ez zen ezer pasatzen. Ikasi izan banu frantsesez egin beharko nuen, eta ez nuen nahi. Beraz, hantxe, burugogor, eutsi.

Iparraldean gordeta egon zinen garaian ETA eta IK bakoitza bere aldetik zebiltzan, eta hizketarako ere nahiko gai mingotsa zen. Izan zenuen horretaz mintzatzeko aukerarik?
Iparraldean, euskaldunen eta borrokalarien artean ibili naizen leku guzietan, neurri batera arte bakarrik hitz egin nezakeen. Hortik aurrera pasaz gero kontuz, laster min emango dizute. Garai hartan oso ezberdin zebiltzan IK eta gure alderdi hori, eta politikaz hitz egitean nik gu esateko aukerarik ez dut izan. Ni bai, onartua nintzen, baina gu ez. Pertsona bezala segituan onartzen zaituzte, baina kontuz! Hortik aurrera ez. Nik dena jakiten nuen haien berri, pasa eta gero edo pasa baino lehen ere batzuetan, baina gureaz ezin nintzen mintzatu. Konfiantza osoa zuten nirekin, baina nirekin bakarrik.

IKren borroka nola ikusten zenuen?
Nik horri ez diot ezer txarrik ikusi. Bakoitzak bere bideak eta bere pentsamoldeak ditu eta nik ez diot horri traba jarri sekula.

Iparraldean pixkanaka bizitza normala egiten hasia zinela GAL azaldu zen. Mirariak salbatu omen zintuen haiengandik. Nola izan zen?
Bixente Perurena bota zuten Hendaian, eta handik hiruzpalau egunera etorri ziren niregana. Tailerretik etxera nindoala etxe ondoan zeuden autoan itxaroten. Nire aldera zetozela ikusi nuenean atera nintzen autotik, eta besterik ezean, eskuak gorde nituen, ez nuen besterik egin. Han zazpi tiro bota izan balituzte ere ez zuen inork entzungo, baina haiek ez zekiten nik eskuan zerbait banuen edo ez nuen. Eta beldurtu egin ziren. Metro eta erdira ikusi nituen, muturraren ondo-ondoan, baina hartu zuten abailarekin harri guztiak airean jarri zituzten. Nonbait tiroa bakarrik ez zuten maite, bizia ere bai.
Handik zortzi bat urtera bi aurpegi haiek telebistan ikusi nituen. Ikusiaz batera sartu zitzaizkidan begitatik hezurretaraino. Gaur ikusiko banitu ere ezagutuko nituzke. Esan zuten horiek zirela Nafarroan GALek zuen adar berdearen buruzagiak.

Ondorengo hamar urteak berriz ere zuloan gordeta eman zenituen. Zuloan dagoenak asko pentsatzen du jendea nola oroituko ote den beraz?
Bai, pentsatzen du, eta gainera nahiko zorrotz. Izan ere interesa daukana nondik edo handik iristen zaizu, edo behintzat zerbait jakiten duzu. Beste asko gorde egiten da. Zu joan zara, bera hor gelditu da, eta ahaztu egiten zaitu. Hori hamarretik bederatzik. Lehenengo momentuan beharbada, "hau duk marka, hau ere pasa behar!" eta horrela ibiliko dira baina gero utzi denborari pasatzen, ahaztu eta kito. Biziak berdin jarraitzen du.

Eta esperantzaren argia ez al da inoiz agortzen?
Esperantza ez da galtzen, argi txiki bat beti egoten da. Momentu guztiz ilunak ere egoten dira, baina inor ez zaizu etorriko, eta zuk eman behar diozu buelta. Askotan gauzarik txikienak jota botatzen zaitu, eta zulo horretatik ateratzea zenbat kostatzen den! Zuk entzuten duzu, zuk moldatu, zuk tragatu... eta zulora erortzen bazara zuk jandako pastilla horrekin, gero berriz zulotik ateratzeko ea non bilatzen duzun beste pastilla bat. Lan gogorra da hori, oso gogorra. Gaur preso daudenak ere gauza gutxirekin gora eta behera ibiliko dira.

Erbestea nolako presondegia da?
Inkomunikazio osoa, ez daukazu ez bisita ez ezer, eta gainera ahaztuta gelditzen zara pixkana-pixkana. Zauden lekuan pakete bat zara. "Hemen uzten zaitut eta etorriko gara bila". Askotan ez dakizu noiz etorriko diren ere, eta han egon behar. Sukaldean egin behar bada sukaldean, plantxan behar bada plantxan, haiek jaikitzen direnean jaiki, eta haiek oheratzean ohera. Ez duzu agintzen, ez duzu deus esaten, ez zara inor. Zure nortasunak ez du arkakuso batenak adina balio. Eta azken urteetan joandako ehundaka gazte daude horrela zuloan, oso egoera txarretan. Preso egotea gogorra da, baina niretzako gaur erbestean egotea preso egotea baino gogorragoa da.

Hogei urte pasan gordea egon ondoren erraza al da berriz herrian integratzea?
Bueltan herrian arrotz sentituko ote nintzen beldurra banuen. Izan ere, herriko festetako pilota partida telebistak eman zuenean adi-adi egon nintzen hari so. Pilotariei ez nien kasurik egin, baina jendeari bai. Frontoia beteta eta inor ez nuen ezagutu! Inor ez! Hori gogorra da gero, arrotz sentiarazten baitzaitu. Beldur hori banuen, eta itzuli eta gero oraindik badut. Lehengo lagunak, lagunak izango dira, baina ez aldekoak. "Kaixo, zer moduz, hau eta bestea" eta hori bai, baina akabo. Ez dizute esango, "egingo dugu afari bat" edo nik ez dakit zer. Ni etorri izan banintz ez dakit zer aldaketarekin beharbada beste modu batera sartuko nintzen. Baina ni etorri baldin banaiz joan nintzen bezala, ez naiz beste batzuen neurritan kabitzen.

Eta herria asko aldatu da?
Lehengo lekuan mendiak eta eliza bakarrik daude. Bizikleta karrerak zeudenean hor egoten nintzen begira-begira antzik eman ezinda.

Bizitakoak bizi eta sufrituak sufritu, bizitza guztia herriari eskaini ondoren, zer iritzi duzu politikoei buruz?
Politikoak gorroto ditut. Politikatik bizi denarekin ni ez nintzateke inora joango, eta intelektualekin ere ez. Intelektualekin joatekotan elizara, hortik aurrera deus ere ez. Esperantza herri xehetik datorkit niri. Herrietan lana egin behar da eta ez politika. Politika egiteko ez dago herriaren beharrik.

ETAren azken komunikatuak irakurrita zer gogoeta egiten duzu?
ETAk garbi esan du bidea nondik dagoen, zer gehiago esan lezake? Niretzako dena esana dago. Eskubideak errespetatu, eta hor agertzen direnak onartzea gauza normalak dira. Besteek ere esaten dute eta hori. Beraz, nahi ez bada ez da izango bide onik, baina nahi badute bidea hor dago.

Badirudi esperantza zerbait pizten ari dela berriz ere...
Nik ere badut elkartzen bidean joango garenaren esperantza, hainbeste zatitan zer eginik ez dagoela gehienek ikusi baitute. Hala ere, jendeak gauza gutxirekin kristoren muntaia egiten du. Esate baterako, ETAk su etena eman zuenean, jendeak ez dakit zer sinestu zuen. Baina ongi pentsatuz gero eta barruan sartuta baldin bazaude, nola liteke hainbeste urtetako gauza momentuan konpondu? Sufrimendua luzea baldin bada konponbideak ere luzea izan behar du.

NORTASUN AGIRIA
1934ko uztailaren 25ean jaio zen Errenteriako Añarbe baserrian, orain urak hartua daukan baserri batean. Lehenik baserri lana, hamasei urterekin aizkora hartu eta mendira, azkenik gaueko lanean, bizibide gogor denak probatu zituen gaztea zen artean. 1959an Eskoriatzara ezkondu, eta bost seme-alaba izan zituen. Inoiz eskolarik zapaldu gabea izanagatik, bertso eskolen hazia erein zutenetako bat izan zen. 1981ean Iparraldera errefuxiatu behar izan zuenetik zuloz zulo ibili da. Joan den urtean itzuli zen atzera Eskoriatzara, herrira. Biziaren Azala izeneko liburuan, prosan eta bertsotan, bilduak ditu bere bizipenak.

Gaurko bertsolariak
«Bertsolariak eta politikoak gaur egun berdin juzkatzen hasita nago. Herriko urratsei ere ez diete jarraitzen, atzeragotik dabiltza. Politikoak ere horrela etortzen dira, eginaren gainean hanka jarriz. Nik uste gai jartzaileek eraman dutela bertsolaritza leku horretara, beti bertso ona, jarritako bideak bete eta kito. Herria bera bada nahiko gaia, herri madarikatu honek sufritzen duena. Ez dut esaten garai batean Silveira bat sartzen zen bezala sartzerik, ez, ez. Ez dago gauza handiak esan beharrik, baina jendea hunkitu egin behar da. Bertsoak ona izateaz gain, piper pixka bat ere behar du. Txapelketan beharbada ez, baina bertsolaritzak badu zer egitekorik hortik kanpora ere».

Gaueko lana
«Gaueko lana gogorra zen. Ni neu ez naiz oroitzen, baina han ikusi ditut gizonak negarrez benetan, ezinak jota. Gainera gauez lan egiten genuenok egunez ere lan egin behar. Egunez lotan geldituz gero deklaratuta baitzegoen zertan zenbiltzan. Gau batzuk, astean pare bat edo, osorik galtzen genituen. Eskerrak ez genuela gauero egiten, bestela... Harrapatu ere inoiz harrapatu gintuzten. Ni Guardia Zibil batekin lurrean bueltaka ibilita nago. Metrailetaren punta saihets tartean sartu zidan, baina mirariak salbatu eta alde egitea lortu nuen. Haiei hiltzea ez baitzitzaien komeni. Dirua komeni zitzaien azpitik, eta azpitik pagatuz gero uzten zizuten bidea libre, baina azpitik pagatuz gero ez zen norberarentzat gelditzen irabazirik. Horretan zen komeria».

Soldadutza Bilbon
«Bilbon eta Donostian egon nintzen soldadu. Oraingoek gertu dagoela diote baina niretzat nahiko urruti zegoen Bilbo ere. Soldadutzan lan xelebre askoak erabili nituen. Nik erdararik jakin ez, eta han jarri ninduten egun batean espainolez erakusten Uztapideren ilobari. Nik ezer ez jakin eta hark gutxiago. Ederki mintzatu ginen biak euskaraz »kar, kar, kar». Gainontzean ez nuen ezer askorik ikasi. Klase batzuk ematen zituzten idazten eta leitzen ikasteko eta apuntatu nintzen han. Baina lehenengoz joan nintzenean nik banekiela eta ez nuela ikasi premiarik esan zidaten. Ez dakit besteak non ibiliak edo non egonak izango ziren. Gero komeri ederrak ibili nituen kartak irakurri eta idazteko».


Azkenak
Lore Lujanbio
“Zaintza lanak ez dira jarduera zehatz bat; produkzio-erlazio patriarkalek ekoizten dituzte”

Tesia amaituta, pozik dago Lore Lujanbio. Militantziarako denbora gehiago du, besteak beste. Mugimendu transfeministaren erronkez galdetuta, hauek identifikatzen ditu: neoliberalismoak mugimenduaz egin duen apropiazioari heltzea, faxismoaren eta erreakzio heteropatriarkalen... [+]


2024-12-26 | Leire Ibar
Nafarroak garraio publikoaren %50eko deskontuak ekainera arte mantenduko ditu

Garraio publikoaren %50eko deskontuak sei hilabetez luzatuko ditu Nafarroako Gobernuak, 2025eko ekainaren 30era arte. Espainiako Gobernuak garraio-txartelaren kostuaren %30 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak %20. Aurreko urtearekin alderatuta, 2024ean garraio... [+]


‘Prentsa' bereizgarria zeraman autoa jomugatzat hartu eta beste bost kazetari hil ditu Israelek Gazan

Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.


2024-12-26 | Leire Ibar
10.500 migratzaile baino gehiago hil dira aurten Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ahaleginean

2024ean batez beste eguneko 30 migratzaile baino gehiago zendu dira Espainiako Estatuko kostaldeetara iristeko ekinean. 10.457 heriotza errejistratu ditu Caminando Fronteras erakundeak eta "arrastorik utzi gabe" desagertu diren beste 131 ontzi zenbatu ditu. Kopuru hau... [+]


Larunbatean ospatuko dute Hatortxu Rock, Atarrabiako azkena

Antolatzaileek iragarri dutenez, ohiko jaialdia eginen dute abenduaren 28an eta 2025eko uztailean lau eguneko jaialdi berezi baten bidez agurtuko dute behin betiko jendea, "erreminta berriei bide emateko". Orotara, hamazazpi taldek eskainiko dute kontzertua larunbatean.


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Laborari palestinarrek jasaten dituzten indarkerien lekuko izan dira Via Campesinako ordezkariak

Via Campesinako ordezkaritza bat Palestinan izan da abenduaren 8tik 18ra, bere kide den Palestinako Lan Komiteen Batasuna-k (UAWC) gonbidatuta. Bidaia horrekin herri palestinarrari elkartasuna adierazi nahi izan diote, "Gazan egiten ari diren genozidioaren erdian eta... [+]


2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesakan izango da 2025eko Bertso Eguna

Urtarrilaren 25ean ospatuko dute bertsozaleek urteroko hitzordua. Honakoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Bertsozale Elkarteak antolatuko dute elkarlanean. Goizeko 10:00etan ibilbide bat eginez hasiko da, arratsaldean XXI mende 25 (H)ilbeltz izenburua jarri dioten bertso... [+]


Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Eguneraketa berriak daude