argia.eus
INPRIMATU
Durangoko Azoka 2004
  • Datorren abenduaren 4tik 8ra bitartean, 39. aldiz zabalduko ditu ateak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak. Aro berriari ekin zitzaion iaz. Elizpetik igaro ondoren, karpapetik eraikinaren babesera igaro baitzen. Estreinaldia egin eta birjintasuna galduta, 39.a ere adarretatik eusteko modukoa antolatu du Gerediaga elkarteko lan taldeak. Azoka aitzakiatzat hartuta, aurtengoan ere, izango da beste berritasun batez gozatzeko parada; izan ere, Landako konplexuan bertan, Plateruena Kafe Antzokia inauguratu da. Ondorioz, abenduko zubian Durangora gerturatzeko asmoa duen orok, Azoka bisitatzeaz bat, Plateruenan izango den ekitaldi nahiz estreinaldi ederrak ikusteko aukera izango du. Bestalde, literatur belaunaldiez hitz egiteko hiru idazle bildu ditugu mahaian: Juan Luis Zabala, Harkaitz Cano eta Iban Zaldua.
2021eko uztailaren 19a
Estreinaldiaren apustua gainditu ostean, bigarren urteari eustea ere ez da izaten lan makala. «Karpapetik ateratzea beti baloratuko dugu ekintza positiboa bezala. Iaz eraikina guztiz bukatu gabe zegoen baina, aurten bere osotasunean gozatzeko aukera izango dugu», azaldu du Itziar Irazabal Gerediagako komunikazio arduradunak.

Gerediaga elkartearen baitan baina, izan da aldaketarik azken urtean. Izan ere, pasa den irailean, Nerea Mujika Ulazia izendatu zuten Gerediaga elkarteko lehendakari. Aldaketak zertan eragingo duen galdetuta, kanpora begira ez dute uste eragin berezirik izango duenik. «Egia da zuzendari batzorde desberdinek gauzak egiteko modu desberdinak dituztela. Aldaketa prozesu natural baten barruan eman denez, batzordean jende berria eta lehengo jendea egonik, ez da izan apurketa bat. Jende berriarekin bat arnas berria sartu da elkartean», adierazi du Itziar Irazabalek.

Agirre eta Monzon

Urtero, gai jakin baten inguruan antolatu izan ohi da ekimena, baina aurtengoan ardatza ez da bakarra izango. Hiru izango baitira Azokak iraungo duen bost egunetan landuko diren gaiak: Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon izango dira hizpide euren jaiotzaren mendeurrena dela medio. Bigarrenik, Euskal idazleen munduak mintzagai izango dira. Eta azkenik, euskara eta teknologia berriek ere izango dute euren tartea. Azoka iragartzen duen kartelaren egilea aldiz, Ismael Iglesias izan da.

Argizaiola saria

Euskal Kultura eta literaturaren alde egin duen lan oparoa eskertu asmoz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik jasoko du aurtengoan Gerediaga elkartearen eskutik Argizaiola saria. Txillardegi euskararen alde makina bat lan egindakoa da. Tartean sei nobela, hizkuntzari buruzko hamabi saio... Aurtengo Durangoko Azokara ere, ez da esku hutsik etorri; Euskararen aldeko borrokan lana argitara eman baitu.

Zenbakitan

Azokak iraungo duen bost egunetan, hasi goizeko 10:30ean eta arratsaldeko 20:00ak bitartean izango da zer ikusi eta zer gozatu. Iaz baino erakusmahai gehiago izango dira aurtengoan, guztira 295; horietatik 11 gune elektronikoan izango direlarik. Berritasun modura, Azokan aurkeztuko diren nobedadeez gain, zertxobait ahaztuta egon den Haur eta gazte literatura txokoa berreskuratuko da aurtengoan. Azokako egunen banaketari dagokionez, Azokak iraungo dituen egunak Hegoaldean jai eta zubi egunak izanik, 39. edizio honetan, profesional nahiz ikasleek ez dute egun berezirik izango.

Teknologia berriak

Iaz bezala, aurtengoan ere, teknologia berrien erabiltzaileek zibergunea izango dute. Bertan topatu ahal izango dira, besteak beste, Urtxintxa aisialdi eskola, www.bizkaie.biz, Miatzen, Goiatz, Elhuyar, www.nontzeberri.com, Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritza, UEU eta Euskaltel. Beraz, liburu eta diskoez gain, aldizkari, bideo, DVD, software eta Interneteko atari ugari aurkituko ditu Azokara hurbiltzen den bisitariak.

Azoka egunez egun
Abenduak 4
12:30: Sarrera hitzaldia. Agirreren eta Monzonen mendeurrena dela eta, ideologien bilakaera. Xabier Apaolaza.
18:00: Euskal Pen Klubaren aurkezpena.
19:00: Supertramps filmaren aurkezpena.
20:30: Gauen argi emanaldia San Agustin Kultur Gunean. 04 Durangoko Argizaiola sariaren banaketa Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri.

Abenduak 5
12:30: Hitzaldia. Huntaz eta hartaz: errealitatearen eta ametsen geografia. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi.
12:30: Emanaldia. Kiko, Koko eta Moko pailazoak Plateruena Kafe Antzokian.
18:00: Hitzaldia. Lekuak Literaturan. Bernardo Atxaga.
19:00: Hitzaldia: Emakumea eta literatura aztergai. Bilgune Feminista.

Abenduak 6
11:30: Aurkezpena. Euskal Herrian Euskarazek 25 urte.
12:30: Hitzaldia. Irudimenaren gereizpean. Jesus Mari Olaizola Txiliku.
18:00: Hitzaldia. Tranbiaren leihotik begirada bat. Unai Elorriaga.
19:30: Txistu kontzertua: Txistua XXI. mendean eskainiko du Berziztuk, Andra Mari Basilikan.
20:00: Kantaldia. Chillida-Lekutik San Agustin aretoan. Joserra Senperena, J. I. Ansorena, Jon Maia...

Abenduak 7
12:00: Aurkezpena. Joku Hezitzaileak bideojolas bilduma.
12:30: Hitzaldia. Pentagramaren geografia. Mikel Markez.
17:30: Mahai-ingurua. Euskal zinemaren egoera. J. B. Berasategi, EAB, Zuzendari Berrien Plataforma, Gidoigileen Elkartea.
18:30: Aurkezpena. OAI: estandar ireki bat, Interneten liburuen datuak libreki trukatzeko. Codesyntax, Deustuko Unibertsitatea.
22:00: Kantaldia. Nafarroako kantu zaharrak. Hiru Truku San Agustin kulturgunean.

Abenduak 8
13:00: Omenaldi ekitaldia joandako lagunei. Harrizko herriko oroi harri biziak.
17:30: Mahai-ingurua: 25 urte eta gero... euskararen normalizaziorako erronkak. Gabi Basañez (EHE), Mertxe Mujika (AEK) eta Joan Mari Larrarte (EKT).

* Egunero 11:30etan Ilargiaren sekretua filma San Agustin aretoan.

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'
Jose Luis Alvarez Enparantzari emango dio aurten Gerediaga elkarteak Argizaiola saria. Txillardegi Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an. Etxean entzun ez eta bere kabuz hasi zen 1948an euskara ikasten. Horrekin batera, Bilbon ingeniaritza ikasten ari zela, gazte mugimendu zenbaitetan esku hartu eta espetxea zer zen ezagutu zuen lehenengoz. Eusko Alderdi Jeltzalearen jarrera antzua zela iritziz, beste ikasle batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen, 1958an ETA bihurtuko zena. Urtebete lehenago, Leturiaren egunkari ezkutua izeneko eleberriarekin, euskal literatura modernitate literarioaren bidean jarri zuen.
Militantziak berriro atxilotua izatera eraman zuen eta 1961ean erbesteko bidea hartu zuen. Beste zeregin askoren artean, Euskaltzaindiarekin kolaboratu zuen euskara batuaren eratze prozesuan, prozesu horren eragile nagusienetakoa izanik. 1967an ETA utzi zuen. 1977an, behin Hegoaldera itzulita, politikagintzan murgildu eta ESB alderdiaren sortzaileetakoa izan zen. Urte batzuk beranduago Herri Batasunaren senatari izatera iritsi zen.
80ko hamarkadan ibilbide unibertsitarioari ekin zion, linguistikaren espezialista gisa. Egun EHUko katedratiko emeritua da.
Gaurdaino haziz joan den bere bibliografia oparo eta anitzean, obra literarioak, saiakerak nahiz hizkuntzalaritzako lan akademikoak aurki daitezke.