Soinujolearen semeen sehaska

  • Gipuzkoako Asteasun hasi dugu gure ibilbidea. Aia, Zizurkil, Anoeta, eta Larraul herriekin muga egiten duen herria da Asteasu. Egun 1.200 biztanle baditu ere, orain hogeita hamabost urte 1.530 biztanle izatera iritsi zen. Asteasutik Zelatunera igo, eta Larraul partetik, ostera, Asteasura jaitsi gara. Ernio mendiaren oinean kokatua, berezko historia eta nortasuna duen herriarekin egin dugu topo.
Bi gunez osaturik dagoen herria da Asteasu. Goi partea Elizmendi, XVI. mendekoa den San Pedro elizarekin, behealdea, berriz, Beheko kalea, herriko udalarekin. Horiez gain, bi baseliza ditu: Santa Gurutze, herri-gunearen irteeran eta Santa Marinakoa, kostalderako bidean, Andazarraterantz. Santa Marina baseliza eskualdeko zaharrenetakoa da. Herriko zaharrenek diotenez, aldarearen azpian dagoen zulo beltzean burua sartu eta kredoa errezatuz gero, amesgaiztorik ez da gehiago izaten.

Ernio mendiko belardiak, basoak, lur-sailak eta urak dira izadiak Asteasuri emandako altxorrik preziatuenak. Asteasuk berak ere, jaiotzen ikusi izan du argi izpirik. Bernardo Atxaga idazle ezagunaz gain, herriko plazan, orain frontoi berritua dagoen gunean, bi pertsonaien oroitarriek garai bateko kontuetara eraman gaituzte: Pello Errota eta Eleuterio Tapia.

Zelatungo jatorrizko ibilbidea

Marra zuri-horiak jarraituaz, aroztegi ondotik ekin diogu hain jardun polita izango denari. Zelatungo gainera iristeko asteasuarrek zerabilten jatorrizko ibilbidea egingo dugu. Egun, Iturrioztik eta Andazarratetik igotzen da gehien, baita Larrauldik, Alkizatik eta Erreziletik ere. Erreka bailaran aurrera goaz asfaltoz, tamalez, gurdi bidearen lehenengo sarrera zikina dagoenez, baserrietara joateko bideari jarraitu diogu, gorantz. Lehenengo bidegurutzean ezkerrera egingo dugu seinaleei segika. Mizpirondo batekin egin dugu topo. Bere fruitu biribildua, arbolan bildutakoa, latza eta janezina da, eta umatzen, biguntzen eduki behar da zapore gozoa hartu arte.

Sorarrain baserriaren ondoren, gora jarraituko dugu. Galbiderik ez dago. Bailararen aurrean dagoen Ernio mendiaren leporantz goaz, Zelatunera. Olarrea baserriaren ondoren, berriz gurdibidea hartuko dugu. Sagarrondoek Peruren abenturak (ikus koadroan) ekarri dizkigute gogora. Hala ere, gu gurdi bide ezin ederragoan zoragarri joan gara. Ernio mendia igo zale den edonork ezagutu beharreko bidea da.

Sagaingo ordeka

Bi ordu eta erdi egin ostean, Sagaingo ordeka iritsi eta gero, egindako bideari erreparatu eta Santa Marina ermita eta Belkoain ikus daitezke gertuan. Urrutirago, berriz, Asteasuko Elizmendi, Zizurkil, Aduna, Aiako Harriak, Onddi, Abalarri, Adarra... Hala ere, bada bidea oztopatu eta galarazi digun zerbait: hego haize eguna izan eta garaiari dagokion bezala, uso-pasa zoragarria egokitu zaigu. Ez gara ehiztarien aurka jardungo, baina, ez al luke hegaztien migrazioak babestua egon behar? Ez al litzateke hobe uso-postuak ikusteko bakarrik izatea? Gainontzeko ibiltariei tiro parrasten desatsegina saihesteaz gain, noraezean dabiltzan uso galduen ikuskizun tristerik ez litzateke izango, heriora doazenak ez aipatzearren.

Zelatunetik Larraulera

Hiru orduren bueltan Zelatungo lepoan gaude. Gogoa eta sasoia duenak esan beharrik ez da Ernio goia jo dezakeela. Guk bertako txabola batean salda beroa hartu eta Larraul aldera egingo dugu. Horretarako etorritako norabidetik, eskuinerago jo dugu. Bidea seinalaturik dago. Ez da galbide handirik izango. Bidegurutze bakarrean Alkizara doan bidea saihestu eta, ezkerretara, Larraulgoa, hartu beharko dugu.

Peru eta printzesa
Gipuzkoako Astesutik hurbil, aita eta hiru seme bizi ziren baserri batean. Sagasti ederraren jabe ziren, baina azkenaldian, lapurren batek sagarrak osten zizkien gauez. Lapurra harrapatu behar zutela eta, anai zaharrena geratu zen zelatan; baina loak hartu zuen eta esnatu zenerako norbait berriro ere lapurretan izana zela konturatu zen. Hurrengo gauean anaietan bigarrena geratu zen lo egiteko asmorik gabe, baina loak menderatu eta esnatu zenerako han norbait izana zen. Hirugarren gauean anaia gazteena geratu zen. Aitaren iritziz lan horretarako gazteegia zen eta beste bi anaiek barre egiten zioten, loak hartuko zuenaz ziur. Gaztea, etsi nahi ez eta, igitaia aldean harturik sagarrondo baten ondoan eseri zen, lapurraren zain. Handik lasterrera, zerbait somatu zuen hormaren gainetik azaltzen eta, ez bat eta ez bi, igitaia bota zion. Berehala desagertu zen ingurumarian zebilen hura.

Egunsentiarekin batera, hiru anaiak arrasto bila hasi ziren eta, esku beltz handi bat aurkitu zuten hormaren ondoan, odol arrastoak egindako bidearekin batera. Anaia gaztearen hitzei jarraiki, hiru anaiak odol arrastoak nora eramango abiatu ziren. Harlauza batera iritsi ziren. Harlauza jaso eta leize sakon baten sarrera zela ohartu ziren. Zotz egin eta Peru anaia gazteari suertatu zitzaion leizean sartzea. Anaiek soka bati loturik jaitsi zuten eta behera iritsi zenean, neska bat topatu zuen han: sorgin batek bahitua zuen printzesa. Mutilak soka lotu zion gerrian, baina anaiei igotzeko seinalea egin baino lehen, jantzita zituen zazpi gonazpikoen zati bana emateko eskatu zion neskari. Anaiek neska jaso zuten eta printzesa zela ikusirik, deliberatu zuten saririk baldin bazen ere, hobe izango zela biren artean banatzea, eta horrelaxe, leize barrenean utzi zuten anaia gaztea. Bien bitartean, sorgina agertu zen eta neskak ihes egin zuela ikusirik, sutan jarri zen. Mutilari egotzi zion printzesari lagundu izana. Peru harrapatzera joan eta borroka bizian hasi ziren biak. Gerrian zeraman igitaia hartu eta mihia moztu zion Peruk sorginari eta mila zati egingo zuela mehatxatuz, handik ateratzeko agindu zion. Hegan atera zuen leize hartatik eta printzesaren herrira abiatu zen Peru.

Iritsitakoan entzun zuenez, bi mutilen artean printzesa sorginaren atzaparretatik salbatu omen zutela eta, anaia zaharrena harekin ezkontzera omen zihoan. Gazteenak ostatuan gela bat alokatu zuen eta burdinazko mailuarekin leihoa jotzen igaro zuen gau osoa. Biharamunean, jendea ezkontza ospakizunetara zihoala, Peruk anaia nagusia ikusi zuen printzesaren eskutik. Peruk sorginaren mihia atera eta agindua eman zion: "mihiari, mihiari, hemen orduko han izan hadi!". Hori esatearekin batera, haize zurrunbilo handia atera zuen, eta etxera itzultzera behartu zituen denak. Peruk ostera mailua hartu eta orduak eman zituen leihoari kolpeka. Bigarren eta hirugarren egunean ere gauza bera egin zuen, jendea ezkontzara zihoala ikusi zuenean. Erregea susmoa hartzen hasi zen, eta, etxe hura arakatzeko agindu zuen. Soldaduak ostatura iritsi zirenean, bezero bitxi bat zeukala esan zien nagusiak; egun osoa leihoa mailuz jotzen ematen zuena. Berehala eraman zuten erregeren aurrera. Baina galdetzen ziotena galdetzen ziotela, gauza bera erantzuten zuen beti: printzesaren aurrean hitz egingo zuela, ez bestela.

Erregek alaba ekarrarazi zuen eta Peruk zazpi gonazpikoen zatiak erakutsi zizkion. Printzesak bere salbatzailea ezagutu zuen eta baita bere bi anaiek ere. Badakizue nor ezkondu zen printzesarekin, ezta?

Pello Errota eta Eleuterio Tapia
Garai batean Asteasun zortzi errota omen zeuden eta Pedro Jose Elizegi (1840-1919) ere, lanbidez errotaria zen. Txirritaren garaikidea izanik, ezagunak dira bi alkandora janzteko komeriak izango zituenaren aipamenak. Eleuterio Tapia, berriz, zer zen erabakitzen izango genituzke komeriak: Trikitilaria, harri-jasotzailea eta segalaria izateaz gain, bere etxetik pasa ziren berak zekiena ikasi nahi izan zuten hainbat: Joseba Tapia, Urtain, Perurena, Gibitegi... Hamabost anai-arreben zazpigarren senideak hamar bat urte izango zituen 36ko Gerra lehertu zenean. Herri kiroletan hainbat apustu egindakoa izan zen; trikitiarekin, berriz, Elgeta maisu zaharrari ikasitakoa erromeriz erromeri eraman zuen.


Azkenak
Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


2025-01-16 | Euskal Irratiak
Laborantzari buruzko ikuspegi desberdinak agerian, Departamenduko Laborantza Ganbararako bozetan

Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.


Eguneraketa berriak daude