argia.eus
INPRIMATU
Rock & Neskak
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 27a
1984. Zorionez, euskal gizartea ez zen George Orwell-ek izen bereko liburuan deskribatu zuen hura bezalakoa. Baina gazteriari ez zitzaion arrazoirik falta ahotsa altxatzeko eta askok musika hautatu zuen horretarako. Aurreko urtean Egineko Plaka Klik atalean azaldu zen lehen aldiz Euskal Rock Erradikala izendapena. Batzuek gustuko dute etiketa hori, beste batzuek ez hainbeste, baina zalantzarik ez da hamarkada horretan Euskal Herrian rock mugimendu indartsua zegoela.

Nafarroan, Aurora Beltranek Belladona taldea sortu zuen urte hartan. Yo Que Se Altsasuko taldearen kontzertuan ezagutu zuen Puri, taldeko baxua, eta hura izan zen neska laukotearen abiapuntua. «Neskez osatutako taldea egiteko gogoa nuen. Mutilek ez gintuzten oso kontuan hartzen. Gitarrarik ez bazenuen, entsegu lokaletan norbaitek utzi zain egoten zinen eta neskei kosta egiten zitzaigun hori lortzea». Ordurako Aurorak bazuen gitarra, 18 urterekin berbena orkestra batean jo eta ateratako diruarekin bere lehen elektrikoa eta anplia erosi baitzituen.

Gipuzkoa aldean, Humedecidos taldea sortu zen 84an bertan. Lou Olangua talde hartako kantariak inguruan zuen girotik irteteko zeozer ezberdina bilatzen zuen eta «nire egonezina aldarrikatzeko musika aukeratu nuen». Handik urte eta erdira euskaraz kantatzea erabaki eta Ok Korral taldea sortu zuten. Folk amerikarra, folk euskalduna eta punka nahasten zituzten euskaraz eta bere esanetan, «ez gintuzten ulertu. Gu punk taldea ginen eta rockabilly deitzen ziguten. Bilboko kontzertuetan batzuk bandera sudistekin azaltzen ziren eta kritikoek ere sudistak ginela zioten. Eta guk, baietz, sudistak ginela, Hego Euskal Herrikoak».

Gasteizen 1984 hartako urtezaharretan sortu zen Potato. Bertan gitarra jotzen aritu zen Elena Lopez. Musika afizioa duela aitortu digu, ordea, eta ofizioa kazetaritza, beti ere musikari lotua. Egineko Bat, bi, hiru sailean aritu zen lanean eta gerora Del txistu a la telecaster liburua idatzi du, besteak beste. Musika mugimenduetatik ez zaizkio soilik datuak eta izenak interesatzen, testuingurua, arrazoiak baizik. «Euskal Rock Erradikala beste toki askotan eman zen punk fenomenoaren euskal bertsioa izan zen. Punka hiriak ghetto, espekulazio arrabal, bihurtu zirelako sortu zen, industri krisiak, marginazioak, erro faltak bultzatuta. Baina ez zen espontaneoa izan, heretikoen tradiziotik sortu zen, dadaismotik, ekuazionistengandik... Hemen industri krisiak eragina izan zuen».

Industri krisiaren ondorioak ez ziren samurrak izan Bilbon. Bertakoa da Loles Vazquez. Nerabe zela, MCD taldean jotzen zuten anaiei esker hurbildu zen punkera. 1980an, latineko klasean zela, Latin hiztegia hartu eta «zorras» hitza begiratu zuen; emaitza: «vulpes». Baina 1984rako Vulpes laukotea deseginda zegoen, Madrilen gertatutakoak hondoratuta.

Emakumeak mugimendu jendetsuan

Mugimendu honek bere bilakera izan zuen. Hasieran Rip, Eskorbuto, Distorsion eta enparauek kutsu politikorik gabe hasi ziren. Baina hamarkadak aurrera egin eta ENAMek mugimendua erakarri zuen. Elena Lopezen ustez «musikariek mesede handia egin zioten HBri, baina baita HBk musikariei ere». Aurora Beltranek gogoan du «kultur zerbitzu hoberenak eskaintzen zituztenak HBko udalak zirela. Azpiegitura oso onak zituzten, dirua gastatzen zuten horretan». Kontzertuak maiz antolatzeaz gain, doan edo oso merke izaten ziren eta horrek jende asko erakarri zuen. Lou Olanguaren hitzetan, «hiruzpalau talde elkartu eta 1.000 pertsona biltzen ziren edozein kontzertutan; taldeen arabera, 3.000 edo 4.000ra ere irits zitekeen. Gaur kontzertu batera joan eta betiko familia biltzen gara». Jendetsuak izateaz gain kontzertu haiek arriskutsuak ere baziren. Musikariei txistua botatzea modan zegoen eta botilak eta latak airean ikustea ere ohikoa zen. Segurtasun neurriak beranduago iritsiko ziren.

Objektuez gain, publikoaren hitzak ere iristen ziren musikariengana. Ok Korraleko kantariak dionez, «niri ‘ze ona zauden!’ esaten zidaten eta horrek izorratzen ninduen. Nahiago nuke ‘ze ondo kantatzen duzun!’ esan izan balidate. Ni musika egiten ari nintzen, ez nire gorputza erakusten».

Aurora Beltranek sarritan entzun behar izan du «mutil batek bezala jotzen duzu gitarra», neskek gitarra ondo jotzeko gaitasunik ez balute bezala. «Kontuan har gaitzaten bi aldiz hobeto egin behar ditugu gauzak eta askotan jarrera zehatz batzuk, maskulinoak, hartzera behartuta egon gara mundu honetan». Tahures Zurdosen azken diskoko liburuxkan Auroraren argazki bat dago, elastikorik gabe jotzen, Bartzelonako KGB aretoan. «Izerdi patsetan zaude, gitarrak kalanbrea ematen dizu, zer egin behar duzu? Askoz gehiagotan egingo nukeen, baina ez dut nahi jendeak gaizki interpreta dezan». Urrutira joan gabe, berriki Motorsexek eskainitako kontzertu batean une batez emakume bat gerritik gora biluztu eta horrek hautsak harrotu zituen. Taldekide batek (gizonezkoa bera) kontzertu guztia eman zuen elastikorik gabe, eta horrek ez zuen errakziorik sortu.

Behin prentsan, Potatori eginiko kritika batean «itxura oneko ama bat» aipatu zuten. Elena Lopezetaz ari ziren. «Kosta egiten zaigu presentzia fisikoaz gain beste gauza batzuk azaleratzea. Horregatik, sarritan ‘neska gogorrak’ izan gara rockaren munduan egon garenak, gizonek haien parean ikus gaitzaten».

Baina benetan gaizki pasatu zutenak Vulpeseko kideak izan ziren. Single bat grabatu zuten bi abestirekin: haietako bat Me gusta ser una zorra zen, Iggy Popen abesti baten bertsioa. 1980an sortu zirenetik hainbat kontzertu eskaini zituzten Euskal Herrian inongo arazorik gabe. 1983an, ordea, Carlos Tena Bilbora etorri zen eta bideo bat grabatu zien abesti harekin. Apirilaren 16an bota zuten TVEko Caja de Ritmos saioan. Maiatzaren Lehenean »15 egun beranduago eta ederki pentsatzeko denbora hartuta, beraz» Espainiako ABC egunkariak bere azalera eraman zuen talde bizkaitarra, telebistako agerpena eskandalutzat jo eta kantaren hitzak jasoz. Cela, Gala edo Umbral bezalako luma ezagunen erantzuna ekarri zuen horrek. Vulpesentzat ospea eta hondoratzea, dena bat. «Hauteskundeak gainean zeuden Espainian eta interes politikoak zeuden tartean» dio Loles Vazquezek. Diskoa grabatzeko proposamena jaso, baina diskoetxeak kiebra jo eta bertan behera geratu zen. Espainiako Estatuan bira egiteko kontratua sinatu eta ez zen gero bete. Valentzian, kontzertua ordaindu behar zienak diruarekin alde egin eta hondartzan lo egin behar izan zuten itzultzeko dirua lortu arte. Madrilgo Movidako Rock-Ola mitiko hartan Policia asesina abestu eta segurtasunekoek jo egin zituzten. Aldizkarietan biluzik irteteko proposamenak jaso zituzten. Kontzertuak biluzik eskaintzen zituztela ere zabaldu zen... Etxera itzultzean ere bizkarra eman zieten. «Euskal Herrian gu Madrilgo Movidara saldu ginela pentsatzen zuten, geure buruak izartzat genituela». 15 urte zituen Lolesek Me gusta ser una zorra idatzi zuenean. «Nire inguruan mutilei ikusten nizkien jarrerak sortzen zidaten hausnarketa baino ez zen. Hori esateko modurik gogorrena hautatu nuen, ados, baina ez zuten ulertu, emagalduak izatea benetan gustatzen zitzaigula sinestu nahi izan zuten. Azkenean, egurra alde guztietatik jaso genuen eta gu neskak izateak eragina izan zuen horretan. Iggy Pop-ek ‘zure zakurra izan nahi dut’ kantatzen zuen eta telebistako saio berean Siniestro Total edo Paralisis Permanentekoek gauza gogorrak kantatu zituzten. Haiei ez zitzaien ezertxo ere gertatu. Eta egia da probokazioa erabiltzen genuela, baina probokazio sexuala sekula ez». Baina neskak izatearen alde positiboa ere gogoan du: «Hasieran lokal bat behar genuen eta iragarki bat jarri nuen aldizkari batean, neskak ginela esanez. Eskaintza berehala etorri zen» dio, barrez. Olanguak ere alde onari heltzen dio: «Neska gutxi izanik, rockaren erreginak ginen!».

Serio jarrita, denek onartzen dute, rockaren mundua ez zela bereziki matxista, ez gizartea baino gehiago, behintzat. Eta talentuak, musikari ona izateak, emakumeekiko tratua normaltzea ekartzen duela. Hala ere, urte haietan talentua soberan ez zela onartzean ere bat egiten dute. Hasten ari ziren, bitarteko eta erreferentzia gutxi zituzten eta, gainera, ez zioten kalitateari hainbesteko garrantziarik ematen. «Gaur egungo taldeek mila buelta ematen dizkiote garai hartako edozein talderi» Elena Lopezen ustez. Baina, beharbada, gaur egungo talde askori falta zaiena bilatzen zuten haiek: berritzea, amorrua adieraztea, finean jarrera zen garrantzitsua. Kalitatea denborarekin etorri da.

Garai polita izan zen lau solaskideentzat, salbuespenak salbuespen, galerak galera. Ez da ahaztu behar heroinaren sarraski urteak izan zirela haiek. Punkaren No Future leloa muturrera eramanda bidean geratu ziren haiek iluntzen dute oroitzapen hori. Eta lauek galdu zituzten gertukoak. Loles-ek Lupe ahizpa eta taldekidea galdu zuen duela 11 urte eta iaz bera omentzeko kontzertu batean Vulpes taldea berriro osatu zuten. Hortik sortu zen diskoa grabatzeko aukera, bere garaian itxi gabekoari amaiera emateko ordua. Abenduan, Vulpesen lehen eta azken diskoa izango da kalean. Ezaguna da Aurora Beltranek oraintsu arte Tahures Zurdosen bere bidea egin duela eta Elena Lopezek ere musikari lotua jarraitzen du: XX. mendeko musika herrikoiaren inguruko lan bat egin nahi du. Lou Olanguak taldetxo bat osatua du, lokalean bildu eta jotzen jarraitzeko. Guztia, beste droga bat probatu zutelako. Louren hitzetan: «Behin Rock & Rolla probatu nuen eta ez dut inoiz utzi».