argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 19a

Damian Muñoz koreografoak zera adierazi zion Garari: «Euskal Herrian programazioa oso laburra da. Niri bertan dantza egitea asko kostatzen zait. Asko tematu ostean lortzen dut. Jaialdi gutxi dago. Urte batean ekartzen bazaituzte, hurrengoan beste gauza batzuk ekartzea nahiago izaten dute. Bestetik, ulertu egiten dut. Nik gauza bera egingo nukeela uste dut».

Erramun Martikorenak Deiari esanak : «Euskal kantagintza sartua da komertzio baten influentzian eta hor arrisku bat ikusten dut, aberasteko bezala baita galtzeko ere».

Fermin Etxegoienen hitzok jaso zituen Administrazioa Euskarazek: «Telebista pribatuek baztertzen dituzten hainbat arlo, kultura kasu, telebista publikoak bere gain hartu beharko lituzke».

Eider Rodriguez emakume idazleez Berrian: «Idazten dugun emakumeenganako diskriminazioa ordea baikorra omen da, emakumezko izate hutsagatik: XXI. mendeko Euskal Herri honetan, oraindik gabezia bat daukagula diote (...) Horregatik ipini behar omen dizkigute bozgorailuak, ahots apala dutenei bezala. (...) Bozgorailua behar duenak eska dezala, nik nire bozaz hitz egin nahi dut, eta idatzi, anplifikadorerik gabe. Ez diot inori belarria usteldu nahi».