argia.eus
INPRIMATU
Hasier Larretxea: «Zerbaiten, norbaiten esperoan dagoen poetaren sentsazioak dira»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Nola sortu zen Bazaudete?
Elizondoko taberna batean, Metaziri, pentsamendu sozial eta iraultzailea Baztango haranean bultzatzen duten pertsonen ekimenaren baitan. Metaziri aldizkariaren funtsa, haraneko sortzaileen bilgune izateaz gain, halako aterabide bat aurkeztea da, Baztanen berean erakustarazteko gazteok badugula zer erran, zer erakutsi, zer egin kultur esparruan. Hala, Juan Angel Perotxena Urangak, Elizondoko diseinatzaile eta marrazkilariak, eta nik, arraiozko hitzen zertzelatzaileak, lan bateratu bat egiteko proiektuaren berri eman genuen. Nik poemak idatzi, berak haiek adierazten ziotena marraztuz, horrela egituratu zen liburuxka, azkenik argia ikusi arte, inongo argitaletxeko aterik jo gabe, autogestioan, Elizondoko gazteen eta Metaziriren laguntza ekonomikoarekin. Gaztetxearen aldeko ekimenean aurkeztu genuen.

Zergatik da hain garrantzitsua Gaztetxea zuentzat?
Espazioak behar ditugulako aldarrikatzeko, solasteko, pentsatzeko, irri egiteko, ukitzeko, maitatzeko, negar egiteko...

Eta zein da zure poema horien funtsa?
Poemetako orro isilarazi horiek, gizarte honetan norabiderik gabe, galdurik daudenen oihuak dira, haien desirak, begiradak, ikuspuntuak eta hutsuneak. Gabezia horietatik abiatu naiz, ildo bertsuko lerroak biltzeko. Hirian zurgatuak, alienatuak, giro ilunean dabiltzanen oihuak dira, zerbaiten, norbaiten esperoan dagoen poetaren sentsazioak eta zirrarak agertu nahi izan ditut, gordeta dituen beldurrak azalerazteko intentzioz, beharbada.