argia.eus
INPRIMATU
Plateruena
2021eko uztailaren 27a
Plateruena deitu diogu Durangon, Berbaro elkartearen ekimenez eta ehundaka herritarren bultzadaz zabaldu berri dugun Kafe Antzokiari. Izanak izena behar du, eta Durangoko Plateruena egin dugu geure, Matadero zaharrari bizi berria eman asmoz.

Artean entzuterik izan ez duzuenon jakingarri, esan dezadan labur-labur Juan Kruz eta Antonio De la Fuente anaiak izan zirela Durangoko Plateruak, ezagunak Bizkaia aldean XVIII.aren azkenetan eta XIX.aren hasikeran. Bi anaiok zilarginak ziren ofizioz, eta horretxeri zor zioten gaitzizena. Fama, berriz, afizioak eman zien, bertso-egile, kantari, musikari eta dantzariak baitziren eurak. Mutilzaharrak eta festazaleak ere bai, antza. De la Fuentetarrak, gainera, Bitoria eta Burgos aldetik zetozen. Erdaldunak ziren jatorriz; euskaldunak etorriz.

Esaerak kontrakoa badio ere, gaur egun mila irudik berba batek baino gutxiago esatea gertatzen da sarritan. Kasu honetan ez. Kasu honetan arrazoi du esaerak. Plateruen irudiak hobeto ematen baitu egitasmo honen berri, sortzaile, parte hartzaile edo integratzaile lakoek baino.

Baina hau guztia idazten ez nabil propaganda egitearren bakarrik. Kezka hauek denak Durango baino zabalagoak dira, zelan ez, eta azken hilabeteotan han edo hemen berbagai izandako hainbat konturi buruz jarduteko aitzakia ere bada Plateruena.

Juan Kruz eta Antonioren sasoian, adibidez, pentsatu ere ez zuten egingo afizioa ofizio bihurtu zitekeenik. Gaur egun, berriz, asko ez, baina bat baino gehiago dira horretatik bizi diren euskal sortzaileak. Edo nahiago bada, horretara dedikatzen direnak. Eta lapikoa berborka hasiz gero, denetariko iritziak entzun daitezke.

Kalitatezko lanak plazaratzeko eguneroko dedikazioaren beharra defendatuko du, demagun, musikariak; orduak irauten dituela, argudiatuko du, kanta on baten konpas bakoitzak. Ez dakit zein idazlek, berriz, literaturaren mesedetan ezezik, bestelako bizibide bat komeni dela erantzun diezaioke. Idazketarekin inongo zerikusirik ez daukan lan bat; txipiroiak garbitzea, kasurako. Orduan aktore bat izan liteke, antzerkitik ez, antzerkirako bizi dela esango duena, baina, ezingo luke gogoko lana behar bihurtzeak morrontza dakarrela botako liokeen dantzaria entzun gabe geratu. Azkenean, Paristik zetorren artista agertuko litzateke, lehenengo txistuarekin saiatu zena, tronpetarekin gero, eta txisteekin, eta idazten, eta aktore, bertsotan ere bai, eta telebistan kantzontzilloak erakusten azkenean, baina, famarik ez eta negarra jotzen amaitu duena.

Betiko legez, azken batean denak ados daudela esanez amaituko lukete eztabaida. Arrazoirik ia denek eduki arren, inork ez bailuke arrazoia izango. Bizikera bizibide bihurtu ahal izateko zoria izanik, apustua egitea bezain zilegi eta erromantikoa baita ez egitea. Baita alderantziz ere. Bakoitzari dagokio erabakia azken batean. Afizioa ofizio bihurtzeko aukera gutxi batzuen zoria baino ez da, hala ere. Gurean gainera »eta hau ona da», benetan lan egin beharra dago horretarako. Kantutik zaila bada, kontutik bizitzea zailagoa baita euskaraz »benetako zenbait artista salbuetsita».

Baina kontuari buruz ari garenez, euskal kulturak denak behar ditu. Profesionalak direnak eta ez direnak. Sortzaileak eta sorzaleak. Eta jarraitzaileak, noski. Baina batez ere, denen parte hartzea behar du. Ikusentzuleak behar ditugulako, baina ez ikusentzule hutsak, jarraitzaileak ere partaide izango diren eskaintzak baino. Zalegoak sentitu eta jakin behar du, kultur eragile garrantzitsuenetakoa bera dela, eta ardura handia duela honetan. Eta artistak ere, agertokian baino toki gehiagotan izan behar du sortzaile, izenik distiratsuenak ere itzal gutxi egiten baitu hemen. Musikariak, dantzariak, bertsolariak, idazleak zein aktoreak ezagutu egin behar du bere proposamenak arrakastaz jendarteratzeko egin behar den ahaleginaren berri. Eta ahalegin hori txarto bideratua dagoenean hobetzen lagundu behar du. Eta jarraitzaileen ikuspegiaz ere jakin behar du apur bat. Bere neurria ezagutu egin behar du sortzaileak, apalenetik hasita lar begiratzen baitugu izarretara handiena ere ederto kabitzen den herri txiki honetan. Artistak eta zaleak, denok dugu hezi beharra hemen.

Batu gabe bateratuko gaituzten antolakerak ditugu beharrezko merkatuak irentsiko ez bagaitu. Kultur planean baino gehiago sinisten dut nik kultur lanean. Adibidea jartzearren, azken hilabeteotan soldatapean eta borondatez Plateruenean makina bat behar egin duten artista, eragile zein zaleengan. Brotxa lodia hartu duen gitarrajolearengan, garbiketa lanetara urreratu den irakaslearengan, tabernariei hozkailuak betetzen lagundu dien programatzailearengan eta edozein egunetan kantatzera aterako den etxekoandrearengan.

Luzatzen ari naiz eta trago bat hartzera joateko sasoia dela diosta Juan Kruzek, eta, hain beharrezko dugun izaera integratzaileari buruz ez dudala ezer esan gogorarazi dit Antoniok. Hurrengoan beharko duela erantzun diot. Ardo pare bat hartu eta gero.