Tabakoa kolpetik uzteak abstinentzia sindromea eragiten dio erretzaileari, aspalditik dakigunez. Beste edozein adikziorekin gertatu bezala, tabakoarekiko menpekotasuna gainditzeko ere hainbat estrategia eta teknika erabiltzen da. Baina hori horrela bada kontsumitzailearen aldetik, badirudi gauza bera gertatzen zaiela tabako orria produzitzen duten nekazariei: tabakoaren kontrako kanpainek kontsumoa gutxitu ahala, beren ekonomia osoa hankaz gora joan daiteke. Abstinentzia sindromea, ispiluaren beste aldean.
Horretaz idatzi dute All Afrika web egunkarian Naututu Okhoya eta Gumisai Mutume-k. Biak Africa Renewal erakundekoak dira. Eliza ebangelikoaren adar batek Estatu Batuetan eta Ugandan antolatua duen erakundea da Africa Renewal hori. Beren fedea hedatzearekin batera lan humanitarioa burutzen duten misiolari ugarien artean daude ebangelikook.
"Erretzearen kontrako kanpaina global gero eta indartsuagoek ataka oso estuan ipini dute Malawi: Afrikako herrialde honetako gobernuaren diru sarrerak, enpleguak eta finantz garapena ia osorik daude tabako orriari lotuak. Kanpotik sartzen diren diruen %75 tabakotik datozkio Malawiri, eta barne produktu gordinaren %10a 'urrezko orriari' dago lotuta. Irrikaz ekin zioten labore horri hemengo laborariek, eta gaur izen hori ('urrezko orria') ematen diote".
Gauza da 2003ko maiatzean planeta osoko agintariek tabakoa kontrolatzeko munduko lehen ituna idatzi zutela. Pipatzen duten gizakien osasunean pentsatuta, logika osoz. Baina orduan ohartu ziren Malawi, Zimbawe eta Kenya bezalako zenbait herrialde beren nekazaritza zegoela arrisku gorrian. Tabakoak munduan 33 milioi pertsona enplegatzen ditu, baina garapen bidean dauden herrialde bakan batzuk dira labore horrekiko hain menpekotasun estua dutenak.
"Guk apustu egin genuen tabakoak oraindik denbora luzeko bizia izango zuela" aitortu omen du Malawiko finantz ministro Milton Kutengulek. Luzerako apustua egin zuten agintariek, eta orain atzera jo beharra: lehenbiziko aldiz hasi dira aipatzen Malawin, tabako sailak murriztu eta nekazarien laboreak dibertsifikatu behar direla.
Tabakoak dakartza lanpostuak
Naututu Okhoya eta Gumisai Mutumeren azterketaren arabera, tabakoaren kontrako neurriak kalkulu ekonomikoetan oinarrituta hartu dira funtsean: erretzeak dakartzan osasun arazoen kostea askoz handiagoa dela produzitzen duten herrialdeek horri ateratzen dioten etekina baino. "Urtean 4 milioi heriotza daude tabakoa erretzeari lotuak. Osasunaren Mundu Erakundeak kalkulatzen du 2020an 10 milioi pertsona hilko direla erretzeagatik, eta horien %70a herrialde txiroetakoak izanen dira". Saharaz hegoaldeko herrialdeetan hies izurriteari eransten zaizkio tabakismoaren ondorioak, eta populazioaren bizi itxaropenaren jaitsiera horrela esplikatzen dute batzuek.
Baina Afrikan tabako orria ekoizten duten herrialde horiek arazo zaila dute aurrez aurre. Tabakoaren Kontrako 2003ko itunak zenbait neurri aurreikusi zituen laborariek tabakoaren ordez beste laboreak erein zitzaten, eta Munduko Bankuak eta Europar Batasunak ere hainbat diru laguntza agindu dituzte ildo berean. Baina orain artean aldaketa gutxi ikusi da.
Zimbawen, esate baterako, alorretan tabakoa ez ereitearen ordainetan baratzeko lanari ekin dio zenbait lurjabek: fruituak, barazkiak eta loreak ekoizteari. Arrosak, esate baterako, tabakoaren 44 halako etekina ematen dio laborariari. Hedatzen ari da Zimbawen barazkien produkzioak hartzen duen lur eremua, eta bera da munduko arrosa esportazioan laugarrena.
Hala ere, alternatiba honek oztopo handi bat badu laborari askoren artean hedatu ahal izateko: arrosek tabakoak baino, lantzeko, garraiatzeko eta merkaturatzeko inbertsio askoz handiagoak eskatzen dituztela. Arrosak produzitu eta munduan barrena saltzea ez dago edozein baserritarren esku.
Tabakoaren alternatibak oso gutxi garatu direla eta, Osasunerako Mundu Erakundearen zuzendari exekutiboa den Derek Yach-i galdetu diote Africa Renewalekoek. Yachek errua Afrikako agintari politikoei egotzi die: "Ez da diru falta, kontua da borondate politikoa falta dela, batez ere tabako multinazionalek eragin handia duten herrialdeetan". Multinazional horiek inbertsio handiak dakartzate kanpotik, eta Afrikako gobernuek esker onez hartzen dituzte lantoki eta enplegu berriak. Horren guztiaren ondorioz, alde batetik tabako produkzioak indartsu jarraitzen du, eta bestetik herrialde txiro horietan hazten ari da zigarro eskaria.
"Horrela »diote aztertzaileek» herrialde aberatsetan zigarreta kontsumoa apaltzen ari den moduan, diruz urrien dabiltzan herrialdeetan eta erdi mailakoetan ugaritzen ari dira gizon erretzaileak, eta emakume erretzaileak berriz mundu osoan zehar. "Herrialde txiroetako nekazari askoren begiko laborea bihurtu da tabako orria, erraz hazten delako. Beste edozein laboretarako txarrak diren lur kaskarretan ere ongi ematen omen du. Prezio ona egiten du gainera. Zimbawe eta Malawin artoaren zazpi halako irabazten da tabakoarekin, kotoiaren 22 halako eta sorgoaren 60 halako. Ordainetan, laborariak bere mantenurako behar dituenak (artoa, sorgoa...) kanpotik ekartzen dira.
Ororen buru, Afrikako herrialde horien mesederako ala kalterako dira tabako orriak? Tabako hazleak biltzen dituen International Tobacco Growers Asociation-ek dio: "Tabakoa da nekazarientzako diru iturririk garrantzitsuenetako bat. Hori gabe, milioika laborari, soro marjinaletan ari direnak, subsistentzia soilera bihurtuko lirateke berriro". Osasunerako Mundu Erakundearen ustea alderantzizkoa da: ez direla kontuan hartzen "laborarien lan baldintza kaxkarrak, haurrak lanean erabiltzea, oso toxikoak diren produktuekin babesik gabe lan egitea, ingurumenari eragiten zaion kaltea, eta abar. Horrengatik guztiagatik, tabakoa oso estu dago lotuta txirotasunarekin eta garatu ezinarekin".
Herrialde aberatsetan herritarrek gutxiago pipatzearren, zigarroen zergak igotzen dira eta tabakoarekin lotutako produktuen publizitatea debekatzen. Horri erantsita tabakoaren ondorioez herritarrak jabetzeko egiten diren kanpainak. Guztiak ekarri du tabako kontsumoa jaistea. Afrikan antzeko eredua jarraitu du Hegoafrikako Errepublikak, arrakasta handiz, adituek diotenez. Baina beste herrialde askotan oso mantso ari dira. Gure artean tabako paketearen prezioaren bi herena edo gehiago zergatan doaz, eta Afrikan aldiz askotan ez dira erdira iristen. Hemen gaur zigarretak askoz garestiagoak dira duela urte batzuk baino, eta aldiz Boli Kostan, Gabonen, Kenyan eta Nigerian gaur tabako pakete bat %25 merkeagoa da 1990ean baino.
Osasunerako Mundu Erakundeak konbentzitu nahi ditu agintariak: tabakoaren gaineko zergak handituz kontsumoa gutxitu, osasun gastuak urritu eta gainera estatuak diru gehiago eskuratuko lukeela. "Zerga horiek balio handikoak lirateke hiesaren eta malariaren kontrako borrokan ere". Baina kasu egingo dieten itxaropen handirik ez dute: munduan gaur diren 1.100 milioi pipatzaileak 2025erako 1.700 milioi izatera iritsiko direla kalkulatu du OMEk berak.
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.