argia.eus
INPRIMATU
Larru truke!
IƱaki Murua 2007ko otsailaren 21a

Ez omen da hau aspaldiko kontua:

Baserri batera joanik izango zen ardi hiltzailea eta, bere lanak eginik, gosari mokadua egitera sukaldera hurbiltzean, hantxe topo egin omen zuen, artean denbora asko ez zela, baserri horretara ezkondu berria zen errainarekin. Gosari pasara egin zuenean, hala galdeturik izango zion errain berriak ardi hiltzaileari:
- Zenbat behar duzu ardia hiltzeko lanengatik?

- Lasai, horrek prezio jakina dauka-ta, gu larru truke ibiltzen gara lan horietan.

Errain gaixoa kuletoa baino gorriago, zer esan ez zekiela...
Egoera ez zen atsegina izango eta, ardiarekikoak egitera etorri zena ere jabeturik izango zen gertatzen zenaz eta, algara batzuen ondoren, argitu omen zuten oker ulertua, alegia, ardia hil eta txikitze lanak ardi larruaren truke egiten zituela.

A zer lasaitua ardiak!

Egun, garaiko neoliberalismoarekin, sexua ere libre da. Diruz eros daiteke prostituzioan ari denaren larrua eta bizia. Prostituzioan ari denarena bakarrik? Gainerako langileak ez ote egoera berean? Eta halaxe, bere burua saltzeko prest dagoen franko, zuk zeure larrua saltzeari uko egiteko zain atean!

Guk ez dugu ordea sexua nahi libre, sexualitatea baizik.

Elikatze ohiturekin gertatzen ari dena ere aintzat hartu beharko da. Eskoletako atseden edo baratze orduetan, haurrak txiki askotatik ikusten ditugu triski paketea eta Coca-Cola irensten. Noski, dietetika sanoari jarraituz bagabiltza, lan gehiago egin behar da eta denbora hartu, gure gazteei zer jan sanoa prestatzeko. Bestea, errazago egiten da, dirua jarri eta zaborra jaso trukean! Diruagatik larrua jokatzen/ordezkatzen ari gara jatorduetan ere.

Tolosako abesbatza lehiaketan aurten ikusi eta entzun duguna ere esanguratsua da. Euskaldunok, ezer izan bagara, kantu zaleak izan gara baina ez dakit hala garen. Kontua da, 36 abesbatzetatik 3 soilik direla Euskal Herrikoak. Kantatu ere diru truke bakarrik egiten al dugu jada? Apalegiak ote gara Tolosakoa bezalako ekitaldietan parte hartzen ausartzeko? Txapelketen aurka ote gure taldeak? Ala kanturako ohitura ere gainbehera doa soldatarik ez dagoelako?

Ez naiz harritzen denok diruaren txintxinagatik bakarrik mugitzeaz, azkar eta erraz irabazten den diruaren hotsa maitatzeaz. Telebistan, begi-bistan, Otano, Urralburu, Roldan, Galindo, Vera... ikusten ditudanean, nik bezala haur eta gazte mordoak ikusiko dituela pentsatze hutsak, amorrua pizten dit. Dirua lehia garbian irabazteko asmoa, tontoenarena dela pentsarazten du eta errazkeria nagusitzea normala da, gainera, legeak horrelako diferentziak egiten baditu eta lapur deklaratuak, handienak, lotsagabeenak... babestu, zertarako fin ari?

Aurtengo udan, gure bailaran, bazkari bat prestatu eta zerbitzatzeko aukera izan genuen gure ikasleekin. Bakoitzak 100 euro irabaz zitzakeela aurreikusi genuen, egun horretako lanaren truke. Gehienak azaldu ziren baina batzuk, eta ez gutxiena behar zuten familietakoak, ezta azaldu ere! Beste batzuk, berriz, urrutitik etorri ziren lagunen eskaerari erantzunez, esku bat botatzera, aurreikuspenak beteko ziren edo ez jakin gabe, baina, gure arteko giroak erakarririk eta lagun berriak ezagutzeko irrikaz.

Ia dena egiten da diru truke. Auzolanaren filosofia galtzen ari da eta, batzuk, ezagutu ere ez dute egin, besteei, aldiz, ezinezkoa iruditzen zaie noizbait existitu zuela onartzea ere. Koadrila, giroa, harremanak jende berriarekin, elkarren arteko ezagutza sakontzea, lan berdintasunean sari berdina jasotzea... galdu dira edo galtzen ari dira eta nork, nola berreskuratuko ditu profesionalizazioaren mehatxupetik? Ezagutu ez dituenari nola adieraziko dizkiogu kontu hauek, zein adibiderekin? Inor aurkituko ote dugu larru truke lanean hasteko prest?