argia.eus
INPRIMATU
Kanposantua
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Genuen ingurua. Hil-taxia buru, noiznahi ikusten genuen gure aurretik igarotzen hildakoaren lagunteria hari jarraiki. Ondoko lore-dendak eskatuta, zumitzezko koroak loreztatzen lortzen genituen sos apurren batzuk amaren poz. Domu Saindu egunak genituen etekintsuenak, koadrilan behar bezala antolatuta, lore sorta bera hainbat aldiz saltzeko aukera izaten zen, egun legez orduan ere beti berant zebilen alea ugari baitzen. Kotxe pribatuak urri, autobusak ziren gure bezeriaren garraio, jendez mukuru igotzen zirenak. Lore zimelenak ere, berehalako onarpena izaten zuen, hildakoak ez baitzuen txintik aterako. Hala ere, bizien artean klaseak bazeuden eta kanposantuko kale erdiko kaperak, mausoleoak, marmolezko hilobiak ez genituen gustuko, haien jabeek lorategiei ematen baitzien hornitzeko agindua. Beste prezio bat. Ikusgarriak jartzen zituzten, beren hilak Intxaurrondo aldean zituztenen inbidiarako, gu, udan, Egiatik joanda Maria Cristina hotelaren aitzinean udatiarrei erreparatzen egoten ginen parekoa. Ez dakit lorategiak ugaritu ote diren. Ez dakit kanposantutako ataritan mutil-kozkor lora saltzailerik baden. Badakidana da, bizien artekoan kotxea dela tokirik gehien hartzen duena, eta garajea duela klase adierazgarri.