Azaroaren 15 eta 16an e-Businness Global Conference (EBGC) biltzarra egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Antolatzaileek »alegia, Industriaren Sustapen Baltzuak (SPRI) eta Elektronikaren, Informazio Teknologien eta Telekomunikazio Enpresen Espainiako Elkarteak (AETIC)» enpresa eta bezero arteko harremanei eman nahi izan diete arreta oraingoan. "Bezeroaren garaia" biltzarraren izenburuak dena adierazten du.
Aitor Cobanera SPRIko zuzendari nagusiak dioenez, "aurten azpimarratu nahi duguna da edozein enpresatan, edozein negoziotan, bezeroak direla garrantzitsuena eta beraz, teknologia berriak haien onurarako erabili behar direla".
Helburu horrekin, EBGCn nazioarteko hainbat aditu elkartuko da. Hizlarien artean izango da Don Peppers, merkataritza estrategiaren alorrean munduko 50 guru garrantzitsuenetakoa. Bere berbaldian, Peppersek bezeroekiko harremanak sortzeko adibide praktikoak emango ditu, beti ere bezeroen errendimendua ahalik eta handiena izan dadin. Peppersez gain, Venkatraman, Bostongo unibertsitateko irakaslea, edo Sandra Siebers IESE Business School-eko irakaslea izango dira.
Internet ez da heldu enpresa txikietara
Aurreko biltzarretako ondorioetako bat bidearen zati handia egiteke dagoela izan da. Internet ezezaguna da behintzat, enpresa txikientzat. Cobaneraren ustez, "beharrezkoa da horrelako topaguneak egitea, enpresa horiek alor honetan egiten diren aurrerapausoen berri eduki dezaten. Ez gara inork uler ezin ditzakeen gaiez ari, munduko enpresetan arrakasta eduki duten ekimenez baizik". Hala, biltzarrak, baita aurtengoa ere, adibide praktikoz hornitzen dituzte.
Internet tresna egokia izan daiteke bezeroekiko harremanak sendotzeko, baina baditu mugak, noski. Enpresa txikietan sarbide urria eduki badu, norbanakoen artean ere ezin esan guztiz zabalduta dagoenik. EUSTATen datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan etxebizitzen %56an dago ordenagailua, eta Internet %40-45ean. Horra hor merkataritza elektronikoak eta, oro har, enpresa eta herritarren arteko sarearen bidezko hartu-emanak guztiz hedatzeko gainditu beharreko lehen mugarria.
Mesfidantza oztopo
Bestetik, badirudi Internetenganako halako mesfidantza dagoela sarritan, erosteko garaian, batez ere. Aitor Cobaneraren ustez, "Internet asko erabiltzen da kontsultarako, hau da, prezioak, produktuak eta abar konparatu ahal izateko. Hortik merkataritza elektronikora jauzi egiteko, hainbat oztopo saihetsi behar dira, eta lehenbizikoa segurtasuna da. Ez diot Interneten segurtasunik ez dagoenik, baizik eta jendeak ez duela hala ulertzen. Eroslea jabetu behar da Internet bidezko erosketa dendan txartelaz ordaintzea bezain segurua denaz".
Todomalestas.com negozioko Paul San Sebastianen »ikus koadroan» ustez, mesfidantzaz gain beste bi elementuk galgatzen dute Interneten hedapena enpresetan. Batetik, Internet guztien esku ez egotea eta bestetik, produktu eta zerbitzu onak eskaintzen dituzten orri gutxi egotea.
Hitzaldi sortaren helburua enpresen arreta erakartzen jarraitzea da, derrigorrezko bilaka dadila urtero hara joatea, enpresek gai horri buruzko informazioa izan nahi badute behintzat. Lehen batzar bietan 500dik gora parte hartzaile izan ziren, eta aurtengoan kopuru hori gaindituko dutela uste dute antolatzaileek.