argia.eus
INPRIMATU
Aharrausika
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2021eko uztailaren 27a
Ez daki ergatibo bat zuzen paratzen ez erlatibozko esaldi arrunt bat eratzen. Euskaraz ez diozu adituko ateraldi irringarririk, are gutiago sexuaz mintzatzen. Bere kasa, euskarazko libururik, bideorik, joku elektronikorik »bada halakorik?» ez du hautatuko asteburuko txupitoen eraginpean ere. Alabaina, orduak egiten ditu ikastolan edo institutuan, Izen Sintagmaren eta Aditz Sintagmaren adarretan zintzilikatua, esaldi konpletibo eta adberbioen amaraunean harrapatua, zeniezazkidan eta nintzakezu bezalako arbola ahoskaezinen oihanean galdua. Orduak, bai, aharrausika eta aho zabalka. Gero, duela hogei urteko testu irentsi ezina emanen diete etxeko lan, eten ez dadin asperduraren soka. Curriculum bat baitago, eta hura nahitaez bete beharra.

Iparraldean ez dakit. Hegoaldean alarmak aspalditik piztuak dira: gure gazteena ez da euskara, zapo-euskara baizik, non ez den, bertzerik gabe, erdara. Baina trankil neska-mutilak, errua auzoan da: gizartea, lege eskasak, euskararen etsaien lan maltzurra. Eskolari, ikastolari, dena delakoari, ez zaio noski gehiagorik eskatu behar, aski eta abasto egiten du-eta.

Hamahiru, hamalau, hamabortz, hamasei urtetan, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiak hitzaren besta behar luke izan, baina gazteluko tortura sala bilakatu dute ikasketa planen diseinatzaileek. Gure gazteek begiko zikina nahiago hura baino. Hizkuntzaren barrunbeak irakatsi nahiaren nahian, azal-huts gelditzen ari da babak eltzetik atera behar zizkigun belaunaldiaren euskaltasuna.