argia.eus
INPRIMATU
Sukaldean: Behi matrailak ardo beltz saltsan
Hasier Etxeberria 2007ko otsailaren 21a

6 lagunentzako osagaiak:


6 behi matraila, hezurra kenduta edo hezurrarekin, nahi bezala. Hezurra kenduz gero errazago sartuko zaizkigu kazolan.
Tipulin bat, pikatual
Ardo beltza, litro erdia
Oliba olioa
Ura
Gatza
5 koilarakada oliba olio
30 baratxuri ale, zuritu gabe
Porru bat, pikatua

Olioa kazola batean isuri eta gorritzen ipiniko ditugu matrailak, gatza eman ondoan, alde guztietatik gorritu arte. Erne ibili olio zipriztinekin! Ongi txigortuak gelditu behar zaizkigu. Matrailak kazolatik atera, soberan dagoen koipea kendu eta erantsi egingo ditugu baratxuriak, porrua eta tipulina. Barazkiak erdi egosi direnean berriro sartuko ditugu matraila txigortuak, buelta batzuk eman eta ardo beltza erantsiko diegu ondoren. Utzi egingo dugu urritzen. Orduan isuriko dugu ur beroa, jakitik gora hiru behatz estali arte. Gatz pittin bat eman, kazola estali, eta utzi egingo dugu egosten, ezti-ezti, 2 bat orduz. Urez estaliak egon behar dute jakiek, eta ur gehiago isuriko dugu lurrintzen ari dela ikusten badugu. Ongi samurtu direnean, sutatik atera eta iragazi egingo dugu sortutako zuku guztia. Horren ostean, kazola garbi batean irakiten ipiniko dugu zukua, su eztitan. Utziko ditugu epeltzen matrailak, eta hezurra baldin badute, kendu egingo diegu eskuarekin eta labana baten laguntzaz, ahaleginduko gara betiere matrailak hautsi ez daitezen, pieza osoak geratzeko. Horren ostean, labana batekin xerratu egingo ditugu matrailak, xerra loditan, behatz baten neurrikoak gutxi gora-behera. Zukua dugun kazolan ipiniko ditugu matraila xerrak ondoren, eta utzi egingo ditugu gelatina atera eta saltsa loditu dadin. Gatz puntua zuzenduko dugu gero. Patata purearekin edo, are hobeago, sagar purearekin aterako ditugu mahaira.

Izotza, ezkatak eta txingorra nola egin
Edari errezetetan, Daikiriarenean esate baterako, izotza behar da, ezkatatan edo pikatua, eta horrelakorik ez dugu izozkailuan edukitzen. Irudimenari eragin beharko diogu, beraz. Hagaxka zorrotzez hornituriko irabiagailu indartsu bat ez badaukagu, izotz koskorrak bilduko ditugu sukaldeko zatar batean eta mailu, arrabol edo beste objektu izugarriren batez zanpatuko ditugu ondoren koskor horiek. Nahi duzuen bezala, baina ez buruaz saiatu.