argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2021eko uztailaren 20a


Ornitorrinkoaren genetika konplexua

Arrautzak jartzen dituen ugaztuna da ornitorrinkoa. Ahate itxura du eta ugaztuna denez, esnearekin hazten dira kumeak, baina orain arte ez zuen aparteko interesik sortzen zientziaren alorrean. Hala ere, ikerlari australiar talde batek zientziako lehen mailara ekarri ditu ornitorrinkoak, hauek bost kromosoma-bikote dituztela aurkitu baitute eta ez baitugu ahaztu behar hegaztiek edo ugaztunek bikote bakarra dutela.
Ugaztunen kasuan emeek XX kromosomak dituzte eta arrek XY. Hegaztien kasuan arrek ZZ eta emeek ZW. Australian eta Tasmanian bakarrik bizi diren ornitorrinko emeek XXXXXXXXXX eta arrek XYXYXYXYXY dute, Canberrako Unibertsitateko Jenny Graves eta Frank Grützner ikerlarien iritziz, oso harrigarria da kromosoma kopuru honek disfuntziorik ez sortzea. Gainera, katearen hasieran dauden lehen X kromosomek eta gizakiaren X eta Y kromosomek gene komunak dituzte. Aldiz, katearen amaieran dauden X kromosomen geneak eta hegaztien sexu-kromosomenak oso hurbil daude, beraz, hegazti eta ugaztunen arteko zubi izan zen izakirik inoiz existituko ote zen?


Lurraren barneko dinamikotasuna

Lurrazaleko geologian, bizia lasaia da, lurrikararen bat edo beste kenduta. Baina Lurraren barnean espero baino mugimendu askoz ere handiagoak topatzen ari dira. Mantoak eta burdinazko gune likidoak topo egiten duten eremuan, ikertzaileak substantzia eta forma exotiko ugariren aztarnak topatzen ari dira.
Arizona State Universityko Edward Garnero sismologoak, arestian aipatu eremua, D" deritzona, orain 10 urte uste zena baino konplexuagoa dela adierazi berri du. Dinamismo handiko egoerekin topo egiten ari omen dira eta beraz, ikerketa lerro aberatsak zabaltzeko bidean dira. 2.900 kilometro sakoneran dentsitate-aldaketak askoz ere handiagoak dira lurrazalean, airea eta lurraren artean, gertatzen direnekin alderatuz.
Ikerlariek lurrikarek sortutako uhin sismikoak erabili dituzte D" eremua aztertzeko, hain zuzen ere Ipar Amerikan eta Hego Amerikan gertatutako lurrikarek sortutako uhinak erabiliz, Ertamerika eta Karibe azpiko D" eremua ahalik eta zehatzen aztertu dute. Uhinen norabideak ez ziren itxarotakoak eta horiek izan ziren lurrazpiko "sorpresen" lehen aztarnak, hortxe ikusi baitzen erlatiboki txikia den eskala batean lurra izugarri zimurtzen dela, burdina likidoaren higiduragatik, ziurrenik. Hau dela eta, sismologoen ustez, D" eremuan izugarrizko kontraste eta zurrunbiloak izan daitezke eta dauden dentsitate-aldaketa handiak silikatozko harkaitzetik gune likidora azkar iragan daitekeenaren seinale izan daitezke.
Azkenik, gogoratu Lurraren erdigunearen tenperatura eguzkiarena adinakoa dela eta hozteko denbora luzea iragan beharko duela, beraz, ikerlariek oraindik aukera ugari izango dute gure Lurraren barneko erraiak ikuskatzeko.