Skunk taldeak lan berria plazaratu du: Giltzak (Gor). ska, reggae eta hardcore azkarreko hamaika abesti bildu ditu taldeak seigarren disko honetan. Abesti guztiak euskaraz grabatu dituzte, P’adelante (gazteleraz) eta L’ete (frantsesez) izan ezik.
Uztaro aldizkariak 50. zenbakia kaleratu berri du. UEUk argitaratzen duen giza eta gizarte zientzien inguruko aldizkaria 1990 urtean sortu zen, giza eta gizarte zientzien arloan euskaraz zegoen hutsunea betetzeko xedez.
Pedro Varela zuzendari gasteiztarrak Aitona Martin eta biok film laburra estreinatu du. Hogei minutuko laburrak Bernardo Atxagaren Sugeak txoriari begiratzen dionean ipuina du oinarri.
Javier Pérez artista bilbotarraren azken lanen erakusketa paratu dute Madrileko Reina Sofía museoan. Mutaciones izenburupean, urtarrilaren 17a arte izango da zabalik.
Ados antzerki konpainiak Laura Esquivelen Como agua para chocolate antzerkirako egokitu du eta azaroaren 11n estreinatuko du Donostiako Antzoki Zaharrean.
Txingudiko Orkestra Sinfonikoa sortu berri da; Hendaia, Irun eta Hondarribiako 60 musikari amateurrez osatuta dago.
Begoña Bilbaok Palestinan lekutu du bere azken eleberria: Palestina, zure mina (Elkar). Bilbao Palestinako herriaren alde agertu da, bere bibliografiako hirugarren lan honetan.