argia.eus
INPRIMATU
Gripe-pandemia handi baten arriskua
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a

Ikertzaile eta nazioarteko erakunde sanitarioetako adituen galdera jada ez da ea munduan gripe-pandemia bat egongo den ala ez, noiz gertatuko den baizik. Mundu osoan zehar lanean diharduten birologoak etsi-etsita daude gripe-pandemia ikaragarri batek joko gaituela, eta berandu baino lehen, gainera.
Zer da pandemia bat? Jende guztia harrapatzen duen epidemia bat, »panek oro esan nahi du, dena, guztia; eta demosek jendea». Joan zen mendean hiru pandemia bizi izan zituzten eta 1918-19 urteetan hedatu zen gripeak, adibidez, milioi bat pertsona baino gehiago hil zituen. Adituak seko beldurtuta daude, beraien ustez horrelako pandemia bat izango dugulako espero baino lehen. Okerrena ez da hori, "horrelako bati aurre egiteko ez gaudela prest" baizik. Hori ez dio edonork, Rotterdameko Erasmus Unibertsitatean Birologia Institutuko zuzendari den Albert Osterhaus doktoreak baizik. Madrilen egin berri den Europako II. Birologia Kongresuan gripearen birusak, aldaera eta mutazio ugarien eraginez ekar ditzakeen arriskuez ohartarazi gintuen. "Kontua da, munduan ez dagoela herrialde bat bakarra ere, gripearen hurrengo eraso masiboari aurre egiteko prest", dio Osterhausek. Birus erasotzailearen andui zehatzaren kontra eraginkorra izango den txertoa edukitzeko, eta behar adina dosi merkaturatzeko urtebete beharko litzateke, gutxienez. Estatu eta herrialdeen arteko koordinazioak kale egiten du, baita osasun-publikoko politikek ere, gripearen birusak ez baitauka mugarik, ez geografikorik, ezta politikorik ere. Antibiralek huts egiten dute, ez baitira aski, ez kopuruz, ezta barietatez ere. Eta, azkenik, txertoek ere kale egiten dute, "konpainia farmazeutiko guztiak batera arituz ere, Suitzako lurraldearen premiak estaltzeko beste gaitasunik ez daukatelako", Osterhausen hitzetan. Kezkatzeko moduko iragarpenak, bai horixe!