Eskaseraino iristeko, N-1etik Oiartzunera iritsi behar dugu lehenik. Artikutzara doan errepidea hartuko dugu hurrena Eskaseko guarda etxeraino eramango gaituena. Kotxea Eskasen utzi eta etxearen ezkerretik doan bidezidorrari helduko diogu. Konifero ale batzuk eta berehala pagoak. Pago zaharrak, ardagaiez hornituak, bertan jaio, hil eta deskonposatzen direnak, bizi izan diren artean lurrari eskatutako gai organikoak berriz ere lurrari bueltatuaz. Artikutzan, tamaina eta adin guztietako zuhaitzak ikusiko ditugu, eroritako adaxkak ez ditu inortxok jasotzen, garbiketa zerbitzua izaki mikroskopikoen esku dago nagusiki. Arroka berriz, granitikoa, Aiako Harrien jarraipena eta ura nonahi, errekasto txikietan. Pagoen erreleboa, pinu gorriek hartuko dute. Zati honetan, badirudi lurzoruak bizia hartzen duela, sustrai sendoez jantzitakoa. Konturatzerako, lehenengo gaina zapalduko dugu, Burnaiztegiko lepoa, 745 metrotakoa. Hemen hasten dira lehen harrespilak, garai bateko ehorzketaren lekuko. Bertatik baita ere, ikusiko ditugu, bide luzean bide lagun izango ditugun lehen ehiztari postuak. Ehizak Euskal Herrian garrantzi kultural handia du. Gipuzkoan 22.000 ehiztarik lortu dute ehiza lizentzia 4.000 inguru postutarako. Masifikazio honek ehiztariak Nafarroara edo Espainiako hainbat erkidegoetara joatea eragin du. Garai honetan, pagausoak dira biktimarik nagusienak.
Burnaiztegitik Artikutzarantz
Lepo honetatik aurrera, Goizuetako lurrak Lesakakoetatik bereizten dituen hesiaren parean joango gara. Eskuin nahiz ezkerraldetik, joan gaitezke. Eskuinekoa erosoagoa da, beste aldeko lurretan baitaude ehiztarien postu eta txabolatxoak. Landaretza aldatuz joango da. Pagadia izango dugu tramu batzutan, mendi lepoetan berriz larreak, otadiak, txillardiak...
Gain batzuk pasa ostean, ezkerraldera Larrun mendia ikusiko dugu, eskuinaldera, Artikutzako urtegia, baso artean galdua. Nahiz ez ikusi, animalia basatiez betetako natur gunea da Artikutza.
Pagolletako lepoan, PR 10arekin topo egingo dugu. Arantza inguratzen duen ibilbidea da, Mendaur, Mendieder, Ekaitza eta Izu gainak mugatzen dutena. Guk, zirku horren zatitxo bat besterik ez dugu egingo. Seinaleak, hiru norabide markatzen dizkigu, Eskas, Igantzi edo Izu-ra. Guk, hesiaren alde batera edo bestera, Izu aldera joko dugu. Dagoeneko, txarrantxak Goizueta eta Arantzako lurrak banatzen dizkigu, Lesakako lurrak alde batera utziaz. Pagolletan, harrespila eta trikuharriak ditugu bisitatu nahi izanez gero.
Arantzara, bide bi
Hurrengo seinalean, aurrera doazen bi norabide topatuko ditugu. Batak, hesiaren eskuin aldetik, Arantzara eramango gaitu zuzenean, ordubetean gutxi gorabehera. Besteak, hesiaren ezker aldekoak, Izu mendia inguratzen du. Guk bigarrena aukeratu dugu. Bi ordu eta erdi beharko ditugu Arantzara iristeko. Aldapatxo baten ostean, Izu edo Izkue izenez ezagutzen den mendiaren azpi aldean izango gara, Izurriztiko mendi bizkarrean. Izu behatoki aparta da Arantzako bailara eta Bidasoako mendiez gozatzeko. Izurriztin, harrespil edo mairubaratzak berriz ere.
Bidean aurrera eginaz, ziklistak, baserritarrak eta berriz ere ehiztariak. Ezker aldera, konifero galantak ikus ditzakegu eta bide ertzean ametzak. Ollagarartako lepoan, antena eta guzti duen ehiztari "txabola" dotorearen ondotik igaroko gara. Eta eskuin aldera begiratuz gero, zuhaitz adaxken artetik gure jomuga ikusiko dugu. Bertan, bidegurutzea. Ezkerretik jarraitzen du PR 10ak, eta marka hori-zuriak ikusiko ditugu harrietan. Beherantz, Arantzako Aientsa auzoan barneratu arte. Belar metak, intxaurrondoak eta hormigoizko pista. Baserrietako hainbat elementu begi bistan. Harria mozteko zerra topatu dugu: harri jasotzaileentzat harriak, idi demarako harriak... Askan, enbor zatiak. Artesitu ez daitezen sartzen dira uretan: pagoa, zumarra, gaztaina... Karobi zuloa, bidearen ezker aldean eta txerriak eguzkia hartzen nahi adina ezkur jan ondoren. Marka hori-zuriei jarraituaz, zentral batera iritsiko gara. Handik aurrera galtzada erromatarrak Putzubeltzeko erreka zeharkatzeko igaroko dugun zubi dotorera eramango gaitu. Bideak herriaren erdigunera eramango gaitu. Hurrengo lana, bazkaltzeko ostatua bilatzea izango da. Kotxeak hartu eta buelta. Etxerako bidean, nahi izanez gero, San Juan Xar bisitatu genezake. Erreserba naturala izateaz gain, ur miragarriak dituena.