argia.eus
INPRIMATU
Xabi Borda: «Gauzak neuk bizitzen ditudan eran ematen ahalegindu naiz»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 27a
Noiz ekin zenion poemak idazteari?
Egunerokotasunak eta egungo gizarteak eta bizimoduak ito egiten naute. Injinerutza ikasten ari naiz, eta horretan hasi nintzenean, bada, hainbeste zenbaki, formula eta ordenagailu kontuekin nekatu bezala sentiturik, denbora librean bestelako gauzak egiten hasi nintzen, batik bat irakurtzen eta idazten. Barruko urduritasunak edo kezkak apaltzeko idatzi nituen nire lehenengo poemak, eta gero lagunei-eta erakusten nizkien. Halako batean Jose Luis Otamendiri erakutsi nizkion, eta nire sorpresarako idazten jarraitzera gonbidatu ninduen. Horrela sortu zen Birika zatiak. Urtebete eman dut poema horiek idazten.

Zer aurkituko du irakurleak zure lehen liburu honetan?
Guztira berrogeita hamasei poema, batzuk laburregiak eta beste batzuk oso laburrak. Banaka-banaka egin nituen poema horiek, era independientean, liburua itxuratzerakoan progresio baten arabera ordenatu eta antolatu baditut ere.

Horregatik agertzen al dira bost ataletan banaturik?
Bai. Gai aldetik ez dut uste berrikuntzarik dakardanik., beti ibili izan diren gaiak eta gogoetak daude liburuan. Maitasuna izan liteke gai nagusia »maitasuna edo elkarren ondora bildu beharra», eta, horrekin batera, bakardadea. Betiko maitasun idiliko horretatik aldentzen eta gauzak neuk bizitzen ditudan eran ematen ahalegindu naiz. Horregatik, maitasunarekin lotuta distantzia agertzen da »nola askotan elkarren beharra baldin badugu ere, hainbat arrazoirengatik ezin hurbil gaitezkeen» eta horien guztien gainean, denbora eta heriotza.