Aspaldi honetan, elorri dauka langile-klaseak. Konkista sozialak, ondo sakrifikatuz, borrokatuz eta mobilizatuz lortutakoak, arriskuan daude. Produk- tibitatearen, hazkunde ekonomikoaren eta konpetitibitatearen jainkoa da erruduna. Eta, enpresen deslokalizazioaren mehatxua eta xantaia dira armak, multinazionalek eta enpresa handiek beren helburuak lortzeko baliatzen dituztenak. Kapitalismo peto eta gordinak, orain neoliberalismoz mozorrotuak, bete-betean dihardu. Eta, Europako sindikatu handi batzuk haren errezetak irensten ari dira. Erasoaldian, eguneko lanaldiari heldu zaio txanda, zein, azken urteetan, progesiboki murriztu baita Europan. Lanaldi ofizialak, egungo egunean, Frantziako Estatuko asteko 35 orduen eta Greziako eta Poloniako 40en tartean ageri dira. Hego Euskal Herriaren kasuan »behin behar eta, Madrilen eta Parisen mendeko izatean, gure estatistikak ez dira nazionalak, eta euskal errealitatea distortsionatua dago», nahiz eta sindikatuen sektore pribatuko eskabidea 35 orduetan zentratu, aurtengo azken konbenioetan, asteko 38 bat orduko lanaldi batez bestekoa erdietsi dute. Euskal sektore publikoan, aldiz, ezarria dute jada asteko 35 ordukoa.
Hain zuzen ere, konkista sozial hori erdiesten lehenak izan ziren Europako estatuetan ari dira multinazionalak eta patronal handiak presionatzen, eta lortzen ari dira sindikatuak amuan harrapatzea eta haiek lanordu gehiago onartzea, zertarako eta, deslokalizazioaren mehatxu-xantaien aurrean, enplegua kontserbatzeko. Gainera, multzoan badira, halaber, lehengo soldatarekin lanordu gehiago egitea onartu dutenak. Adibideak jartzen hasita, hortxe ditugu Alemaniako enpresa batzuk, batez beste asteko 37,7 lanordutan zebiltzanak. Bada, IG Metall sindikatu aleman boteretsuak amore eman du, eta lehengo soldatarekin asteko 40 lanordu betetzera igaro dira. Daimler Chrisler-ek lanordu gehiago hitzartu zuen bere sindikatuekin, eta organizazio horiek uko egin zioten soldataren parte bati, enpresak agindu zielako estatu horretan dauzkan 160.000 enpleguak mantenduko dituela zortzi urtez. Alemaniako Siemens enpresakoak ere asteko 36 ordutatik 40tara pasatu dira, produkzioa beren estatutik kanpo ez eramatearen truke. Frantziako estatuko Bosch-eko langileek asteko lanordu bat gehiago egitea hitzartu zuten, baina diru-ordainik gabe. Belgikan, 40 lanorduko astea ezartzea planteatu dute, nahiz eta dagoeneko 38 ordutan ezarria daukaten.
Jakina da, izan, Alemanian, Frantzian edo Belgikan arlo laboralean eta sindikalean prozesuren bat abian jartzen denean, Europako beste herrietara zabaltzen dela geroan. Estatu horietako multinazionalek eta patronal handiek ere, Europako gainerako estatuetakoek bezalaxe, filosofia kapitalista peto gogorra izan dute elikagai. Europan ageri diren multinazional horiek, bestalde, Euskal Herrian ere instalatuak daude, eta hemen ez dira besoak ehunduta geratuko, baldin Europa osoko sindikatuek beren errezetak irensten badituzte. Halaz guztiz, langileek eta sindikatuek erakusten duten batasu- nerako, erresistentziarako eta mobilizaziorako gaitasunaren mende egongo da dena. Esan gabe doa, multinazionalek eta patronal handiek segitu egingo dute deslokalizazioaren eta produkti- bitatearen xantaia eta mehatxua baliatzen, beren helburuak erdiesteko. Gasteizko Caballito multinazional alemaneko langileak, greban urtebete daramatenak, etsenplu ederra ari dira ematen. Posible ote da hurrengo kasu batzuetan horrenbesteko erresistentzia eta batasuna lortzea? Ez da erraza izango. Baina, horrela gertatzen ez bada, multinazionalek eta patronal handiek erdietsi egingo dute beren jomuga. Eta, Euskal Herriko langile-klaseak galdu egingo ditu bere konkista sozialak.
Navala. EAJ kanpaina elektoralean? Hala EAJ, nola Ibarretxeren gobernua, Navala pribatizatzearen kontra agertu dira. Bitxia da EAJren jarrera "sozialista" hori, bera baita pribatizatzeko politiken bultzatzaile handiena, kontrolatzen dituen administrazio publiko guztietan »Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta udalak». Adibide gisa, ekar ditzagun gogora Bilboko Uren Kontsortzioko azpikontraten grebak eta Basauriko Udaleko garbiketakoa, bederatzi hilabeteren buruan ere dirauena. Oxala EAJren jarrera beti balitz zerbitzu publikoak eta industria estrategikoa pribatizatzearen kontrakoa. Egia, ordea, beste bat da agian. Navalaren krisia hauteskundeen periodoan instalatua da dagoeneko. Euskal alderdi gehienek bezala, EAJk ere, zeinek beste bi diputatu behar baititu bere plan aldebakarrerako, ezin du bozik galdu Ezkerraldeko fronte hori dela kausa. Orain, beraz, Navalaren gai beroari buruz, eta Zapateroren PSOEren aurrean, pribatizazioaren kontrako bandera goratzea egokitzen da, eta enpresako komitearekin argazkiak egitea. Ordea, aiseago sinetsiko genioke, baldin, euskal sektore publiko indartsu bat oinarrituz joateko estrategiaren barruan, Navalaren gestioaren kontrola berreskuratzeko erabaki sendoa agertuko balu. Nahiko nuke, alajaina, EAJren asmoa eta borondate politikoa horixe izatea. Beldur naiz, ordea, kontuak ez ote diren jomuga horretakoak, baizik eta marketing elektoralekoak.