argia.eus
INPRIMATU
Intxaur-saltsa
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Genuen, omen, amonaren garaiko menuaren sartzea. Gure gomutatik alde eginda edo, udazkeneko tamainako jaki naturala berreskuratzen lagundu ziguten beste anitz bezala. Eguneroko sukaldeko lana galtzear, lagunak gonbidatzen genitueneko arrats formaletako formula arrakastatsuak bilakatu genituen, euskal sukaldaritzaren ikonopean guztiak baitzuen bereziak izatearen maila. Espainol burgesen gustukoa izaki, estatuaren edozein toki egokia zen vasca adjektibodun jatetxea irekitzeko, bertako sosdunak komertzial azkarrenak bihurtzeraino. Errege erregina, printze printzesa eta inguruko lausengari lerdetsuak bezero, gure sukaldariak ezagutu dituzte beren garai emankorrenak, hedabide ankerrenak okupatuz. Arrakasta lortzearen truk orok balio duen honetan, sukaldariei artista deitzen die sormenak ez baitu mugarik. Baina vasco deitzen dioten orok, bezero beste zelatari du espainol bazterretan, makila eskuan. Eta bere ez duten guztia ETA dute sukalde hain bereziak barne. Behin eta berriz torturaz baliatu dira, sukaldari ez den Beotegi bat larrutuz. Klaseak egon badaude. Oraingo honetan ez dute euskal sukaldea atxilotu, komisariarik gabe epailearengana eraman dute zuzenean. Baina suak piztu dituzte hurrengo baterako. Sutan darraite.