argia.eus
INPRIMATU
Hitz bitan
2021eko uztailaren 27a

Carlos Gilek honakoa adierazi zion El Paísi: «Euskal antzerkiak anbizioa falta du, jendea bere mailan eroso dago».

Felipe Juaristik esanak Garan: «Oso idazle onak daude hemen eta publikoa ez dago oraindik prestatuta idazle horiek idazten dutena irakurtzeko. Gizarteak ez du beharko lukeena egin, hots, idazleengana joatea. Hemen idazleak joan behar du publikoarengana eta hori egiten denean ateratzen diren obrak dira euskaltegietan irakurtzekoak».

Urtzi Aranburu dantzaria Euskal Herriko dantzaren egoeraz Garan: «Akademiek oso maila ona eta altua dute, baina dantza egin ahal izateko, aldiz, atzerriko taldeetara jo beharra dago».

Andoni Egañaren hitzok jaso zituen Berriak: «Bertsolaritza indartsu ikusten dut, gizarte modu honi oso ondo egokitzen baitzaio; egungo kontsumo parametroetan nahiko ondo egokitzen da bertsoa. Ahozkoa eta bat-batekoa da, eta bertsoak ez dira irauteko eginak».

Gari Berasaluzek zera izkiriatu zuen Beterriko Liburuan: «Nobelaren diktadura azken batean kapitalismoaren diktadura besterik ez da, erraldoiak gure liburugintzaren banaketa sistema ere irenstea lortu baitu».