argia.eus
INPRIMATU
Bihotz erdiarekin zoriontsu bizi zen haurra
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21

Matthew Baumber umeak 22 hilabete besterik ez ditu, eta itxura guztien arabera zoriontsu bizi da. Baina orain arteko bere bizimodua ez da batere erraza izan.
Isabel ama haurdun zegoela, kontroleko ekografian fetuaren bihotzaren eskuinaldea ez zela modu egokian osatu ikusi zuten medikuek, eta bihotzak odola behar bezala ponpatzen ez zuenez, bikoteari haurdunaldia eteteko gomendatu zioten, umearen bihotza konpontzeko egin beharreko ebakuntza oso arriskutsua baitzen.

Hala ere, David eta Isabel senar-emazteek pentsatu zuten umeak aukera merezi zuela, eta jaio ondoren 4 orduko ebakuntza gogorrari esker, umeak bizirik iraun zuen. Zazpi hilabete zituela, berriro ere beste ebakuntza bat egin behar izan zioten umeari, bere osasuna asko hondatu baitzen, eta operatu ezean, ez baitzuen bizirik jarraitzeko aukerarik.

Geroztik, hamalau hilabete joan dira, eta gaur egun Matthew umeak bizimodu ia normala egin dezake. Haurtzaindegira joaten ere hasi da. Amak dioen bezala, "ikaragarria da korrika ikustea. Betiko galduko genuen beldur ginen, ebakuntza arrisku handikoa zelako, baina bihotz-erdi horrek lagunek egiten duten guztia egiteko aukera ematen dio. Diferentzia bakarra da, Matthew errazago nekatzen dela".

Erresuma Batuan ez dira asko umeari egin zaion kirurgia konplikatua burutzeko gai diren osasun-zentroak. Adituek, bestalde, jakin-min handia dute era horretako gaixoen eboluzioa zer-nolakoa izango den ikusteko. Birmingham-eko haur-ospitalean Matthew-en kasua gainbegiratu zuen John Wright kardiologoak esan bezala, "umearen osasun egoera oso larria zen, eta ebakuntzarik gabe, zinez, hil egingo zatekeen. Operazioei esker, eskolan moldatzeko gai izango da, eta baita bere adineko beste umeek bezala jolasean aritzeko edo gorputza lantzeko ere. Ez dakigu bere etorkizuna zein izango den, baina 20 urte barru, bizimodu aktiboa egiteko kapaz izatea espero dugu".