Abesbatzak ahots bila


2021eko uztailaren 28an

Ehunka koro dira Euskal Herrian mota ezberdinetakoak. Milaka ahots koru horietan kantari. Heltzen al dira baina, euren doinuak nahi adina belarritara? Badirudi Hego Euskal Herrian behintzat, musika korala ez dela sasoirik onenean. Koruak egon badira, baina apurka jendea galtzen ari dira. Krisiaz hitz egiten dute. Arrazoiak hainbat izan daitezke eta koru bakoitzak bereak ditu. Amateurrak izanagatik, norberaren konpromisoak eta koruko jarduera uztartzea zaila izaten da batzuentzat. Beste batzuek dirua falta izaten dute. Arazo horiek orain arte ere nozitzen zituzten, baina orain jendearen falta gehitu zaie, batez ere gizonezkoena.

Heziketa, oinarri sendoa

Garai batean, Elizak indar handia zuen gizartean eta koruak ere Elizari oso lotuak ziren. Apaizak edo maisu-maistrak izaten ziren haurrei kantuan irakasteko ardura hartzen zutenak. Hala, ahotsik onenak hautatu, neskatoenak zein mutikoenak, eta erdi derrigortuta, baina askok parte hartzen zuen parrokiko koruan. Batzuentzat trago txar bat baino izan ez zena, besterentzat bizi osorako karrera baten hasiera izango zen.

Egun, haurrak dira, euren gogoz edo gurasoen eskutik, korura jotzen dutenak. Haur abesbatzak izaten dira helduen koruen harrobia, eta beraz, gero eta gehiago zaintzen dituzte. Haurrekin lanean aritzen direnak, musika prestakuntza berezitua duten pertsonak izaten dira orain. Gasteizko Crescendo musika elkartean esaterako, proiektu pedagogiko berezi bat dute eta bertan, kantu koralaz gain, ahots teknika, musika lengoaia, dantza garaikidea eta afrikarra eta pianoa ere ikasten dituzte haurrek, formazio osoagoa izan dezaten. Elkarte honetan, abesbatza bat baino gehiagok parte hartzen du, baina Luis Dorao Unamuno da ezagunena.

Abesbatza honek bidaia eta elkartruke asko egin du kanpoko koruekin eta baita hainbat sari irabazi ere. Inma Arroyok, abesbatza honetako zuzendariak, Europako iparralde eta ekialdeko herrietan adibidez, tradizio koral handia dutenez, eskola bakoitzak bere korua duela eta kalitate handikoak direla kontatu digu. Hala ere, Arroyoren ustez, badira hemen, bospasei haur abesbatza, haien inbidiatan egon beharrik ez dutenak. Are gehiago, koru horiek, helduen koruak bezain onak izan daitezkeela dio.

Maila horretara heltzeak lan handia eskatzen du noski, bai haurren aldetik, baina baita zuzendarien aldetik ere. Arroyok, haurrei gauza erakargarriak eskaini behar zaizkiela irizten dio, egun duten eskaintza zabal horretan, kantua aukera dezaten. Luis Dorao Unamunokoen errepertorioan adibidez, musika garaikidea, folklorea, jazz eta pop musika nahasten dira. Gaurkotasun handiko errepertorio horrekin, haurrak gustura aritzea eta era berean publikoarekin errazago konektatzea, lortu nahi dute.

Ahotsa aldatzen denean

Haurrak haur diren artean, erraza izaten da haiekin lan egitea. Kozkortzen direnean heltzen dira benetako arazoak. Entusiasmoa galtzen du batek baino gehiagok eta beste batzuentzat, gorputzak izaten dituen aldaketa fisikoak izaten dira arazo.

Nerabezaroa heltzen denean, gorputz osoan gertatzen den hormona aldaketaren ondorioz laringea eta ahots kordak handitu egiten dira eta beraz, ahotsa aldatu egiten da. Oso tarte delikatua izaten da hau kantarientzat. Neskatoen artean ez da oso nabaria izaten, baina mutikoen artean arazo larria bihur daiteke. "Berriro ere ikasi behar dute nola abestu, haurrek oso instintiboki egiten baitute kantuan, baina gero teknika bat landu behar izaten dugu, ahots berri horrekin ohitzeko. Arnasa, diafragma, ahoa… erabiltzen irakasten diet", azaldu digu Gotzon Arrizabalaga, Donostiako Orfeoian ahotsen hautaketa egiteko ardura duenak.

Tarte horretan ez dute taldean parte hartzen eta batzuentzat nahiko traumatikoa izaten da, nahiz eta kasurik gehienetan, teknika berrikasitakoan arazorik gabe aurrera jarraitzen duten. Urtero, gutxi gorabehera, 12 pertsona berri sartu ohi dira Orfeoiaren talde handian. Urte osoan zehar egiten dituzte frogak eta irizpide jakin batzuk jarraitzen dituzten arren, nahi duena aurkez daiteke, nahiz eta musika edo solfeo ezagupen handirik ez izan. "Ahotsen musikaltasuna bilatzen dut, gozoa eta aldagarria izatea, ‘belarri ona izatea’, esaten dena. Gazteak nahiago ditugu, baina 40 urte dituen bat badator eta oso ahots ona badu, noski, onartzen dugu", dio Arrizabalagak.

Mutilek futbola nahiago

Une honetan, talde asko ari da ahots berrien bila. Bietarik behar dute, baina mutilen falta da batik bat sumatzen dutena. Orokorrean, kultur jarduera guztietan gertatzen ari den zerbait da. "Mutikoek orain beste hamaika gauza egitea nahiago dute. Futbola eta korua aukeran ematen badiezu, futbolera joko dute. Neskek ordea, beste ardura batzuk dituzte, ausartagoak dira horrelakoetan parte hartzeko eta errazago konprometitzen dira gainera", dio Joxe Mari Aierdi, Euskal Abesbatzen Elkarteko idazkari nagusiak.

Koru askotako arduradunak beldur dira, etorkizunean, soilik emakumeen ahotsez osatutako koruak bakarrik izango ote ditugun. Aierdik erakundeek inplikazio handiagoa izan behar luketeela uste du eta haurrek, eskolan, musika heziketa hobea behar luketela: "Haurrek abesten ez, behar bezala hitz egiten ere ez dute ikasten. Horregatik, gero eta haur gehiago bidaltzen dute logopedarengana, ahots kordetan arazoak dituztela-eta".

Bestalde, Euskal Abesbatzen Elkarteko idazkari nagusia kezkatuta dago, Euskal Herrian oraindik abesbatza profesionalik ez dugulako: "Ez da normala. Gaitasun handia duten abeslari askok kanpora jo behar izan dute, hemen bizibiderik ez dutelako aurkitu. Nik uste dut Euskal Herrian behar dugula eta badagoela nahikoa abeslari eta zuzendari on, horrelako bat osatzeko".

Beste batzuen iritziz ez dago koru profesional baten beharrik. Jose Luis Ormazabalek esaterako, Durangoko Doinu Zahar abesbatzako zuzendariak, Donostiako Orfeoiak beharrezkoa den ispilu efektua egiteko paper hori sobera betetzen duela uste du eta Espainian RNEk duen abesbatza baino eredugarriagoa dela. Abesbatza profesionala egingo balitz, amateurren grina ez lukeela izango baieztatzerakoan bat datoz zuzendari asko.

Ilusioz beterik

Ormazabalek zuzentzen duen korua, Doinu Zahar, entusiasmo horren adibide argia da. 20 urte egin ditu taldeak eta hasieran ziren gehienek jarraitu egiten dute oraindik. Hasieran konpromiso handirik ez zuen gazte talde bat zen baina, adinak, lana eta familia eman dizkie: "Taldean bikoteak sortu ziren. Orain, ezkondu eta haurrak izan dituzte. Horietako bat, koruko partaide gazteena da hain zuzen. Gurekin hazi da, koruan", dio.

Bakoitzaren eginkizun eta konpromisoekin betetzen saiatzen dira. Entseguak asteburuetan egiten dituzte eta haurrak zaintzeko pertsona batzuk ere badituzte. Hartara, gurasoek entseguak egiten dituzten bitartean; eurek antzerkia, plastika eta musika egiten dute. Kurtsoaren amaieran gurasoentzat emanaldia egiten dute.

Bidaiak egiteko ere aurretik ongi adostuta egiten dute. 14 partaide baino ez dira koru honetan. Beraz, ia inork ezin du huts egin kontzertu batean, ahotsen jokoa hauts ez dadin. Horregatik aldez aurretik prestatzen dituzte bidaiak. Laster egun batzuk egingo dituzte Santanderren eta dagoeneko uda aurretik antolatu zuten bidaia.

Donostiako Ereski abesbatzaren kasua ere antzekoa da, baina bertako partaideek kontatu digutenez, ez dute arazo handirik izaten horrelakoak antolatzeko. Gustura egiten duten zerbait da eta jai egun batzuk nolabait sakrifikatzeaz gain, ez zaie axola euren poltsikotik dirua jarri behar badute ere. "Diru laguntzak oso murritzak dira, baina ez da abesbatzekin bakarrik gertatzen den zerbait, arazoa orokorragoa da. Frantzian adibidez, arte ekoizpena babesteko funtsa dute, Suedian eta Norvegian diren neurriak ere eraginkorrak dira oso. Hemen ez. Ikusi behar Jaurlaritzak aurkeztu duen Kulturaren Euskal Planak zer dakarren", azaldu digu Migel Zeberio, koruko zuzendariak.

Zeberioren ustez garai txarrak dira oraingoak artearentzat, orokorrean. Ez da erraz artea bizimodu eta ogibide izatea. Abesbatzen kasuan, etorkizunari begira, jarrera aldatu behar dela dio: "Arazoa gurea da, ez dugu kanpoan bilatu behar. Publikoari eskatzen duena eman behar diogu eta ez purua eta tradizionala dena. Ausardiaz, berritzea eta moldatzea da etorkizunari eusteko modu bakarra, ez dago besterik".

Tolosako Abesbatza Lehiaketa
1969az geroztik, urtero egiten dute Tolosan Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketa. Pixkanaka ezagun egin da mundu osoan eta egun izen handia du. Aurten, 36. edizioa izango du eta urriaren 27tik azaroaren 1a bitartean egingo da. Javier Bello Portu konpositore tolosarrak jasoko du aurten omena. Mundu osoko hainbat abesbatza izango da. Helburua, estiloa, interpretazioa, abesbatza literatura, ahots heziketa eta batez ere, hainbat herrialdetako kulturen elkartrukea egitea da.

Helduen bonoak 55 euro balio ditu, sarrera solteek 7 euro. Haurrek gutxiago ordaindu beharko dute. Sariak, azaroaren 1ean banatuko dituzte, Leidor zinema aretoan.


Azkenak
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude