argia.eus
INPRIMATU
Jon Aiastui: «Egotekotan, aldea poemen artean dago, ez atalen artean»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 16a
Poemak, ipuinak eta marrazkiak bildu dituzu liburuan. Zergatik?
Kontua da liburu bat atera nahi nuela, eta horretarako, hortik zehar neuzkanak bildu eta azala eta izenburua ipini nizkiela. Ez nuen ahalegin handirik egin batasun bat ematen. Piezak ordenatu nituenean buruan nuena gehiago zen ehun bat orrialdeko objektu bat lortzea. Eta beno, egia da nahiko "mix" geratu dela. Dena den, poemak, ipuinak eta marrazkiak nahastea ez zitzaidan problema iruditu. Nik metrora eramateko moduko liburu bat atera nahi nuen, eta halako materiala neukan, estaziorik estazio tarteka irakurtzekoa: harakoan istorio bat, honakoan lau poema...

Poemen nondik norakoak azaltzerik bai?
Bi atal egoteko arrazoia sinplea da. Nongo nor 1999an argitaratu zen Oñatiko Potxon, eta niretzat beti izan da nire lehen lan literarioa. Liburu hau prestatzean ez nuen asko pentsatu, ez zitzaidan okurritu poema guztiak atal batean aurkeztea, nahiz eta nire ustez poema bakoitza berez lan bat izan, bere espazioa hartzen duena, bere hasiera eta amaiera duena. Materiala bildu nuenean, lehen "mini-album" hori bere horretan sartu nuen, eta gero beste poemak beste zaku batean.

Zer alde dago atal batetik bestera?
Nik uste dut, egotekotan, aldea poemen artean dagoela, ez atalen artean. Esangurak eta estiloa, iruditzen zait poema bakoitzean bana dagoela. Filosofia ikasi nuen nik, eta badira poema filosofikoak, adibidez. Sarrionandia eta Kavafis asko gustatzen zaizkit, eta badira horien estilokoak ere.