argia.eus
INPRIMATU
Hitz Bitan
Katixa Garate 2021eko uztailaren 16a
Xalbadorren Odolaren mintzoa liburuaren hirugarren argitalpena karrikaratu dute. Deiadarra elkarte sortu berriak Xalbador Eguna antolatu du bertsolariak utzitako altxorra gordetzearren. Urepelen egingo dute azaroaren 7an eta urteroko zita bilaka dadin nahi dute.

Asun Goikoetxeak azken hamarkadan egindako artelanak ikus daitezke Nafarroako Museoan (Iruñea), azaroaren 14a arte. Lunaritas izeneko erakusketan paper heliografikoaren gainean egindako hogeita hamar koadro eta bi kaiera bildu ditu pintore iruñearrak.

Moare eta Amarauma taldeek Gau bakar bat dantza ikuskizuna estreinatuko dute Irungo Amaia antzokian, hilaren 24an. Ixiar Rozas da testuaren egilea eta laster argitaratuko du.

Iban Zalduak Itzalak liburua plazaratu du Erein argitaletxearekin. Laugarren ipuin liburua du honako hau.

Maialen Errotabehere kantari gazte baina eskarmentudunak estraineko diskoa plazaratu du: Nere mundua (Agorila).

Ortzadar Euskal Folklore Taldearen hogeita hamargarren urteurrena da aurtengoa. Hori ospatzeko, jaia egingo du larunbatean (hilak 23) Iruñean.

Garik bakarkako hirugarren lana erditu du Elkarrekin: O-tik. Jon Benito, Jon Maia, Bernando Atxaga, Kepa Murua nahiz Garik idatzitako letrak dituzte diskoan jasotako hamaika abestiek.