argia.eus
INPRIMATU
Bi neurkera ezberdin
2007ko otsailaren 21

Galindo jeneral ohia kalean ikusteak legea aplikatzeko bi era ezberdin daudela nabarmendu du. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten hiru alderdi politikoak bat etorri dira lehenengo eta bigarren mailako presoak daudela salatzearekin.

Baina ez dute gauza bera egin Maixabel Lasak euskal presoen familiei egindako eskaerarekin. Presoak hurbiltzeko bidean, "beren senideek oker jokatu dutela" onartzeko eskatu die Biktimen Arretarako zuzendariak. Legeak adierazten duen presoek beren senideekiko hurbil egon beharraren aplikazioa Presondegien Zuzendaritzari eskatu ordez, presoen senideei zuzentzen die eskaera, presoen sakabanaketa leporatu nahian. Presoen senideak ez al dira gatazkaren biktimak ere?

Bitartean, Maixabel Lasak defendatzen dituen biktimak buru belarri daude presoak UPV/EHUn berriro ikasten egotea ahalbideratuko duen hitzarmena oztopatzen. Eskatu al die beraiei, hitzarmenaren alde agertzea? Argi eta garbi sufrimendurako bi neurri ezberdin erabiltzen ari dira.

Arlo instituzionalean ere sumatzen dut bi neurkera ezberdin. Ikasturte politikoaren hasieran kristoren oihartzuna hartu dute zenbait zinegotzik jasotako eskutitzek. Mehatxu egin omen dute.

Nik dakidanez, eskutitz horiek jaso dituzten zinegotziak, azken udal hauteskundeetan baliogabetzat hartutako bozei dagozkienak dira eta beraien dimisioa eskatzen zaie. Eskutitza pertsonala da eta egiten den interpelazio -ez mehatxua- zuzenak ez du inoren gustukoa izan behar. Horrelako eskutitza jasoko banu, ziur nago ez nintzatekeela eroso sentituko eta nire buruari galdetuko nion zergatik jaso dudan horrelako eskutitza.

Eta erantzuna argia da: laster urtebete t'erdi beteko da Udal eta Batzar Nagusiak ezkerreko eta abertzaleak garenon ordezkaritzarik gabe osatu zirenetik. Baina baliogabeturiko milaka eta milaka bozei zegozkien ordezkarien lekua beste batzuek hartu zuten -salbuespenak salbuespen-, herritarren borondateari muzin eginez.

Hilabete hauek guztietan zehar, Udalak eta Foru Aldundiak gobernatzen dituzten alderdiek, ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu dute, egoera guztiz demokratikoa izango balitz moduan. Bilboko Udala horren eredu: EAJ, EA eta EB alderdiek osaturiko Udal Gobernuak muzin egin die Herria Aurrera Plataformak bere udal jarduera bermatzeko egindako proposamen guztiei. Ez dute tutik ere egin beraiek hitzez salatzen duten egoera antidemokratiko hori konpontzeko. Berdin da dagokigun ordezkaritza eskatzea edota Batzordeetan eta Udalbatzan parte-hartzea eskatzea: aho-bateko ezetza jaso dugu behin eta berriro, bai Alderdien Legearen egileen aldetik, bai bere kontra omen dauden EAJ, EA eta EB hirukotearen aldetik. Eta Azkuna jaunak esaten dionari erreparatzen badiogu, beraiek legea aplikatzen dute, eta kitto. Alderdien Legea, noski!

Ibarretxe Lehendakariak, Berdintasun-Legearen aurkezpenean, "hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia" dela esan berri du. Baina ez bakarrik gizon eta emakumeon arteko berdintasunari dagokiolarik. Aukera politiko guztien parte-hartzea bideratzeko neurriak hartzeko garaia da, Alderdien Legearen aurkako hitzetatik Alderdien Legea gainditzeko urratsak emateko garaia.

Baina horrek, herritarren borondateari muzin eginez hartutako zinegotzien dimisioa eskatzen du, Udalak herritarren bozen isla izan daitezen. Dimisioa pertsonala den heinean sortutako egoera ez da erosoa, baina laster izango dugu antzeko adibide bat: Berdintasun-Legea onartzen bada, datozen hauteskunde autonomikoetako zerrendek parekideak -seinaka, bederen- izan beharko dituzte. Gizon askok beren eserlekuak utzi beharko dituzte, emakumeek bete ditzaten eta alderdi ezberdinetan liskarrak sortuko direla konbentzituta nago, baina ez dut uste gizon horiek mehatxatuta sentituko direnik. Ala bai?