Oso esperientzia interesgarria izan zen eskola hura, aldizkari bat argitaratu zen bertan, %50 euskaraz eta %50 gaztelaniaz. Hilabetean behin testu bat euskaraz publikatzen zen gutxienez, urtean hamabi bat antzerki. Gaur egun Artez aldizkariak portzentaje hori baino gutxiago betetzen du. Orduan, alde horretatik atzera goaz. Badirudi, Antzertiren ideia berriz ere buruan darabiltzatela batzuek. Ikus-entzunezko gaia lantzen duten ikastetxe batzuk bilduz gero Antzerti eskola antola liteke. Baina hori agintariek eta politikoek erabaki beharko lukete, gu langile xumeak gara, gure azterketak, liburutxoak eta ideiak ekarri behar ditugu. Antzerti tailer ugari sakabanatuak izan arren gure lurraldean, antzertiaren egoera larria ikusirik, Antzerti bezalako eskola edo hobeago bat ireki beharko litzateke gazte zaletuei zerbitzu hori emateko, zerbitzu on bat. Eskolatik hasita haurrek ikasi behar dute euskaraz ongi hitz egiten, ideiak ondo espresatzen, eta horretarako antzertia bitarteko hezitzailea eta literaturarako bide bikaina da.