argia.eus
INPRIMATU
Karmele Jaio: «Giza harremanetan sortzen diren arazoak azaldu nahi izan ditut»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Zer dela eta hartu dituzu bikoteen arteko komunikazio arazoak gaitzat?
Egia esan, giza harremanetan sortzen diren arazoak azaldu nahi izan ditut, eta gertatu zait bikote harremanetan aurkitu dudala komunikazio arazoen harrobi emankorrena. Baina nire helburua gehiago izan da bi pertsonen artean esan gabe gelditzen diren esaldi horiek azalaraztea, edota emakume baten hasperen baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak hitzen bitartez irudikatzea. Burutik pasa baina esan gabe geratzen zaiguna eta hor barruan zauria sortzen diguna ekarri nahi izan dut azalera.

Giro urbanoa hautatu duzu horretarako. Zergatik?
Nik bizi dudan garai eta tokiko giroa da. Nahiko urbanoa naizenez, ezagutzen dudan giroan kokatutako gauzak idazten saiatu naiz. Nolanahi ere, kanpoaldeko paisaiak baino gehiago azpimarratu nahi izan ditut barrukoak, alegia pertsonen sentimenduak.

Amaren eskuak nobelaz zer edo zer aurreratzerik?
Nire asmoa da nobela horretan bi emakumeren istorioa agertzea. Bata ama eta bestea alaba izango dira. Hauen bidez, erakutsi nahi ditut bi gizarte, bi testuinguru eta bi garai: batetik, ama gazte zenekoa, orain dela 50 urte ingurukoa; eta bestea alabarena, gaur egunekoa. Agertu nahiko nuke batak eta besteak bizi izan dutena zein ezberdina izan den, baina aldi berean azpimarratu zein berdina den dena. Azkenean, lege berdinen pean gaudela gizakiak, kasu honetan emakumeak, nahiz eta garaia eta gizartea oso ezberdinak izan.