argia.eus
INPRIMATU
Euskal PEN kluba
2021eko uztailaren 27a
Osatu da eta martxan jarri da, azkenean, Euskal PEN Kluba. Talde hau osatzeko lehen saioa duela berrogeita hamar bat urte izan zen, Andima Ibiñagabeitia, Jokin Zaitegi, Jon Mirande, Federiko Krutwig, Txomin Peillen eta beste zenbait idazle tartean zirela. Erakunde hark, ordea, eta zoritxarrez, ez zuen aurrerapausorik egin. Bigarren ahalegin bat egin zen, 1987an, baina honek ere huts egin zuen. Orain dela gutxi, esan bezala, eratu da Euskal PEN Kluba, apirilean, eta duela hilabete onartua izan da mundu guztian, Basque PEN Center izenaz, Norvegian ospatu den munduko batzar nagusian. Beraz, euskal taldea lanean da dagoeneko Laura Mintegiren lehendakaritzapean. PEN erakundea 1921ean osatu zen Londresen eta gaur egun 150 zentro daude munduan zehar 100 bat herritan barreiatuta, 15.000 bat kide dauzkalarik. Jakina denez, "pen" hitzak "luma" esan nahi du ingelesez baina, horrezaz gain, PEN izena akronimo bat da poetak, editoreak eta narraziogileak hartzen dituena »zehazkiago esanda: Poets, Playwrigths, Essayists, Editors and Novelists». Hauetako edozein izan daiteke "penkide". Idazleen arteko lankidetza eta harremana bultzatzeko asmoz sortu zen eta adierazpen-askatasunaren alde lan egiteko, edozein delarik kideen hizkuntza, arraza, kolorea eta pentsamendu politikoa. Erakundearen barruan hainbeste lan-talde eta komisio daude, esate baterako, beren iritzien edo idatzitakoarengatik preso dauden idazleen aldeko batzordea, itzulpen eta hizkuntza eskubideen aldekoa, bakearen aldeko idazleena, emakume idazleena, idazle atzerriratuen aldeko programa, larrialdietarako PEN fondoa...

Jakin beharra dago PEN foro irekia dela »ez dela sindikatu bat eta ezta literatura-agentzia bat ere», politikoki independentea eta gobernuz kanpoko erakundea. PEN International-ek zera adierazten du: a) Literaturak ez du mugarik ezagutzen eta jende arteko erabilera komuna izan behar du politikazko eta nazioarteko istiluen gainetik; b) Egoera guztietan, eta gerra-garaian batez ere, arte-lanek gizateria osoaren ondare direnez, ez lukete grina nazional edo politikoen kalterik jasan behar; c) PENeko kideek uneoro erabili beharko lukete beren esku duten eragina nazioek elkar ulertu eta errespeta dezaten, ahal duten guztia egitera konprometitzen dira arraza, klase eta nazio-mailako gorrotoak desagerrarazteko, eta mundu bakarrean bakean biziko den gizateria idealaren alde egiteko; d) PENek nazio bakoitzaren barruan eta nazio guztien artean pentsamenduaren oztopo gabeko transmisioaren printzipioa bultzatzen du, eta adierazpen-askatasuna edozein eratan murrizteari aurka egitera konprometitzen dira beren kideak dagokien herrialdean eta komunitatean, baita mundu osoan zehar ere, ahal den neurrian. PENek prentsa askea aldarrikatzen du eta zentsura arbitrarioaren aurka dago bake-garaian. Uste du ondo antolaturiko ordena politiko eta ekonomikorantz munduak egin behar duen aurrerapenerako gobernu, administrazio eta erakundeen kritika askea ezinbestekoa dela. Eta askatasunak norberaren borondatezko neurritasuna eskatzen duenez, kideak prentsa askearen gaitz hauen aurka jardutera konprometitzen dira, hots, argitalpen gezurtien, berariazko faltsukeriaren eta helburu politiko edo pertsonalengatik egitateak desitxuratzearen aurka. Idazle, editore eta itzultzaile gaitu guztiak izan daitezke PENeko kide, helburu hauek onartzen badituzte, zeinahi nazionalitate, hizkuntza, arraza, kolore edo erlijioetakoak direla ere.

Nik, hemendik, PENkide izateko gonbitea luzatu nahi diet euskaraz idazten duten guztiei, ados baldin badaude orain arte idatzi dudanarekin, komeni baitzaigu euskaldunok ere, behingoz, talde osatu bat egin dezagun, eta kanpoaldean euskal literatura (eta euskara) »Etxeparek aspaldi nahi izan zuen modura» ezagunago izan dadin. Hala biz.