argia.eus
INPRIMATU
Eliza, bankuak eta prentsa
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2021eko uztailaren 27a
Asier orain dela bi egun sortu da mundura Euskal Herriko ospitale publiko batean. Bi egun bai, eta dagoeneko ezagutu behar izan ditu bere arima eta izerdia zupatu nahiko dizkioten hiru mamuak. Ospitale publiko batean jaio da »oso ondo atendituta, dena esatera», baina, Eliza, bankuak eta prentsa gelako aterik jo ere egin gabe sartu dira barrura. Ez dakit nork eta zein eskubiderekin esanda, Asier oraindik paperik gabeko etorkin bat besterik ez baita mundu honetan. Lehenbizi Eliza etorri zaio Asierri, jaio eta oso ordu gutxira. Eskumuinak bezala, zerua ere merke dago nonbait. Lurrekoa kenduta, zerua ez dakit zer den, baina, bakea gauza ederra da ba besteri emateko ere. Elizak jakin beharko luke hori, eta Osakidetzak zer esanik ez. Asier jaio-berriaren bigarren mamua prentsa edo prentsako batzuk izan ziren. Izena kendu nahi zioten hurrengo egunean beren orri eta uhinetan barrena zabaltzeko, hala egin ezean erabat jaio ez balitz bezala. Eta hirugarren mamua »benetan gainera mamua», bankuak. Aurrezki kutxa bat Asierren kasuan. Aurreko biek bezala, hark ere ez du Asierren gelako aterik jo, ezta txandarik hartu ere. Bi eguneko umeari libreta zabaltzea eskaini diote, 12 eurorekin gainera, eta aurrezki kutxaren logotipoa duen babero polit bat eman diote opari. Asier behin bakarrik jaio da eta, jakina, berria egin zaio hiru mamuren bisita. Gero jakin du berria ez baizik aspaldiko kontua dela. Noiz artekoa, ordea?