argia.eus
INPRIMATU
Caballito, urtebete greban
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 19a

Batzar orokor eguna Caballitoko langile grebalarientzat, USO-LSB sindikatuaren Gasteizko egoitzan. 11 hilabete bete dira dagoeneko greba hasi zenetik eta langileak burumakur irten dira bileratik: bezperan enpresaren zuzendaritzarekin izandako bileraren berri eman diete eta enpresak 9 asteko epea eskatu du plangintza bat egiteko. Gutxienez beste bi hilabete zain egon beharko dute. Chus, Javi eta Pacok manipulazioan lan egin dute orain arte. Lehen biek hamalauna urte eman dituzte horretan eta Pacok hamabi. Silvanok barne garraioan jardun du 19 urtez. Adela kaleratu dituzten 6 langileetako bat da; 7 urte zeramatzan Pferd-en lanean.

Gogor eta luze doa greba guztientzat. Urrun ikusten dute greba hasi zeneko 2003ko urriaren amaierako egun hura. «Hau ez da urtebeteko greba», dio Pacok, «hau egun bateko greba zen, hurrengo egunera pasa zena, eta gero hurrengora... eta beti konponduko dela pentsatzen duzu». Haien asmoa gauzak grebara jo gabe konpontzea zela diote, baina greba egitearen erabakia hartu zutenean konbenioa sinatu gabe dagoeneko 10 hilabete zeramatzatela gogorarazi dute. Eta grebaren bezperan enpresak 25 langile soberan zeudela bota zuen. Langileek soldaten izoztea onartuz gero, ez zuten inor kaleratuko konbenioaren lehen urtean. Gainera urtean 70-80 ordu gehiago lan egiteko eskatzen zitzaien. Nolatan, langileak sobran bazeuden? Beste irtenbiderik ez zutela izan diote. «Enpresa gaizki joan balitz denok ulertuko genuke, ahalegin bat egingo genuke» dio Silvanok. Baina 20.000 disko ekoizten zituen fabrika zaharraren irabaziak ezagutzen dituzte, eta 50.000 sortzeko prestatuta dagoen Jundizko planta berriak sortuko dituenak aurreikus ditzakete. «Ordu gehiago sartuko dituzten langile gutxiagorekin, gehiago produzitu nahi dute. Urrezko arraultzak ematen dituen oiloa nahi dute».

Caballitoren konbenioak 190 langileri eragiten die eta horietatik 117k diraute greban egun. Lanera itzuli direnekin haserre daude, baina baita enpresaren jarrerarekin ere. «Zuzendaritzak koakzioa erabiltzen du», diote garbi, «ederki dakite nola jokatu, zeini ipini salaketa, zeini egin dei pertsonala». Greban zehar haur bat izan duen Adelak diru proposamen bat baino gehiago jaso duela dio, baina gauzak argi ditu: «Kaleratze gehiago izango zirela esan zutenean jo nuen grebara. Nik nire lanpostua defendatu dut, baina hori ere galdu dut. Bada, nire duintasuna defendatzen ari naiz. Dena galdua dut, beste lan baten bila hasi nintekeen aspaldi, baina eustea erabaki dut».

Erresistentzia kutxa eta karabana

Ekonomikoki zaila da greba bat aurrera eramatea. Eta ezinezkoa urtebetekoari eustea, ELA eta USO sindikatuen erresistentzi kutxengatik ez balitz. Sindikatu horietan afiliatuak ez dauden langileek ere kantitate bera kobra dezaten erresistentzi kutxen zati bat funts komun batean sartzen dute. Soldaten %75 jasotzen dute horrela, baina urteko aparteko bi ordainsaririk gabe. Azkenean soldataren %60 geratzen zaie. «Batez beste soldataren erdia hipotekatua daukagula kontuan hartuta, beste gastuentzako %10arekin oso larri gabiltza», diote. «Nire kasuan amarengatik ez balitz...», dio Pacok. «Nik maileguei esker egin dut aurrera», gaineratu du Javik. Horrekin Pferd-eko gerente Jose Ignacio Gonzalezen hitzei erantzun nahi diete, grebalariak «opor ordainduetan» zeudela esan baitzuen. Horrez gain, ez dute ahaztu nahi kaleko jendeak ematen dien laguntza, Gasteizen zabalduta dauden itsulapikoen bidez, bonoen bidez...

Zailatsun ekonomikoez gain, animikoki ere gogorra da greba. Baina hasieran Artiumen, gero katedralean eta egun Jundizeko lantegi berriaren atarian paratu duten karabanak laguntza handia ematen die. Bertara jo dugu. 6 orduko txandatan banatuta, han dira langileak asteko 7 egunetan, eguneko 24 ordutan; neguko hotzetan eta udako eguzkipean. «Baina hobe da karabanan egotea etxean, bakarrik, buruari bueltaka egoeta baino. Gainera, elkarrekin barre egiten dugu eta hori eskertzekoa da», dio Adelak. Baina dena ez da irribarrea lantoki atarian. Eguerdiko 14:00etan txanda berri bat sartzen da lanera eta autobusa iristean tentsio uneak bizi dira grebalarien eta lanera itzultzea erabaki dutenen artean. Eta guztiaren lekuko lantokiko kamera berriak. Jundizeko fabrikan segurtasun pribatua kontratatu dute eta 60 kamera ipini. «Une honetan Gasteizko tokirik seguruenean zaudete, Eusko Jaurlaritzak ere ez du horrenbesteko segurtasunik. Baina hori guztia ez dago justifikatua». Eta joan den neguan gertatutakoa ekarri dute gogora: «Sekulako hotza egiten zuen eta karabanan irauteko goitik behera estali genuen geure burua. 'Enkaputxatu' hitza erabili zuten».

Senitartekoak eta ingurukoak ere gogoan dituzte greban daudenek. Askotan euren umore txarra haiekin ordaintzen dutela diote eta estuasun ekonomikoak haiek ere eragiten dituela. Guraso eta senar-emazteei greban jarraitzeko arrazoiak ulertarazteko ahaleginak egiten dituzte; batzuek errazago lortzen dute eta beste batzuek ulermen gutxiago dute inguruan. Eta seme-alabei ulertaraztea are zailagoa egiten zaie sarritan. Karabanan topatu dugun langile bati duela aste batzuk bere semeak zera eskatu zion: «Ama, desapuntatu zaitez grebatik!».

Bazkaltzeko orduan inguruan dagoen San Miguel kooperatibara jo dute, ohi bezala. «Hasieran ez ziguten ogitarteko eta edariengatik kobratzen. Gero guk eskatuta kobratzen hasi ziren, baina 0,70 euro kobratzen digute eskatzen duguna eskatzen dugula. Eta askotan ematen dieguna grebaren aldeko itsulapikoan sartzen dute» azaldu dute, esker onez.

Irtenbide zaila

Karabana atarian utzi ditugu grebalariak, partxis partida amaigabean batzuk, guztien eskutatik pasatzen diren aldizkariak irakurtzen beste batzuk, iritsi berri den Ertzantzaren patruilaren begiradapean.

Ia urtebeteren ondoren irtenbidea zail ikusten dute. «Hirugarren baten bitartekaritzatik etor liteke, Eusko Jaurlaritzak zerbait egin lezake. Mercedesen gatazka baldin badago mugitzen dira, 3.000 familia baitaude hor sartuta. Baina gu txikiak gara eta politikariak ez dira gurekin bustitzen, ez zaie interesatzen». Eta enpresari ez al zaio interesatzen? «Printzipioz inori ez zaio interesatzen urtebeteko greba. Ez dakigu enpresa zertan dabilen, zer nahi duen. Nahi izanez gero lantegia Poloniara eramateko denbora izan dute eta, mehatxua bota arren, ez dute egin». Enpresaren abokatuak epaile bati fabrika berria martxan jartzeko gai ez direla esan omen zion. «Gu langile kualifikatuak gara eta barrukoek ez omen dute diskoetarako nahasketa egokia lortzen. Agian horrek azal dezake eurek erabaki zorrotzik ez hartu izana». Beste eskaera guztiak alde batera utzi eta urtebeteren ondoren eskatzen duten gauza bakarra lanpostuak bermatzea da edo, kaleratzeen kasuan, negoziatuak izatea (orain arte enpresak 12.000 euroren truke kaleratu zezakeen langilea). «Dakigun gauza bakarra da hemen inork ez duela ezer bermatua. Ez guk, baina ezta greban zehar lanean jarraitzeko erabakia hartu dutenek ere».

Grebalarien aldetik gauza bat dute garbi, duela hilabete inguruko bileran hala erabaki baitzuten: «Ez sindikatuek ez beste inork ez digu esango zer egin behar dugun. Lanera itzultzen bagara guk erabakita izango da, eta denok batera». Greban dauden Caballitoko 117 langileei batasunik ez zaie falta. «Lankideen artean laguntza handia dago, hori behintzat ez digu inork kenduko».