argia.eus
INPRIMATU
Ardoa merkatu daiteke gutxiago saltzeko beldurrez
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a
Amaitu berria da Euskal Herriko Errioxako mahats-biltzea, prezioek behera egingo duten hasierako susmoa mantenduz. Uste honen eragileak bi dira: Espainiako Estatuan, kontsumoa %3a eta %6a bitartean gutxitu izana; eta esportazioak gutxitzeko arriskua. Ez dugu ahaztu behar iaz, bai Frantzian, bai Italian, behera egin zuela ardoaren ekoizpenak, eta horrek Espainiako Estatuko ardoaren esportazioak hazten lagundu zuela.

2003ko ekoizpena

2003ko datu ofizialen arabera, Euskal Herriko Errioxako ardoaren ekoizpena »jatorrizko deiturakoarena, hala Arabakoa nola Nafarroakoa» ia 95 milioi litrora heldu zen (94.513.793). Horietatik, ia 80 milioi litro Arabako Errioxako mahastietatik atera ziren, eta beste ia 15 milioi litro Nafarroako Errioxakoetatik, hurrengo orrialdeko taulan zehazten denez.

Errioxako jatorrizko deiturakoen multzoan, ekoizpen osoa 298 milioi litrora heldu zen. Horietatik %68,12a Logroñoko Errioxako mahastiei dagokio, %26,74a Arabako mahastiei, eta gainerako %5a Nafarroako mahastiei. Azpimarratzekoa da Errioxako jatorrizko deiturako ardoaren ekoizpen osoaren %56a ardo-ontzaileen elaborazioari dagokiola. Horrek, beraz, etengabeko garapena erakusten du kalitate handiagoko eta balio erantsi gehiagoko ardoen aldera. Arabako mahastien kasuan, ekoizpenaren %70erainoko portzentajea dagokie ardo-ontzaileen upategiei. Nafarroako mahastien kasuan, berriz, %50a baino gehixeago dagokie.

Arabako Errioxako upategiek, 2003. urtean, aurrekoan baino zerbait gutxiago saldu zuten »%0,72 gutxiago». Guztira 71,99 milioi litro izan zirenez gero, Errioxako jatorrizko deiturako 236,34 totalen %30,5a inguru adierazten dute. Kopuru oso horretatik, 214,6 milioi litro ardo beltza zen, 12,8 ardo zuria eta 8,8 ardo gorria. Arabako Errioxako ardoaren salmentek azaltzen duten portzentajea handiagoa da, baldin eta kontuan hartzen baditugu balio erantsi gehienekoak: komertzializatutako erreserbakoak eta erreserba handikoak, %42,3ra eta %46,5era heltzen baitira, hurrenez hurren.

Merkatuka, beherakada arina ikusten da Arabakoen iazko esportazioetan, saldutako litroen %8,41 litro izan baitzen. Guztira, 17,1 milioi litro saldu ziren atzerrira; hau da, Errioxako jatorrizko deiturako ardoaren esportazio totalen %25,9. Horiek ere eragin zituen atzerriko salmentak gutxitzeak, %8 ingurukoa izan baitzen. Barruko merkatuko salmentez den bezainbatean, ia %2 gehitu ziren Arabako upategien kasuan, baina %4,49 gutxitu ziren Errioxako jatorrizko deiturakoen multzo osoan.

Ardoaren negozioak ekoizpen handiagorako garapena izan du azken urteotan. Esate baterako, Arabako Errioxan babespeko mahats-ekoizpena %82,35 hazi zen 1991tik 2003ra bitartean, 83,7 milioi litrora iritsi arte. Garai horretan bertan, babespeko ardoaren ekoizpena %138,6 hazi zen, 79,7 milioi litroraino. Maximo historikoa 2000. urtean izan zen, 84,2 milioi litro produzitu baitziren.

Ardo-kontsumoa gutxitu egin zen 2003an

Nazioarteko egoera gatazkatsuak eta ekonomiaren errezesioak baldintzatutako urtea izanik, orokorrean, ardo-salmentak behera egitea espero zen. Bukaerako emaitzak, ordea, uste baino hobeak izan dira, gutxiago kontsumitu bazen ere, prezioek gora egin baitzuten, bereziki ardo gazteenenak. Datu ofizialen arabera, Espainiako Estatuan, ardo-kontsumoa %3a gutxitu zen 2003an, eta portzentaje hori %6ra heltzen da jatorrizko deiturako ardoen kasuan. Beherakada horren kausa nagusia ostalaritzako kontsumoa %10a gutxitu izana da.

Espainiako Estatuko merkatuan, ardo onduaren eta erreserbakoaren salmentak %7,76a eta %6,87a hazi ziren hurrenez hurren; esportazioetan, aldiz, aurreko urteko salmentak mantendu ziren. Litroko 4,37 euroko prezio batez bestekoan oinarrituz »iazkoa baino %2,82 gehiago», aurtengo diru-sarrerak 288,9 milioi eurora iritsiko lirateke Arabaren kasuan, eta 1.000 milioi euro ingurura Errioxa osoaren kasuan.

Atzerriko bezero onenak
Errioxako ardoaren atzerriko merkatu nagusia, oro har, Erresuma Batuak izaten jarraitzen du, 19,18 milioi litro esportatu baitziren hara, 86 milioi euroko balioarekin. Aurreko urtean lortutakoaren antzeko fakturazioa izan zen. Hala eta guztiz ere, aitortu beharra dago Erresuma Batura saldutako Errioxako ardoaren kopurua %7,76a gutxitu zela 2003an. Ondotik darraizkio Alemania, 12,6 milioi litrorekin »%14,6 gutxitu da», eta Suitza, 5,7 milioi litrorekin eta %9,2ko beherakadarekin. Estatu Batuek, ordea, %13,74 gehiago erosi zuten Errioxako ardoa. Horrela, 5,4 milioi litro erosi zituzten, 29 milioi eurotan.