argia.eus
INPRIMATU
Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin
Hasier Etxeberria 2021eko uztailaren 19a
Osagaiak:

8 amuarrain ertain
Urdaiazpiko serranoa edo iberiarra, 8 xerra
Irina
Gatza
Oliba olioa, frijitzeko
2 baratxuri ale


Ongi garbituko dizkigute amuarrainak arrandegian, tripak kendurik. Gatz pixka bat eman eta urdaiazpiko xerra bana sartuko diegu sabel barruan. Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztitan gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta amuarrainak sartuko ditugu, irinetan azala igurtzi eta gero. Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren. Minutu bat alde bakoitzeko, tamainaren arabera. Bizpahiru txandatan egingo ditugu amuarrainak, olioaren tenperatura apal ez dadin. Xukatu eta berehala zerbitzatu egingo ditugu, gorri eta kraskatsu. Gaiarrek bere Erronkariri «uskaraz» kantatzen zionean baino gusturago geldituko gara gu amuarrainak jandakoan.

Gurina nola gorde
Koipe oparoa da gurina, baina kontu handiak behar ditu. Lehenik, argi eta garbi jakin bedi gurina ez dela betiko, hau da, une batera ezkero mindu egiten da, hozkailuan luzaroan edukitzen badugu, mindu eta hondatu egingo zaigu. Egun, bilgo ezin hobeetan aurki dezakegu merkatuan, argitasun, hezetasun eta usainen ekinetatik babestua. Gainera, hozkailugileek oso erraz jartzen digute guztia, eta kutxatila bereziak lantzen dituzte, tapa eta guzti, gurina hotzean egoki egon dadin. Eta horregatik ere, hondatzen bazaigu gurina, bada… garbi dago, arduragabe batzuk gara.
Badakigu, beraz. Gurinak ere bere iraungitze data du, ongi tapaturik egon behar du, usain arraroetatik urrun »denak harrapatzen ditu, utziz gero», ongi itxirik eta… hitz batean: esne-mamitan.