argia.eus
INPRIMATU
Akulamendiaren atarramentua
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Oreinen makakorroekin nahasirik adarren kinkateko hotsa entzuten da garaitsu honetan mendian. Baina ez dira adar hots bakarrak. Akulamendi edo arkanbele arrek ere adarkadaka bereganatzen dute emeen konfiantza. Akulamendia intsektu izugarri handia da eta beldurtzeko moduko adarrak ditu. Inguruan hegan badoa ederki sentituko duzu. Itxuraz, umatutako fruituen zukua eta zuhaitz eta zuhaixken izerdia zurrupatuz elikatzen dira. Azken honetarako enborreko berezko edo bere matraila indartsuekin egindako zaurietako jarioak baliatzen dituzte. Batik bat ilunabar aldera ikusten dira, uda partean gehiago. Emeek hogei bat arrautza erruten dituzte, banaka banaka, hildako zuhaitzen azaleko zirrikituetan. Hauetatik pare bat edo lau aste bitartean harrak sortuko dira. Har hauek urtebete eta bost urte artean biziko dira intsektu heldua garatu arte. Har hauek usteltzen ari den egurra janez bizi dira. Ihartu berria ere ez dute jaten. Elikadura honen oinarria hesteetako txoko berezi batean apopilo mantentzen dituzten bakterio batzuen laguntza da; bakterio hauek egurraren zelulosa molekula erraldoiak desegiteko gai dira.

Agi denean, batez ere haritza eta bere senide ametza, artea eta abarren egurra dute gustuko har hauek. Europa osoan intsektu hauen etorkizunari buruzko kezka izugarria zabaltzen ari da azken aldi honetan: gero eta pinudi eta eukaliptadi gehiago landatu, basopea erre, basoetan gero eta egur gutxiago usteltzen utzi eta urtetan bizitzeko beharrezkoa duen habitat berezi hau gero eta sakabanatuagoa da. Ondorioz babestutako espezie eta bere habitat berezia babestu beharrekoa den espezie gisa izendatua da. Bestetik merkatu beltzean izugarri ordaintzen da intsektu bitxi hau, Japonen batik bat, 800 eta 20.000 euro artean. Berrogeita hamar urte baino lehenago erabat desagertuko dela dema egin duen zientzialaririk ere bada. Ingalaterran gai honi buelta asko eman dizkiote eta inon baino informazio zehatzagoa dute akulamendiaren benetako egoerari buruz. Akulamendiaren etorkizunarekin kezkatuta dauden tokietan egurra basoetan usteltzen uzten hasi dira. Hemen auskalo noiz...