argia.eus
INPRIMATU
Zaborretatik pasarelara
  • ...eta pasarelatik kalera. Horixe da jendeak botatako arroparekinSegunda mano, Bilbao solo ekimenak irailaren 20tik 25era egin duena. Consonni arte erakundeak gonbidatuta, Andrea Crews kolektiboak bigarren eskuko arropa birziklatzeko tailerra paratu zuen Erriberako Merkatuan.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 27a

Irailak 20, astelehena. Bilboko Erriberako merkatuaren goiko solairuan, bilbotarrek zakarretara botatako 3 tona arropa mendi bat osatuz. Inguruan diseinatzaileak, batzuk oso ezagunak, beste batzuk ikasketak amaitu eta diseinuaren munduan hasi berriak, eta badira inoiz ezer diseinatu eta josi ez dutenak ere. Baina tailer hau nahi duen ororentzat dago zabalik. Andrea Crews kolektibokoak ere bertan dira, Frantziatik etorriak, eta ekimenaren sortzaile Maroussia Rebecq ere bertan da, batzuekin eta besteekin bere esperientzia konpartitzen. Inguruan dira, halaber, Jazkilan enpresako jostun profesionalak, euren maila teknikoa diseinatzaileen zerbitzura jartzeko prest.

Irailak 25, larunbata. Bost eguneko tailerraren ondoren eta toki berean, emaitzak erakusteko desfilea antolatu dute Modorra ekimenaren barruan, baita piezak saltzeko enkantea ere. Jendeak ederki erantzun du; 100 lagunentzako aulkiak ipini ondoren, 300dik gora pertsona hurbildu dira. Enkantean pieza asko saldu dira eta erosle gehienek jantzi berrituak erabiltzeko asmoa agertu dute. Ordutik aurrera, hiritarrek armairu zokoan utzitako arropak kalean dira berriz, hiritarren soinean.

Mundu guztian kontsumo ohiturak astintzen

Frantziako Andrea Crews kolektiboa duela 5 urte hasi zen honelako proiektuekin. Bordelen burutu zen lehenik, eta handik Paris, Berlin, Mexiko, Bali eta Jakartara zabaldu zen. Azken geldialdia Bilbon izan da. Toki bakoitzean, bertako erakunde batek hartzen du beregain tailerraren antolaketa eta bakoitzak bere nahi eta beharretara moldatzen du. Gurean, Consonni aritu da Andrea Crewsekin elkarlanean.

Diseinuen atzean, sormen artistiko hutsaren atzean, Bilbao solok badu dimentsio kritikoa: gure kontsumo ohiturak astindu nahi ditu, gizarte honentzat zaborra dena diseinu berri eta eramangarri bihurtuz.

Maroussia Rebecq Andrea Crews-eko sortzailea gustura agertu da tailerrarekin: «Jende asko hurbildu da eta maila polita ikusi dut». Gainera Andrea Crews, Consonni, jostunak eta diseinatzaileen arteko elkarlana oso positibotzat jo du. Diseinatzaileen artean Miriam Ocariz, Alicia Rueda, Angel Vilda, Cecilia Sörensen eta beste hainbat izen ezagunek hartu dute parte. Baina Rebecq-ek argi utzi nahi izan du, berak diseinatzaileak aipatzean denak kontuan hartzen dituela: ezagunak, ikasten ari direnak, lehen aldiz mundu honetara hurbildu direnak...

Jone, esaterako, Donostiatik hurbildu zen tailerrera. Diseinua Madrilen ikasi zuen gazteak koadrozko alkandora batekin galtza batzuk egin ditu eta haurrentzako soineko bat helduentzako peto motz bihurtu. Madrilen josten ikasi zuen, baina Jazkilaneko jostunen mailarik ez duela dio, haien laguntzari esker egin ahal izan dituela piezak.

Rosa Jazkilan jantzigintza enpresatik etorritako jostuna da eta oso gustura egon da tailerrean: «Guk urte asko daramagu konfekzioan lanean eta asko dakigu, gazteek ordea ez dakite hainbeste teknikaz. Guk hori ematen diegu. Eta haiek guri, eguneroko lanean beti gauza berdintsuak egiten gabiltzanoi, ideia berriak, freskura, aldatzeko aukera».

Tailer iraunkorra

Consonniko kideak gustura agertu dira ekimenaren balantzea egiterakoan. Diseinatzaileen lana goraipatu dute, bitxikeriez gain, batez ere formulak sortu dituztelako, errepikatzeko errazak diren ideiak, ekimenaren helburua ederki ulertu zutenaren seinale. Baina aurrera begira erronka handia ipini dute: tailerra iraunkorra bihurtu nahiko lukete. Horretarako Berohi kooperatibarekin hitz egin beharko lukete »haiengandik jaso dute tailerrerako arropa» eta batez ere produkzioak erosleak izango lituzkeela ziurtatu. Horretarako froga ederra izan zen larunbateko desfile-enkantea. Ez zen modelo profesionalik izan, baina badirudi kaleko jendeak ederki erakutsi zuela arropa. Rafael Brancas profesionalak zuzendutako enkantea hotz samar hasi bazen ere, jendea animatzen joan eta azkenean, 40 piezatik gora saldu zituzten. Prezio merkeek akaso lagunduko zuten, 3-5 eurotan eros baitzitezkeen gauza batzuk eta garestiena 30 eurotik ez zen pasa.

Bertaratzeko aukerarik izan ez zutenek, oraindik aukera dute tailerreko diseinuak Bilboko AI dendan ikusi eta erosteko. Eta emaitzak ikusita, batzuek lezioa ikasiko zuten: «Hau ezin da erabili» esanda arropa zakarretara bota baino lehen, bi aldiz pentsatu.