argia.eus
INPRIMATU
Larritasunak
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Jota bota du bere burua harresitik gazteak, bere bizi oinazetuari bukaerarik eman ezinik edo. Ingurua tortura-gune, ez dio nonbait beste irtenbiderik aurkitu jasan ezineko egoerari eta bere buruaz beste egitea erabaki du. Horretara emanak beti du non, nola eta noiz gauzatu erabakitakoa. Guztiok dugu ezagutu lagunen iseka, edo eta parte hartzaile izan gara norbait larrutzeko orduan. Gure gaztaroan, eskola baino kalea genuen gure lege-leku, oraingo porlanaren inbasioak eskolara mugatu duena. Hondarribiko Jokinena, bere izugarrian, ez zaigu berria egin, gure auzoan holakoen lekuko izan baikinen. Argentinan ez bezala, bukaerak bilakatu du biktima, ordu artean pairatutakoen borreroak seinalatuz. Argentinan aldiz, bukaerak bilakatu du, omen torturatua borrero, borreroak eraso eta hil batzuk eta larri zauritu besteak erabaki duenean. Egoera bereko bi bukaera ezberdin. Ez diegu gizarte hoberik eskaini gure seme-alabei. Bere jorian, narotasunean, hau ez da guk ezagututakoa baino sanoagoa, ahula azkarragoa izaten lagunduko zukeen amestutako hura. Inoiz ezagutu dugun eskola arduratsuena omen dugu, inoizko demokratikoena, parte-hartzaileena. Hala uste genuen, horretara gindoazen kilometroka. Guraso eta irakasleen eskola ez ote dugun beldur naiz.