Irakaslerik gabe ikasten


2021eko uztailaren 28an

Ordutegi estuen menpe bizi gara, eta ez dugu astirik nahi genukeen guztia egiteko. Helduen euskalduntzeak ere igarri ditu azken urteetan gure bizimoduak nozitutako aldaketak, eta irtenbideak bilatu behar izan ditu lanagatik, edo auskalo zergatik, betidaniko eskola arruntetara joateko aukerarik ez dutenentzat. Halaxe hasi gara orain urte batzuk guztiz arrotz zitzaizkigun hitzak entzuten: autoikaskuntza, e-learning, online irakaskuntza… Sarritan, kontzeptu horien arteko mugak lausoturik agertzen zaizkigu, eta ez dugu garbi non hasi eta non bukatzen den bakoitza.

Irakaslea eta ikasleak leku eta une jakinean elkartzen diren eskola tradizionala ez den guztiari autoikaskuntza esan dakioke. Askotan, teknologiaren aroan bizi garelako beharbada, Internetekin eta ordenagailuekin lotzen dugu hezkuntza mota hori, baina ez du zertan hala izan. Andoni Tolosa AEK-ko autoikaskuntza arduradunaren iritziz, "ikasleak berak antolatzen duen eta bakarrik diharduen ikas-prozesua da autoikaskuntza". Izenak berak dioena, azken batean. "Ordenagailurik gabe ere egin daiteke, eta izatez guk eskola tradizionaletako material berak »liburuak, fotokopiak…» erabiltzen ditugu", azpimarratu du Tolosak, "baina egia da informatikak asko errazten duela bakarkako lan hori".

Erratzeko beldurrik gabe esan daiteke gaur egun euskara irakasteko bide hau jorratzen duten guztiek informatika-euskarriren bat eskaintzen dutela. Gehienetan, gainera, euskarri hori da metodoaren oinarria. Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusiaren hitzek argi utzi dute: "Autoikaskuntza zentro batek, homologazioa lortzeko, ikaslearen ikas prozesu osoa garatuko duen software bat behar du besteak beste, hutsetik hasi eta EGAra arte gutxienik".

Gaur egun hainbat programa informatiko daude euskara bakarka ikasteko, horietako batzuk HABEk berak sortuak. Hala dira, esaterako, AEK-k darabiltzan Boga eta Hezinet. Zelangura, Andoni Tolosak halako programek daukaten malgutasun eskasa salatzen du: "Ariketen erdia asmatu duzu eta beste erdia huts egin, esaten dizu programak. Eta zer? Horrek ez dio aukerarik ematen ikasleari bere interpretazioa egiteko. Guk halako euskarriak erabiltzen ditugu, baina guretzat tresna hutsa dira. Beharbada ondo daude batzuentzat, EGAko ikasleentzat adibidez. Horiek ariketa asko egin behar dituzte, eta emaitzak ezagutu. Hori egiteko programa informatikoak badaude, eta batzuk txukunak, ez dut ukatuko, baina euskal hiztunak sortzea ez da hain erraza".

Irakasle birtuala

Bai&by 1998an sortu zen, Didaktiker taldearen eskutik. Gaur egun, euskara eta ingelesa autoikaskuntza bidez irakasten dute. "Ez dugu besterik eskaintzen, ez daukagu eskola tradizionalik", dio Entzi Zubiri Didaktikerreko zuzendariak. Izan ere, ez zuten autoikaskuntzaren aldeko apustua egin ikasleari malgutasuna eskaintzeko, hezkuntza mota hori eraginkorragoa dela uste zutelako baizik. "Didaktiker 1991n sortu genuen euskararen irakaskuntzan genbiltzan hainbat lagunek, porrot itzela zegoela ikusten genuelako", azaldu du Zubirik. "Ikasle onek ikasi egiten dute baina txarrek ez, taldearen erritmoari eusteko arazo handiak dauzkatelako. Eta adimen artifizialaren bidetik jo genuen, guztiz beharrezkotzat jo genuelako ikasle bakoitzak tratamendu pertsonalizatua edukitzea".

Adimen artifiziala da, beraz, Didaktikerrek eskaintzen duen irakaskuntzaren ardatza. 1991n sortu zuten Ikastxip izeneko lehen eredua, eta apurka-apurka gaur erabiltzen duten sistemaraino ailegatu dira. Zubirik dioenez, "guk erabiltzen dugun programa irakasle birtuala da. Gure ustez, informatikak egin dezakeen ekarpena ez da bakarrik aldiberekotasunean lan egiteko aukera (Internet bidez eta abar), adimen artifiziala baizik. Askotan, autoikaskuntzak ikaslea oso bakarrik dagoelako huts egiten du. Irakasle birtuala edukita, hori saihetsi daiteke. Alegia, ikas prosezuaren jarraipena egiten duen eta ikasteko estrategiak diseinatzen dakien programa informatikoa"ren bidez. Didaktikerreko zuzendariaren berbetan, irakasle birtualak ikasle bakoitzaren beharrak ezagutzeko gaitasuna dauka, eta horren araberako ikasgaiak moldatzekoa ere bai, ikaslea okerren dabilen arloetan lan handiagoa eginaraziz.

Izaskun Larrieta Bai&by-ko zuzendariaren iritziz, ezin da konparaziorik egin betiko irakaskuntzaren eta autoikaskuntzaren artean, bakoitzaren arrakastari dagokionez behinik behin: "Autoikaskuntzak urte gutxiegi darama oraindik indarrean". Alabaina, Bai&byko ikasleek joan den ikasturtean lortutako emaitzak oso onak izan direla adierazi du. "Eta ordu gutxiagorekin gainera. Bakarkako lana trinkoagoa da beti". Entzi Zubirik dioskunez, HABEk ezarrita dauka 2.300 ordu behar direla euskalduntzeko. "Gurean 1.500 ordu baino gutxiago da".

Emaitzak eskola arruntean baino hobeak

Bai&by-koak ez dira autoikaskuntzaren aldarria egiten duten bakarrak. AEK-ko Andoni Tolosak ere irakaskuntza tradizionalak baino emaitza hobeak ematen dituela dio: "Gu behartuta hasi ginen autoikaskuntza eskaintzen, euskaltegietan taldeak osatzeko arazoak geneuzkalako. Gaur egun hamabost euskaltegitan eskaintzen dugu autoikaskuntza, eta emaitzak beti dira eskola arruntetan baino hobeak. Autoikaskuntzak dauzkan balore berriak irakaskuntzan, oro har, txertatzen jakin beharko genuke. Batez ere irakaskuntza ikasle bakoitzaren neurrira egokitzeko aukera".

Laudorio sorta ederraren ostean, pentsa liteke autoikaskuntzak ez duela akatsik, baina ez da hala. Batetik, ikaslearen borondate handia behar da. Bestetik, mintzamena lantzeko aukera gutxi ematen du. Horregatik, autoikaskuntza eskaintzen duten zentro guztiek mintza-saioak eta tutoretzak edukitzen dituzte. Are gehiago, homologazioa nahi duten autoikaskuntza zentroek "bermatu egin beharko dute mintza-saioak eskaintzen dituztela, hizkuntz-trebetasun guztiak era orekatuan lantzen direla ziurtatze aldera", HABEko zuzendari Jokin Azkuek esan digunez.

Autoikaskuntza atzerrian
Ipar zein Hego Ameriketako zenbait Euskal Etxek HABEren sistema informatikoaren bidezko irakaskuntza eskaintzen du. Ipar Amerikan bizpahiru elkartetan baino ez daude tutoreak eta HABEren asmoa Euskal Etxe bakoitzak irakasle bat izatea da. Mintzamenari dagokionez, ikasleek dagokien Euskal Etxean lantzen dute, ahal badute behintzat.
Mintzamena lantzeko ezintasuna da, euskara irakasteko oztoporik handiena. Gainerakoa, Interneti esker, erraz samarra da. AEK-ko Andoni Tolosaren ustez, arazo hori azkenetan da, urte gutxira bideokonferentzia erabiltzea nahiko erraza izango delako. Hala, Australian edo Argentinan dagoen ikasleak bitarteko guztiak edukiko ditu Euskal Herriko euskaltegietan izena emateko.

Jokin Azkue, HABEko zuzendari nagusia: «Oraingoz ezin daiteke konparaziorik egin irakaskuntza tradizionalaren eta autoikaskuntzaren artean»
Behinola, kazetari batek esaldi hau egotzi zion Jokin Azkueri: "Online euskaltegiek zenbait offline euskaltegi ordezkatu beharko dute". Guri egindako adierazpenetan, ordea, Azkue ez da baieztapen horrekin bat etorri: "Ordezkatu ez, osatu baizik".

Euskara ikasten ari direnen zein portzentajek darabil autoikaskuntza?
Irakaskuntza tradizionalak askoz garrantzi handiagoa dauka oraindik. Gaur egun, %6-7 inguru ari da autoikaskuntzan, baina kopuru hori azkarrago hazten da bestea baino. Are gehiago, ohiko hezkuntzak beheranzko joera agertu du, iaz beherakada zertxobait moteldu bazen ere. Autoikaskuntzari dagokionez, urrirako EAEn 40ren bat zentro egongo zirela zioten aurreikuspenek. Zentro berriak sortzeko eskabide asko ari zaigu iristen.

Zein irakaskuntza motak ematen ditu emaitza hobeak?
Oraingoz ezin daiteke konparaziorik egin. Urtez urtekoa egin genezake, baina ez orokorra, autoikaskuntzari dagozkion datuak azken lau urtekoak baino ez direlako. Euskalduntze prozesua hori baino luzeagoa da eta beraz, oraindik ez dakigu, irakaskuntza tradizionalaren kasuan dakigun bezala, autoikaskuntzarekin zenbat ordu behar dituzten ikasleek goiko mailetara iristeko.

Hala ere, autoikaskuntza gutxienez bestea bezain baliagarria dela esan liteke?
Ikasten dutenek eta saiatzen direnek aurrerapen nabarmenak dituzte. Oro har, metodo eraginkorra dela esan daiteke, beti gogoan izanda horrez gain mintzamena landu behar dela.


Azkenak
Greba eguna dute Ipar Euskal Herriko funtzio publikoan

Frantziako Gobernuaren aurrekontu proiektuan Gizarte Segurantzan egitekoak dituzten murrizketak salatzeko mobilizazio eguna dute ostegunean. Manifestazioa abiatuko dute 10:00etan Baionako geltoki aitzinetik.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak irekiko ditu ostegun honetan, ikasleen bisitarekin batera

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako.


Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira

Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]


2024-12-04 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Muga-zergak ezarriko ote zaizkio unibertsitateko talentuari ere?

Ipar hemisferioan ikasturtea hastearekin batera izan ohi den albiste-zaparradan argitaratu zen duela astetxo batzuk: aspaldiko urteetan ez bezala, txinatar jatorriko ikasleak (275 milatik gora) ez dira jada ugarienak Estatu Batuetako unibertsitateetako atzerriko ikaslerian;... [+]


Urduñako espetxe frankistako biktima gehiago deshobiratzeko lanak abiatu dituzte berriro

Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.


2024-12-04 | Julene Flamarique
Autonomo faltsuen lan eredua aldatuko duela esan du Glovok, jabea epaitua izan baino egun bat lehenago

Sei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete Oscar Pierreri langileen eskubideen aurkako hainbat delituengatik. Epaiketa asteartean izan da Bartzelonan, eta astelehenean iragarri du legearen pean kontratatuko dituela 15.000 rider. CGT sindikatuak “fiskaltzaren aurrean... [+]


2024-12-04 | Tere Maldonado
Biraka jarraitzen du gurpilak

Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]


Ikusezin

Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]


Euskara mailu bat da

Neronek esan nezake, baina Macronek esan zuen. Frantses nazioa zatitzeko tresnak omen dira frantsesa estatu hizkuntza bilakatu baino lehenagotik ere exagonoan baziren hizkuntza horiek. Aitortu ordez Frantziak hizkuntza horietako hiztunak azpiratu, uniformizatu eta asimilatu egin... [+]


Materialismo histerikoa
Beteta

Bata bestea irentsiz gordetako azken galtzerdi parearen ondoren, ezin izan nuen kaxoia itxi. Horrela zegoen, gaizki itxita, bi astez jada, pijamena (pijamen tiraderan, oparitutako hiru izan ezik, ez dago pijamarik; “etxerako” kamiseta eta galtzaz beteta dago). Atera... [+]


Eguneraketa berriak daude