argia.eus
INPRIMATU
Gizonek ere gero eta «buruko min» gehiago dute gauez
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 20a

Hiritar gehienak (%32) "oso gogobeteta" edo "nahiko gogobeteta" (%54) omen daude euren sexu-harremanekin. «Gutxi" edo "batere ez" gozatzen ez dutela diotenak berriz, hurrenez hurren, %11 eta %3 dira. Horixe da "Hiritarra sexuaren aurrean: egiak, errealitateak eta mitoak" izeneko txostenaren ondorioetako bat.
Txosten horretan Espainiako estatuko 25 urtetik 45era bitarteko gizon-emakumeen joera sexualak aztertzen dira, hiritarrei egindako 1.200 elkarrizketa baino gehiagoren bidez. Espainiako Sexologiako Elkarteen Federazioak (FESS) plazaratutako ikerketaren arabera, inkestatutakoen erdiak baino gehiagok (%51k) astean bizpahiru aldiz omen ditu sexu-harremanak, %20k astean behin, eta %12k dioenez, egunero. Emakumeen artean %34 "oso pozik" omen dago bere sexu-harremanekin, baina gizonetan %29 besterik ez dira hori diotenak.
FESS elkarteko presidentea den Antonio Casaubón-en esanetan, "geure gizartean irrika produktibista dago sexuaren inguruan, eta itxura batean plazer asko eta orgasmo asko eragin beharra dago". Horregatik, gero eta gehiago omen dira "buruko mina duten gizonezkoak", hau da, harreman sexualei aurre ez egiteko aitzakiak jartzen dituzten gizonen portzentajea, bere bikotekidea gustura utziko ez duen beldurrez. Euren sexu-harremanen maiztasuna ez handitzeko aipatutako arrazoien artean denbora-falta (%18), lana (%15) eta nekea (%9) dira inkestaren arabera. Gizonezko askok beste jarduera batzuk jartzen dituzte sexuaren aurretik, gimnasiora joatea, esaterako.