Duela oso gutxi arte, burtsan kotizatzen zuten bakarrak banketxeak, siderurgiako enpresak, higiezinen agentziak, mahastigintza eta ardogintzako enpresak eta abar ziren. Kazetaritzako enpresek ez zuten kotizatzen. Alabaina, zenbait komunikabide, batez ere telebista kateak eta egunkari oso garrantzitsuak, hasiak dira Espainiako estatuko burtsan kotizatzen. Badirudi negozio ona dela gainera. Oraingoz burtsan kotizatzen hasi den azken komunikazio enpresa »jadanik bosgarrena» Telecinco telebista katea da. Correo Español eta ABCk osatzen duen talde euskal-madrildarrak kate horren kapitalaren zati handi bat kontrolatzen du, %13 hain zuzen ere. Joan den ekainaren amaieran sartu zen burtsan aipatutako komunikabidea. Eta ez da azkena izango, Vocento talde euskal-espainiarra ere burtsan sartzekotan baita. Vocento taldea eratu zenean, duela hiru urte, taldeko arduradunek adierazi zuten burtsan sartzeko asmoa zutela, baina horretarako une egokiaren zain daude. Agian urte honen bukaera baino lehen emango dute burtsarako jauzia.
Orain arte ondorengo komunikabideak sartu dira Espainiako estatuko burtsan: Sogecable 1999ko uztailean hasi zen kotizatzen. Akzio bakoitzaren hasierako prezioa 23,5 eurokoa izan zen, eta artikulu hau egin zen unean 35,56 euro balio zuen akzio bakoitzak. PRISA, El Paísen argitaratzailea eta Sogecableren akzioduna 2000ko ekainean hasi zen kotizatzen. Gaur egun 14,39 eurotan kotizatzen da bere akzio bakoitza. Recoletos taldea ere 2000. urtean sartu zen burtsan. Bere akzio bakoitza gaur 5,85 eurotan kotizatzen da. Azkenik, 2003. urtean Antena 3 televisión sartu zen burtsan Telefónicako akziodunen artean tituluak banatuz. Gaur egun 41,50 euro balio du bere akzio bakoitzak.
Berlusconiren Telecinco eta Vocento
Italiako lehen ministroa, Silvio Berlusconi, buru duen Telecinco telebista kate pribatuko administrazio kontseiluak aurtengo martxoaren 17an erabaki zuen 2004. urtea bukatu baino lehen konpainia burtsan sartzea. Horretarako, konpainiaren kapitalaren %34,59ko balioa daukaten akzioak saltzeko eskaintza publikoa egin zuen. Akzio bakoitzaren hasierako prezioa 10,15 eurokoa izan zen. Beraz, konpainiak burtsan daukan kapitalizazioa 2.300 milioi eurotik gorakoa da. Konpainia burtsan sartu zen egunean, ekainaren 24an, akzioen balioa %23 hazi zen. Hau da, akzio bakoitza 12,50 eurotan kotizatzen hasi zen. Gaur egun duen helburu nagusia IBEX 35 burtsa indizean sartzea da, jadanik kotizatzen baitu Madril, Bartzelona, Valentzia eta Bilboko burtsetan. Erabaki hori aho batez hartu zuten konpainiaren lau akzionistek: Mediaset »akzioen %52 dauka», Vocento taldea (%13), Dresdner Bank (%25) eta Ice Finance Holandako funtsak (%10). Ez Vocento taldeak eta ez Mediasetek, bietako inork ez du telebista katean daukan parte hartzea murriztu nahi izan. Beraz, salgai jarritako %35eko kapitala Alemaniako Dresdner Bank-en eta Ice Finance-ren parte hartzeetatik dator.
Alejandro Echevarria da Telecincoko administrazio kontseiluaren buru. Echevarria garai batean Correo Españoleko kontseilari delegatu eta Vocento taldeko kontseilukide izan zen. Hortaz, Vocento taldeak zeresan handia du Telecinco telebista katean. Ez da ahaztu behar lehen Correo Español eta orain Vocento taldea denak ABC-rekin batera, kapitalaren %25 kontrolatzen zuela. Mediaset taldeak, hau da, Berlusconik kontrolatzen duen erraldoi italiarrak, telebista katean zeukan partehartzea handitzea lortu zuen 2003ko urtarrilean, Vocento taldearen kapitalaren %12 erosiz. Operazioa 276 milioi euro ingurukoa izan zen. Kopuru hori finantza inbertsio berriak egiteko erabili du talde euskal-espainiarrak. Operazio horren bidez, Mediaset Telecincoren bazkide nagusi bilakatu zen.
Telebista pribatu errentagarriena Telecinco da telebista kate pribatu errentagarriena. 2002. urtean 633 milioi euroko diru sarrera gordinak lortu zituen; kopururik handiena, 585,50 milioi, publizitateko fakturaziotik. Era berean, 85,8 milioi euroko etekin garbiak izan zituen »aurreko urtean 112,1 milioi eurokoak». 1.160 langile ditu, eta 2003ko ekitaldia 122,6 milioi euroko etekin gordinarekin bukatu zuen. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, %42,7ko hazkundea izan zuen beraz. Publizitatearen bidez 633,5 milioi euroko diru sarrerak izan zituen lehengo urtean »2002ko ekitaldian baino %11,7 gehiago». Telecincok 2004ko lehenengo hiruhilekoan lehengo urteko garai berean baino %105 emaitza hobeak lortu ditu zergen aurretik, izan ere 28,3 milioi eurotik 58,1era pasatu baita.